Itzulpen lorak

Itzulpenak ordenadorez agudo egitera ere iritsi omen gara: irauli politik azalduko da tarteka. Makinari, noski, ezin eskatuko diogu itzulpenak behar duen bezaingo azkartasunik. Baina, buru bat molde estuan programatu eta makina horri besteren pentsua ematen diozunean, makinabat algara eta karkaila galantak sortzen dizkizu zure burua natural portatzen bada.

Ordenadore ttikiari, nire aldameneko batek ez zion nahi izan bere buru programatua aldatu, harik eta ikusi arte, berak euskaraz idatziari zenbateko zuzenketa puntualak egiten zizkion. Hauteskunde eta hautesondo, burua arin zalu mantentzeak ere merezi baitu, torizu makinak zenbat ortografia huts topatzen zituen gure euskeran eta nolako logikaz zuzendu…

pardela, ostiralez, bezala = parcela, hostiarles, b

Maiatz luzea atsotitzetan

Maiatzak hezurretarainoko beldurra sartzen zuen, neguak pulamentu gutxi emandakoan batipat. Adibidetxoa gertuan egokitu zaigu: iazko maiatza ikusi edo aurtengoa nozitu, hara hor bi mutur ezberdinetako maiatz parea! Ederki ziotsaten gaurko egunari dagokion santua errespetuz hartuta: San Fernandoak arte, beti beldur aziendadunak. Luze joaten baitzekien, aurten bezala, tarteka tamalez. Maietza luzia da, zioen Ziarsolo

Bakea pakean utziko bagenu!

Sarea da bakea
zulo asko ditu.
Aspaldi zuen gizonak
bakea bortxatu:
Bestea errespetatu
ez duen edonork du
bortxatu bakea.

Hor daude tiranoak
asasinoak hor daude,
baita ere hor daude
inoren kontura
gizendu direnak
eta mota bereko
abar eta abar luzea,
“bakea” aldarrikatzen,
exigitzen “bakea”.

Nola den dohakabea
koitadu bakea!
Denok izorratu
dugun arren, ordea
bakea ez da puta,
justizia soilari
hitzemana dagoen
ezkontide da bakea.

Bitoriano Gandiagaren esku-izkribuetan gordetzen dut nire burua egun sargorienetan, ez prezisamente aro sargorienetan, egun sargori ustelenetan baino…

Kukua gogoeta egunean

– Xelebreak dira gero! Ni noiz etorriko, noiz nirekasa kantuan hasiko ibiltzen dira, poltxikoan txanponak, paper doblatuak eta tarjetak hartuta. Asmatuko lukete hauek, baitaaa…! Txori kantuak erremediatuko duelakoan beren zabarkeriaz hondatutakoa! Niri ezer gutxi erakutsi didate, tonto-samarrak direna ez bada… Baina, aizue! Niretik eta nigandik ikasi omen dutena…? Harrituta nago! Begira beren jakituria bildu duten Orotariko Euskal Hiztegian: hiru orrialde eta erdi nitaz eta nire ondorioetaz beteta. Makinabat hitz asmatu dituzte nigandik eratorriak. Harritu nauena, hitz horietatik dezente ez dakizkiten kontuak esateko hartu dituztela: hain misteriotsua ote natzaie, bada?

– Kuku, kuki, kuko, kuka… denetara erabiltzen naute.
– 9 esanahi eman dizkiote nire izenari. Gehienak, hor nonbait. Batere gustatu ez zaidana,

Kuku sekretuak

Nondik ote du horrenbesteko misterioa? Afrika aldean negua epelean pasaz, mendi lerro dezente igaroz etorri ohi da gurera. Beti gordean, kukuka nahiz kikuka ibiltzea du gustuko… nekez ikusiko duzu, eta ikustea suertatu bazaizu ere, nola jakin bistatu duzun hegazti gordetia kukua zenik?

Kukuzalea izan nauzu beti. Teologia ikasten genbiltzala hemen Arantzazun, gutako batek txantxangorriaren hapi zarpaildu batean kukukuma ekarri zuen arrats batean. Txorikumazale amorratua bezain ama nintzaien honek izan nuen hura gorde eta gobernatzeko zoria. Ez alferrik! Ez zegoen hura aseko zuenik! Eman ahala irentsiko zuela! Ikasleotako koadrilla dezentekoa enkargatu nuen gauean, oheratu baino lehen, koartoko leihoa zabalik, argia piztuta manten zezaten, arrimatuko ziren gau-tximeleta eta beste xomorro hegalariak bil zitzaten… Hurrengo goizean, ikustekoa bezain mirestekoa zen nola burua lepoan gorde aurrena, kukututa erabat, eta gero aurrera ekarritako tximeleta, hegats eta guzti, zzaup! irensten zuen, lepoa luzatuz gajo asezinak. Sukaldera ere jo behar izan nuen, okel puxketa bat edo beste emate aldera.

Ikasle alprojaok lan gehitxo hartu genuela iritzita, eta txantxangorria artean ere kuma bila zebilenaz errukituta, hirugarren eguneko goizean goiz, gosari-saio ondrosoa eman orduko, lehengo tokian utzi nion kuku-gose amorratua… hura poza txantxangorri bikote gajoarena! Aurrera atera zuten, ahalegin eta meritu pila natural naturalez… Oskilaso kumak bezala, urretxindorrarenak ere (Erriberrin) hazi nituenez garai haietan, nik bakarrik dakit zer sentitzen nuen nire baitan: bizi misterioaren xuxurla apal xamurra gorde nuen barneneko apaletan…

Prozesua?

14 hilabete dira, gaur, 22-M-tik hona. Hura zen ilusioa hura, piztu zigutena!

Einsteinek esana gogoratu nuen: Lehergailu atomiko gaiztoena indargabetzeko arma eskatu zidatenean, onen-onena aipa nien: BAKEA!

Prozesu bedeinkatu batean, denok arraunguran sartu gintuzten. Bai gustura saiatzekotan denak… edo, ez hain denak?

Prozesu hartaz denak lotsalotsa ote dira? Hitz bakar bat, baikor sustagarri bakar bat entzungo banu hartaz, 15 egun amaibako ez-dakit-zertarako nazkagarri hauek barkatzeko laineko poza izango nuke.

Bitoriano Gandiagaren esana etorri zait ironia xurigarriz ziztaka:

BAKEA
bakoitzak norbere
egiteak zuritzeko
darabilgun karea.