KK mobilez

Ez pentsa gauza zikinik. Kukua etorri dela. Horixe! Edo, kukuak etorri direla? Kuku guztiak batean aipatzen ditugu, baina talde osatuz eta saldoan etortzen baitira. Kukua entzun diat, esan ohi dugu, bailara batean hiruzpalau jotake ari direnean ere. Etorri, etorri da, bada, kukua. Iritsi da geurera.

Baina, orain esan behar dizut bitxiena, gaur goizerarte burutik pasa ere inoiz pasako ez zitzaidana. Aizue! Kukua mobilez entzun dudala! Bai, bai, orain burutik pasatzen ari zaizuna, horixe: nire tarteko batek, anaietako batek, juxtu, jo mobila eta… aibala! jopelas, hi…! kuku ta kuku mobiletik. Hemen dugula dagoeneko! Hemen ditugula, hobeto esanda…!

Atzo bertan, Hernaniko eskola batean hango gaztetxoen galderei erantzunez, hara ttiki batek prestatua:

Elorriak norlehenagoka

Udazkenak ez du etenik izan negu belaxka aurtengoan. Badirudike udaberri berri bati (udaberri zaharrak ere askotxo baitira dagoeneko), esku eman nahi diola iazko larrazkenetik aurtengo aro berrira zubia aldebanatara luzatuz. Eta, udaberri ofizialean sartzean gordinaldia ekarriko badigu ere, ni elorriekin tematuta, norlehenagoko karrera lehiaren fotofinixa prestatzen hasiko naiz. Urtero, Mont Faronen gora karrerista onenak nola, halaxe iritsi ohi da, ia lehiarik ere gabe, elorri beltza lehenik garaile, hostajea baino lehen, inguruak xuri-xurizko pinpilinpaux jantzitan xumeki edertuz. Huraxe ohi da udazkenerako patxaranaren pregoi goiztiar pozgarri ongietorrizkoa.

Baina aurten, lehia erabakitzeko esprintaren beharrean izango ote diren susmoa hartuta nago. Elorri zuria ere, lehenik hostotxo belaxka leunak xabal-xabal dituela, hortxe baita lora-pipittak ernetzen, eguzkiak loratzen noiz lagunduko, bere-berea duen istape lurri

Jeremias birigarroa

Kantari garbotsua, bat bada, birigarroa. Ozen, puntan, garboki ematen dio goizari agur sentitu poz-puztua. Zuhaitz lerdenenaren puntaren puntatxoa du bere kokategi eta pulpitu. Goi gorenetik ematen du abisu, sermoi ozenenean, ingurunetxoa nori dagokion. Azkartza inguruko gure aspaldiko birigarro laguna, mokoaz haizera saiatu izan da,

Garizuma erdian

Garizumaren erdian goazela, aspaldiko usadioen itzalean, gure herriko kulturatxoak bildu zituen, bada, garaiaren extuak berez sortzen zituen hainbat kontu. Ea zer iruditzen zaizkizun batzuk…

Hauster egunez, ihauteriak amaitzeaz batera, Larraun aldean besta ez, baina jai egiten zuten laborearekiko: garizumako lehen eguna tristura eguna zela zioten, barau eta guzti, eta horregatik, ezta lanik ere. Katu ta txakurrak ere baraura behartzen zituzten: bazkaria bai, baina afaririk ez, zioten Bizkai aldeko herri batzutan ere. Aste ttikia deitzen zioten gure baserrietan, asteazkenetik igandera bitartekoa laburtxo zelako.

Baina, ondorengo beste sei asteei izena ipintzeko orduan, bazen irudipena dantzatzen zekienik. Garizumako aste bakoitzak zizun izen berezirik, eta beste behin ikusten dugu gure nekazaria, sukaldean zintzilikatzeko egutegirik gabe ere, astez aste, egutegitik aparte ere nola primeran maneiatzen zen. Izenok, mezatan ematen ziren irakurgaietatik harturik erabiliko zituen: Lehenbizikoak ‘Ana’, bigarrenak, ‘Badana’, 3.asteak, ‘Susana’, 4.ak, ‘Rebeka’, 5.ak, ‘Pasio’ edo ‘Lazaro’, ta seigarrenak, ‘Erramu’.

Herriko zaharrenek dotrina bazekiten, garizumako asteen izenak errepasatuz: Ana ta Badana pasa dizkiagu, laister diagu Lazaro astea, eta horrelako moldeetan hitzegitea arrunta zen. Honako atsotitz honek dioena ere deitura horietatik jaso beharra dago: Lazarok xoria harrapatu, Erramuk lumatu eta Pazkok jan. Edo Uztarrotzen zioten erara erranik: Lazarok xoria harrapatu, Erramuk pelatu ta Pazkok xan. Ehiztarien kutiziak, garizumako sermoi luzeetan aspertuta asmatuak, akaso?

‘Lazaro’ deitu Pasio-igande honek bazuen beste esaldi bat ere, orduko elizako irudiak estaltzeko ohiturarekin oso ongi akordarazten gaituena. Ulzaman, Lazaro paratu, alegia, Lazaro hilobian tapakiz bezala paratzen zituztela elizako gurutzea eta santuen irudiak ere estali morez tapatuta. Lazaro-igandean betetzen zen ohitura hori.

Garizumak errespetu berezia zizula, adiskidea. Baina, lagunartean-eta,

Garizuma atsotitzetan

Garizumak bete-betean harrapatzen dizu martxoa. Negua noiz eta nola errematatuko, udaberria noiz argituko, hortxe akordatuko zen gure asaba, abenduan arbiekin bezala: “Martxoan garizuma, abenduan eguerriak!” Horregatik, neguaren eztenaz gainera, zenbait urte estutan, latzak ikusitakoak ziren gajoak: “Martxoan ez da garizimerik falta”. Ez zioten afizio haundiegirik. Negu luzearen penen gainera baitzetorkien barau-bijilien lorra: “Garizuma eta urkabea, asturugaitzentzat”, zorte onekorik gutxi, beti ere. Beste hau garratz eta kaustikoago da: “Garizuma ta Astesantua, abadientzat!”

Martxoa triste zihoakien, inondik ere. Ametsetako agindu eguzkiaren keinuak, eguraldia ere ezin asentatu. Landarea irabazian ikusteak pozten zueneko, bestelako landareak aurrean: “Martxoko landareak, garizuma eta haizegorria”. Horregatik deituko zioten haizegorri hotz txorrotx horri,

Martxoa atsotitzetan – I –

Martxoa dugu urteko hamabi hilabeteetan erranairu gehien lapatu zaizkiona. Udaberriko argiaren zesuman zabilen baserritarrak, eskubitik ez bazen ezkerretik, aldamenetik edo goi-behetatik, aitzina nahiz gibeletik, nonbaitetik atera behar zion eguna luzatzen ta zabaltzen zihoanaren euskarri zimentarrizkoa. Martxoaren lehen eguna izan zen aspaldi batean, Aingeru Guardakoen eguna. Ez da beldur-puntatxoa berekin duen 31 eguneko ilada abiatzeko erarik traketsena: beharko zukeen baserriak Aingeru eta Goarda pare baten laguntzarik. Bada bai, nola ez, gurean, esaera zahar eta atsotitzik horri lotuta ibili denik: Aingeru Guardako egunean kukuak Erromako zubian jotzen du lehenbizi. Goiztxo zabilela dirudit, kukua hain goiz entzun nahi zuena: sakela betetxo ez bazuen, behinik behin! Kuku gajoari, geurera honuntza heltzerako, batzutan, hilabete osoa ere pasatzen baitzaio bidean galduta. Baina, martxoan iritsiko da normalean, bai. Jaierarik izan zuen Aingeru Guardakoaren egun honek nonbait: Aingeru Guardako egunean behiak uztartu ez! Lana debekatua behar zukeen egun handi horretan, dirudienez. Festa egin zuen Elizak, nonbait, eta baserritarrak errespetuz txapela kendu eta onartu…

Otsailaren koxkatik martxora, ia beti garizumaren sarrera denez, aspaldi batean, garizuma serioski emango zen arren, santuek ere bazizuten beren txokoa: gure baserritarrak denak zituen beharrezko laguntza bila abiatzen zenean, eta jaiera ukandako santurik bada martxoaren hasieran ere. Emeterio eta Zeledonio, Kalagurri eta Aragoe aldekoak izan ziren III-IV.mende inguru haietan, orduko gure euskal lurretakoak. Gure baserritarra zeruari begira harrapatzen zuten data hauek: San Emeterioz euria, berrogei egunez euria. Ez dakit non bildu nuen esaera hau. Ez dauka ezer aparteko partikularrik: esan nahi baita, molde bereko atsotitzak beste sasoi eta beste santu batzuen bizkar ere bota izan zituztela.

Landa aldera begiratuta, sanjose lorak eta beste landareak axkartzen eta mobitzen zihoazen neurrian, ilusio punttu bat ere, eguzkiak airea goxatu orduko, pizten zitzaien nonbait, baina agudo zetorkien, jakin bazekitelako, alferrikakoa zela pentsamentu loratua: Martxo lore, pirri lore, edo Martxo lore, martxa lore; edo, zakarxeago ere bai: Martxo lore, urde lore; edo are zikinago: Martxo lore, kaka lore; politagorik ere utzi ziguten, noski: urre lore, aberatsa baita euskaldunaren irudimena:

Garizumaurrea

Ihauteriak oso gureak izan bide ziren: Garizuman sartu aurretik, luze joango zenez, halako despeida bat egin beharra zegoen. Nafarro aldetik batez ere, oso goiz hasten ziren. Hiru aste lehenagoko osteguna zizuten horretarako apartatua: jakina, ostiraletan barau nola egin behar zuten, osteguna zuten afari-merienda ondroso bat egiteko. Hiru astez aurreko ostegunean hasten ziren jada: gizonezkoentzako eguna zen hau. Tokian tokiko izenetan, 3 topatzen ditugu kontuan hartzekoak: aitakunde deitzen zioten Bidankoz aldetik; gizakunde, Uztarrotz aldean, eta Izakunde, aldiz, Baztan inguruetan. Argi dago ostegun hau gizonezko ta etxeko nagusientzako, halaxe, apropos jarrita zegoela.

Hurrengo osteguna zen emakumeentzakoa. Honi Emakunde (hara noizkoa den izena!) deituko zioten tokirik gehienetan. Halere, bazuen berexitasunik: Bidangozen amakunde deitzen zioten, aurrekoari aitakunde bezala. Eta Ultzaman, neskaxkunde. Nolanahi ere, ostegun bana zuten, afari-meriendatarako denek.

Baina, behar zen bat, denak batera ospatzeko ere, eta hau zen hurrengoa, ihauterietakoa, Orokunde deituko zitzaiona. Hauxe izan da hegoaldeko beste lurraldeotan ere ostegun gizen ospatu izan duguna. Bizkai aldetik badu beste deiturarik ere: eguen zuri herri batzutan, eta bestetan, sasi koipatsu.

Erronkari aldetik, 3 ostegun hauetaz aparte, beste jai berexi bat zizuten, oilokunde zeritzana: eskolan sortua izan bide zen. Maisu eta ikasle, ioku batean saiatzen ziren: oiloa makila baten puntan loturik, ikasle morroinei begiak estaltzen ziozkaten maisuak; gunean, irur makil-ukaldi aldi bapanean emon ta iltan ziona, maisuakin afaitan zen oiloaren xatra.

Beran, Nafarroan eta Haltsun, Lapurdi aldetik, ostegun gizen egunez, eskolumeak etxez etxe ibiltzen dira kantuan eta eskean: Xingar, arraultze; bat ezpada, bertze.

Beste bailara batzutan astelehen ihauteriz; orduan, hazixeagoak ere ibiltzen direlarik eskean:
Xingar eta arroltze, bat edo bertze, biek orobat.