Jakin beharrekoak

Lurraren berotzea ikusgarria omen da. Hala ari zaizkigu hedabideak. Ondo dago ohartarazteko balio duen neurrian. Katrinak, bere kalteen pixuaren arabera, balio izan zuen lepagogor batzuei burua apur bat makurrarazteko. Moskuko zooko artzen logale falta nahiz hango urtarrileko tenperaturaren koska, nabarmenak diren neurrian, berotze arazoaz ohartarazteko baliagarri zaizkigu, zalantza izpirik gabe.

Baina, tenperatura kontu honek baditu bere

Alegr

Beharrak eta besteren mende bizitzeak, asko balio izan die berenez buru argi axkarrekoak izan direnei. Lehenago, komentu jendez jantziak genituenean, gazte estudiante ginenok beti harritzen gintuen ermano xahar batzuen jakitate ihartuak. Jakina, anaidi bateko pasadizo argi bezain leziodun haietakoak, batetik bestera agudo pasatzen genituen, algara bat merezi zuen errespeto tamainakoan. Hala, anaidi batean, garai eta sasoi haietako nagusi ponpoxo ofizialetako baten eguna zetorren: fraileak egun hartan izango zuten otordu berexia eta kafea eta, ametsetan zebiltzan aste pare bat aurretik. Hiruzpalau egun lehenago, ermano baten eguna zela eta, iloba kuttunek ekarri diote oparitxorik. Dena nagusiaren eskutatik pasa behar zuenez, – Jontxo! Hauxe bai egokia nire egunerako!

Eta hala, ospatu dute nagusiaren egun hori, etxafuegoak ez gainerako, festagiro eta oles! Halako batean, kafea eta kopa tartean, gure ermano xaharrari, besteak baino serioxeago nonbait eta, galdetu diote bere parezerra. Naparra izaki, hor bota du berea:

Alegr

Urtarrileko ilbehera

Adar mardul bat edo beste kimatzen, inauste-lanak egiten ikusi nituen atzo baserritar pare bat. Ilbeherak hartarako deia egin ohi dio baserriko langile laborariari, areago sasoi eta aro aurtengo hau urtarrilaren bihotzean bizi dugunean. Fijo samar ikusten da, eta halatan jarrai nahi duela dirudi, tenperatura koxka ttikiren batzuen gorabeheran. Zenbateko koska ekarri nahi ote du hurrengo ilberriak?

Hori hurrengo laurdenka txatalean aurrikusten saiatuko gara. Gaurko honek, zer? Eguerdiko ordubiak laurden gutxian sartzen gara ilbeheran, Libra zodiako ikurrean. Airea eta lorea ditu Libra ikurrak elementu ezaugarriak. Hartarako proportzioak izanen dituela, hala dirudi, bai airearen aldetik, epel eta garbi ibiliko delako, antizikloia lagun. Izotz kirri fintxoa goizetan ibar eta errekondoetan, sendoxeago laiotzenetan, baina alderanzketa termikoari esker, 450 metrotatik gora, epelalditxoa espero da asteburua pasa arte, eta freskoxeago handik aurrera. Herenegun eta atzo tximeleta hegalari bakan batzuk ikusten ziren haize babesetan. Euriaren prezioa gora doa. Estimua ere hala joango al da!

Bihar ilbehera?

Nire kontuen arabera, 9.elurra, ilbeherak desbideratu diguna. Azaroaren 25ean, laugarren elurtea non galdu zen galdezka banintzen, nire agendako kontuen arabera, gaurkoa da 9.a, Belendik Magoek bezala, beste nonbaitetik ezkutuka aldegin diguna. Pello, badabil orain ere, bere betiko kontu temosoekin… esango du batek. Begira gure hedabide batean, urtarrilaren 6an, joan den larunbatean euskera garbian argitaratua:

Euskalmetek zazpi eguneko iragarpenak egiten ditu, gehienez. Bestela fidagarritasuna nabarmen murrizten da. Zazpi egun horiei begira jarrita, datorren asteazkenerako (10, gaur) euria iragarri du Adolfo Moraisek. 25na litro inguru asteazkenean, ostegunean eta ostiralean, eta asteazkenean bertan 1.000 metrotik gora elurra, eta hilaren 18rako ere euri iragarpenak daude.

Ez Adolfo lagunak bakarrik, halaxe ikusi nuen neuk ere urruneko mapa batzutan. Mapa fidagarriak dira oso, makina zientifikoekin, datu arrunt zientifikoekin ateratakoak dira… Niri atentzioa solamente, bi data horiek eraman didate: 10, 18… hilbehera bezpera bata, ilberri bezpera bestea. Jakina, ez dakit zergatik sartzen duten honetan guztian gure ilargi amandrea. Ilargi amandrea, zeruan zer berri?

Eguzkia bixkortzen

Santa Luzia eguna aspaldi gelditzen da dagoeneko. Haren aurretik, oraintxe hilabete hasi zen eguzkia arratseko gorakadatxo xumea hartzen. Eta abenduaren 13an, Santa Luzia egunez, azpieneko 16:48 ordu ia fijo hartatik atera eta 16:49 seinalatzen hasi zen. Izan ere, eguzkia bere erretiroa atzeratzean, segundo batzuk berandutuz ibili ohi da. Azaroaren 29-30 eta abenduko 1-2etan, 16:49 du erretiro orduaren minutu zehatza. Eta abenduko 3-4-5-6-7-8-9-10-11-12, egun hauek denak, 16:48 minutu horren barruan bukatzen du bere lana. Azkenean, minutu dontsu hori utzi eta bixkortze seinalea ematen du 13ko santaluzitan. Sasoi honetan ja, arratsaldez minutu airosoa ateratzen dio axkarrean bere buruari gure eguzki gero eta bizkorragoak. Dagoeneko 20 minutu irabazi dizkio arratsari.

Bestela dabil goizetik: temosoago dirudi, edo alferrago, goizez jaikitzea gehiago kostako balitzaion edo. Gaurkoa du azkena, bihar, urtarrilaren 11an justu, saltatzen da goizetik minutuko koxka dontsu horretara. 7:38ra jaitsi zen urtezahar bezperan, abenduaren 30 egun eztandatsuan, eta ordutik, gaurkoa barne, hortxe iraun du 12 egunetan trinko bezain trunko. Bihar konponduko zaio iratzargailua: 7:37an joko dio diana. 3 bat egun ibiliko da minutu horren barruan, eta gero ja, laister harrapatuko du eguneko minutua.

Ilbeltz lehenago, edo oraingo urtarril honen azkenerako zenbat izango duen irabazirik? Begira: goizetik, artean ere indarra hartzen doan eguzkiak13 minutu izango ditu irabazita. Baina, arratsetik, indar betean doake jada: 40 minutu aterako dizkio santaluzitan hartutako abiadari. Denera: 53 minutu, otsailean sartzerako.

Uraren prezioa

Edateko ura kaleak garbitzeko. Jontxo! Banekien Bilbon balio handiko urak zarabiltzatela baina, balorea ere behar da, horrenbeste balio omen duen ur hura hankapera kale zikinak garbitze asmoz botatzeko. Orain hasten naiz ulertzen uraren prezioa preziarazi nahia!

Baina, ur tragotxo bat edatera noa. Tripak eta sabel-barrenak borborka hasi zaizkit. Urak freskatzen nauen tamaina berean, urkontu batzuk berotu erre ta kizkali egiten naute. Maldizio batean prantatzen nau uraren kontuak ur-nagusi anker doilorren kontra. Torizu esplikazioa.

Arantzazu urez hornitu bada, fraileok, duela ia mende osoa jada dirauen bost kilometroko ur-kanala gauzatu genuelako da. Joan den mendeko erramintak erabiliz, harkaitza txikituz, hortzbikoz lurra zulatuz, porlana saskitxotan igoz… kanaltxoa lehen partean, harkaitza ezin zulatu zenean sifoi eginez burnizko hodia… udazkenean horbela garbituko beharko bazen ere. Duela 44 urte, 5 kilometroak hodi lodian ekartzeko modua egingo genuen, den-dena lurpean egoki gordeta.

Bada… dena kendu zitzaigun, 7 xentimo ordainduta. Orduko aitzakiak gogoan ongi iltzatuta dauzkat. Gaur, edozein solairutakoen pare kobratzen zaigu. Urari buruz entzuten ditudanak entzunda, eta uren nagusiek egiten dituztenak jakinda… Beste trago bat, erraiak erreko ez bazaizkit.

Erregalia ote?

2006ko eurikontuak 1 eta 2 argitu eta gero, eguzkikontu edo arotemplekoak ere nahi nituzke argira aterata utzi: eguzki argiaren ordu kopurua, alegia. Euriaren altxor ongarria zenbaterainoko, halaxe txit gustuko baitut beste ongarriemale den eguzkiak zenbat bizigarri bidali ohi digun kontuan hartzea. Horiek biak dira gordetzen ditudan datuak Arantzazun. Ikusi eta jakizue: zuena da epaia. Nik datuak atera, zuek iuia!

Zenbat ordu eguzkitan Arantzazuko eguteran, 2006an? 1953 ordu. Ez dago batere gaizki. Urtarrila bakarrik izan zen, batezbestekoetan, ohikoaren azpitik, 6 ordu faltan ibili zena. Beste 11 hilabeteak, ohikoz gainetik, batez ere maiatza, 75 ordu gehiago eman baitzituen. Baina apirila eta ekaina ere, ia 40na ordu gehiagoz portatu ziren. Udaberriko ur gabeziak izan daitezke orain nabarmentzen hasi direnak.

1953 eguzki ordu zenbatsu den jakiteko, aldera ditzagun beste urte batzuetako kopuruekin. Hara hemen batzuk, gutxienekoak aurrena: 1415 ordu, 1974an; 1433 ordu, 1969an; 1441, 1977an. Gehienekoetara etorriko bagina, bi honako hauek, igoal, gogoan hartzekoak: 1990ean, 1957 ordu, eta 1989an, 2102 ordu. Bi urte horiek ez dira batere akordu onekoak, eguzkiz ondroso eta urez eskas ibilitakoak baitira.

190 milioi SMS

Urtezahar-urteberri, pentsa! 190.000.000 SMS eta gehiago trukatu omen ziren mugikor edo segapototxoen bidez iberiar penintsulan, etorkinen sorterrietaruntz bidalitakoak barru. Bazen esamesik hiruzpalau egun elkar mugante horietan: sikira hori beste aduanarik izan ez balu aurtengo urte aldaketa dontsuak!

Datua, berez, galdera asko sortzeko modukoa da. Zein sasoitako jendea ote esamesetan ibili dena? Adin batetik gora, ez dut uste asko izango zirenik. Baina, beste adin batetik behera, eta ipini zazu nahi baduzu 12-13 urtetatik behera… jakiterik balego! Ez da batere erraza SMS-en beharra eta esamesen jolasa bereiztea: gastua eta alferrik gastatzea argituko genuke igoal… Amenazuzko mezuren bat edo beste ere izango zen tartean, agian, baina mezu maitasunberak auskalo zenbat… gehienak, zalantzarik gabe.

Badakit ume xalau batena: Gurasoak ezin bakean utzi, temati, Ekialdeko Erregeen zenbaki eske. Gazterik idazten ikasteko modu bat ere bada. Gure haurtzaroan, ikastolak artean urrun zirenean, erdera batu halamoduzkoan (euskal berbari S erantsiz) idazten genien erregeei: galtzerdiS, pintureS, konfiteS, suge de turron (kaxa biribil batean zetorren mazapan sugetxoa)… eta dena amak gidatuta idazten genien. Hara gure SMS urterokoa!

Ilbete ahalmenak

Asko esan da, baita idatzi ere, ilbete pottoloaren eragin halamodukoetaz… ez da orain hartaz propialki jarduteko tartea. Baina, atzokoari erreparatuz, lehen bistadizoan, nire goizeko seiretan lehen txundi-tarte ezustekotxoduna izan nuen: Arantzazuko dorreko erloju kanpaia jotasu ari zen. Egunez, noski, askotxok entzuna duzue. Baina gauez isilik mantentzen baitugu, beste erlojuttiki bat medio, jakina, bertan direnen loa eta atsedena lagundu asmoz. Zortzitan ematen dio orduak markatzeari, aimaritakoa eta guzti.

Baina, atzo ez. Atzo, nire erlojuaren seiretan; beste erlojuen zazpirak ofizialagoan jo zuen bere lehen saioa. Galdera sortu zitzaidan bertatik: Aibala! Udako ordutegian sartu ote gaituzte aurten Erregeena baino lehen? Bi ordu aurreratuta hasi baitzen lanean erloju dontsua: zortzi kanpaikadak zintzo emanez, desorduan baino…

Tronpaturik zebilen erloju altungoenekoa. Baina, galderen iturria ez da berehalakoan agortzen: zer demoniok nahastarazi du erloju pausottikikoa? Ilargi beteak? Hau galdetzen dut badakidalako beste erraminta finaskoak nahasi zituela atzo bertan… Eta, mundu honetan hainbat gailu eta gauza, hainbat ate eta bide, erloju fidagarri batzuen kargu dauzkagunean… erloju hain santu horiek, failo ttikienen bat dutekenean, zer? Hainbat ate eta gailu, nuklear mundukoak ere, erlojuttiki fideltasun zerutiardunen orduan sinetsita dauzkagunean… Galderak segida daukate, noski, bertan isiltzerainoko beldurra pizten badizu ere zeure barrubaitako erlojuttikiak…