Ordubete pare bat ordenadorean. Hitzak narrastaka ezin ekarri beren tokira. Tira hemendik, tximatxo bat handik, aditzondo egokiak aldrebestuak irudi, ezin perpausak plegatu… eta oraintxe pizten zaizu parera ezertara ez datorren esaldia tentalari: eta edertzenago doakizu gainera buruan… ezetz, bada, hemen ezetz! Amorrazioa pizten doakizu sabelpe inguruan, ezagutzen duzu atarramentua eta antzematen diozu jokabidea nondik behera amilduko. Urduri usaina dario izerdi punttuari… Ale! Itzali ordenadorea berehorretan eta. Banoa…
Basilikako bake bare luzea… Organoa piztu, soinu xume gozoa aukeratu, pedala xuabe nota fijoan zapalduz, hamar hatzamar urdurien fereka dantza abiatu da teklatuz teklatu. Doinua eihotzen doa, zutitzen, luzatzen, mehetzen, lurruntzen, lurrintzen… Akordeak denak akord… Orduerditxo eskas, Arantzazuko basilikako argiezaren ilunxka xaloan soinu xume buxtiak sortuz, teklaz tekla. Birika barneazpiko arnas lasaituak bihotzaren taupadak ezti barean sosegatu dizkizunean, ari zarena edo bazarena emeki ezaritu zaizu. Soinu gozo hegalariek espazio barrunbe ilunkara lausoa alaitu dute, distira bako argi zehargitan: begiak ilundi ospelean