Santutegia aitzaki

Aspaldi batean apenas egunik, santuen izendapenik ez zuenik. Gaurko igande honena San Pedro Nolaskorena genuen. Gaur ez, baina lehenago bazuen ospe ta jaierarik nonbait, azken Kontzilioak entresaka ta inausketa kupidagabea santutegian egin zuen artio. Nor ote genuen Nolaskotar Pedro hau?

Montserraten egin zituen ikasketak eta Bartzelonan bizi zela, XIII.mende hartan, gatibuak zientoka omen zirenez, ezin jasan gajo haien penaz eta, Ama Maria Mesedeetakoen Ordena sortu zuen elizaren baimenarekin, Mertzedarioen lekaide-lekaimetza bideratuko zuena, Espainiatiko eta Maroko aldeko gatibuak libratu asmoz.

Santu katalauniar mesedegile honen jaiera euskaldunon artean ere zabalduxea zen nonbait. Hau diot, gure atsotitzen zerrendan pare bat pozarren topatu ditudalako: kostaldekoa bata, barrualdekoa bestea. Gure asaba sano haiek, sagardotegian nahiz portuko txokoan, bazekiten umore onez kontuak esaten: San Pedro Nolasko, arrainik ez, olatu asko, ziotsaten portuko arrain gura (ez arrenkuraz) eta ezinen garaian. Eta baserri aldetikoa bestea, patxada gehiagoz, kaxuela eta sagardo-pitxarraren aurrean: San Pedro Nolasko, aragi gutxikin salda asko! Negu gogorren bateko kontsueloak akaso…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude