Gaur ilgora

Ilberri ttiki lardaxkero honengandik ilgora pausoaren zain nago. Noiz den zehazki? Gauerdi bidean, hortxe! Hamaikak eta 3 minututan, eguzki ordua zaintzen dugunontzat; gauerdian sartu eta 3 minututara, bestela. Eskerrak eman beharrean gaude ilberriari: portatu da esku banatan euria bezala elurra ekarriz.

Ilargia goraka indarrean ilgoratzean, halaxe egokitu oraingoan ere, prezipitazioak (euri, kazkabar, txingor, elur, elurhauts, elurpikor, kaxkabiko, elur bisuts eta beste) hortxe baretu dira arratsalde erdirako, eta orain kixkurtuko dira denak. Kizkurtu, halaxe diot propio, ilgorak hotza dakarrelako ondorio. Ilgoraren ondorio? Ez presiski. Haize gorriaren ondoriotan, hobeki. Hala iragarrita zegoen, nola arratserditik tenperaturak behera egingo zuten. Arratseko seirak pasa direneko, -4’5 daukagu dagoeneko Arantzazun. Frantziparra edo ipar-ekialdeko haize gorria eta ekialdeko haize gosea, ahul, xume baina trinko eta temati espero dezakegula gaur gauetik aurrera. Horrek gauak eta goizak hoztuko dizkigu nabarmen: tenperatura baxuen berri izango dugu goiz batzutan. Zeru garbiak baino lainoz zikinduak gehiago estimatuko lirake hurrengo astean. Hori bai: haize gorriak, haize goseak, apenas euririk, aukeran!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude