Ostiralean hasia

Ekaina ostiralean abiatu zen: halakoxea atera da, kostan batipat. Ilbeteak zuen estrainatu ostiraleko susmoz: larunbatez, ordea, gaur ilbeteak damaio errematea.

Bi ilbete arteko 30 egun, aurten. Berexi samarra zatekeela pentsatzeko lain bagenuen, eta halakoxe portaera utzi digu. Sanpedrotatik Sanferminetara doan aste honek, berriz, nolako asmoak ote dakizki? 13,50ean (15,50) sartzen da ilargia betebetean: sanferminetako arrats erdian ilbeheratuko da.

Bienbitartean, aldakor antzean ibiltzeko traza seinalatzen du: herrenka, oraintsu arte bezala. Gaurko beroak fronte eskas baten pregoia izan nahiko luke: bihar eguerditik aurrera, mendebalaren aginduz, gainean izanen dugu, freskatu baten aitzakitan. Koxkatsu joango dira astebarruko 3 lehenak ere, asteartean apur bat girotu eta berotzeko asmoz. Asteazkenak, ordea, ipar freskoaren galga erantsiko dio. Eta, hortik aurrera, bizpahiru egun garbiago eta beroagoen txanda letorke, sanferminak errespetatuz. Halere, ez dirudi luzerakoa izango denik: ezin baitu udako sosegurik topa.

Ostiralean hasia

Ekaina ostiralean abiatu zen: halakoxea atera da, kostan batipat. Ilbeteak zuen estrainatu ostiraleko susmoz: larunbatez, ordea, gaur ilbeteak damaio errematea.

Bi ilbete arteko 30 egun, aurten. Berexi samarra zatekeela pentsatzeko lain bagenuen, eta halakoxe portaera utzi digu. Sanpedrotatik Sanferminetara doan aste honek, berriz, nolako asmoak ote dakizki? 13,50ean (15,50) sartzen da ilargia betebetean: sanferminetako arrats erdian ilbeheratuko da.

Bienbitartean, aldakor antzean ibiltzeko traza seinalatzen du: herrenka, oraintsu arte bezala. Gaurko beroak fronte eskas baten pregoia izan nahiko luke: bihar eguerditik aurrera, mendebalaren aginduz, gainean izanen dugu, freskatu baten aitzakitan. Koxkatsu joango dira astebarruko 3 lehenak ere, asteartean apur bat girotu eta berotzeko asmoz. Asteazkenak, ordea, ipar freskoaren galga erantsiko dio. Eta, hortik aurrera, bizpahiru egun garbiago eta beroagoen txanda letorke, sanferminak errespetatuz. Halere, ez dirudi luzerakoa izango denik: ezin baitu udako sosegurik topa.

Kuadrillan definitzen

“Alfer samarrak bai, igoal; baina alferrik inortxo ere ez!”

Fraileon definizio itxurosoa iruditu zaigu, lagunarte lasaian, kuadrillan ikasten eta solasten gabiltzan honetan, umore sanoz eta algaraz trentzatu dugun hau.

Irakasle argi eta jakintsuen itzal fresko naturalean ari gara: beren lurretik mobilizatu beharrean aurkituen arazo gordinari kozka egiten saiatu gara: gazitik eta garratzetik areago dabil mauka batere gozoa ez den hau, tripako minik nozitu duenik ere bada tartean

Zerk piztu du txoria?

Sastraka itxi ilundun basarte batean nago eta nabil (ibiltzerik den heinean). San Joan inguruko urteroko tarte erretretadunean. Koadrilla osatu ohi genuen: koadrillatxora mugatzen goaz urtetik urtera fraileok ere.

Asturiasko lurrekin mugante, egunargia gure parajeotan baino beranduxe dabil hemen, dozena minutu inguru: hala arratsa hamartaerditan ere luzatuxea doa, xoriak ezin erretiratuz, azken txioak bakantzen. Goizargia ere, punttu bat berandutua. Halere, 03.48an (05.48) xori ttikienak piiika hasiak ziren atzo. Gaur 11 minutu beranduxeago: hodei-lainoek gandutu die argia. Ez dakit xoriek esnatu duten belazar andana, edo baserriko oilarrak jo dien denei diana, konpas beretsuan sartu baitira gehienak airoso. Handik lau minutura, hegodunen orkestra finak guztiz afinaturik ziharduen, auskalo nongo zuzendariren ordenetara.

Gauez argi fokotzar handiek argiztatzen dute saindutegi ingurua: argiz itsusten die hegaztiei gauaren bildua. Ez ditu, ordea, argi artifizialak kanturatuko. Goiargia da, goizargia, hauek denak iratzartzen eta kantargituko dituena. Ikusi ere ikusten ez den argi gardena da, bizia tiraka esnatzen duena.

SanJoan biharamuna

Arre arre zalko-zalko, erratza gainetan,
Akelarrera dihoaz sorginak aidetan,
hodei guzien azpitik,
sasi guztien gainetik,
txiruliruli, txiruliruli.
Jentiletako denborak berriz itzuli. (Salbatore Mitxelena. Hogei Kanta)

Arre arre zalko-zalko, sorgindu gaituzte,
bortxakeriz eta tranpaz gurekin jai dute!
iuie guztien azpitik,
Espainiaren gainetik,
txiruliruli, txiruliruli,
sorgin uste denak ziplo! bertan irauli! (2007-05-27)

Sorginak kakaztu zituzten aurrena. Inkisizioa asmatu ta legelotu hurrena. Inkisizio aitzakian botereak errekisatu zuen gogoak eman zion guztia.

Sorgin kakusaitu gaituzte. Legearen inkisizio langa armatu digute. Sorginak erratza gainetan, ordea, txiruliruli. Botere inkisidorea sasipean kakaztuta…

Txiruliruli, txiruliruli!
Nork dantzatuko ote du soinutxu hori!?

Egun seinalatua

Izenik ospatuena izan da Jehohanan hebraierazkotik datorren hau. Berau zabalduena: beste izenen batekin ipini ohi zitzaien jaioberri gehienei hainbat gizalditan Europa gehienean. Izen honek egin zuen Europa batuena, oraingo euroak bainoago. Joan, Johana, Jobane, Johannes, Ganix, Yon, Xan, Xoan, John, Jack, Jean, Giovanni, eta eslabiarren artean Ivan eta ahaide dituenak…

Baina gatozen atsotitzen kutxara. Badago aukerarik. Uda abiatze sasoiaren alderdiak bertan ageri zaizkigu txuxen bilduta. Kantuz gogoratzen zutena, lehenbiziko hauetan:
Artuek eta gariyek gorde gorde, Gora San Juan Bagillian
– San Juan, san Juan, sorginak eta zapoak erreta soloan.
– San Juan bagilian denpora ederrean, artoak eta gariek gorde, zapoak eta subiek erre!
– San Juan bien, sarna fuera!
– San Juan Bautistaren izenean salto!
– San Joan, artoa eta ogia kanpoan.

Batzutan euri eske, bestetan euri beldur… halaxe bizi izan da gure aurrekoa, paraje ezberdinetan:
San Joan euri gabe, urtea ogi gabe.
– San Joan euritsu, urtea ogitsu.

Eta euririk ez behar, uzta eta arnoa urtsuegi ta gradu gutxikoak izango ez baziren:
Jondone Joaniren euriak, arnoa ttikitzen eta ogirik ez emaiten
– Doniane euria, garien galtzegarria.
– San Joanetako euriak, ogia kendu eta ardaurik ez emon
– Jondone Jobaneren euriak, ogia itotzen eta ardoa urtzen.
– San Joanetako euriak, ardoa urtu eta ito ogiak
– San Joan, jan-edanak joan.
– San Joaneko euria, ogien galgarria

Hitzjokuei atxikia izan da gurea, normalean. Ik. eguneko gure Xakilixut nondik dabilen. Halatsu asmatu zituzten honelako batzuk:
San Joan etorri, hala joan.
– Gaur da San Juan, bihar

Ilgora atzo

Atzo eguerdia pasatxo, 13.16an (15.16) sartu zitzaigun ilargi amandrea ilgorako koskan. Ni tximeleten balletean txora-txora nenbilen bitartean eman zuen jauzitxoa.

Libra zeinuan egokitu zaio, airearen ta lorearenean. Beraz, aurrekoaren paretsuan, lehor antzean, aire gardenaren joeraz ibiliko da ilbetera artio. Noski, ez egun guztiak horrela: bihar arratsaldetik astearte bitartean, ipar-mendebala bezala iparra ere airea lanbroz eta euriz zikindu nahiean ibiliko dira. Baina, iparrak berak, frantziparrera etzatean, zeruak gardentzera joko du agudo, tenperaturak, noski, bereak, freskoak alegia, izanen dituen arren. Astea aurrera ahala, antizikloi gardenago baten laguntzaz, zeru argi garbien parada ere etorriko da ostegun aldera. Bero ikaragarriak izango dira mediterraneo paraje batzutan: hemen, aldiz, bero itogarririk gabe, fresko antzekoan jarraiko dugu asteburura bidean, ilargi betearen peskizan.

Udaberriari agur

Frexko udaberriko azken goiza. Fresko nahi izan digu bota goiz-diosala. Udari emango dio txanda arratseko 18,06 (20,06) minututan.

Sarri mintzatu naiz aurtengo udaberri berexi samar hau dela eta. Bil ditzadan utzi dizkigun datu nabarmentxuenak. Gogoan izan ditzazuen: tertuli suieta izan dakizuen. Ez ahaztu (ez estrapolatu zuen txokoetara) nire mendiarteko behatoki honetako datuekin nabilela.

Astronomiaren ofizialtasunak udaberriaren martxa martxoko 21ean gauerdiko lehen 7.minutuan abiatu zuen. Niretzako, 45 ordu aitzin abiatu ilberriak ipini zuen martxan udaberria bere giro espezialarekin: San Jose gauerdia pasaberritan, goizeko orduttikietan. Orduan eman zion lehen trumoi soinuari eta eguraldi gaiztotzeari. Ezagunak dira orduz geroko trumonadak, txingor erauntsiak eta udaberrian sartuberriko elurte mardul oztopalea. Bil ditzadan kontuak datu jakingarrietan.

– 68 egunetan izan dugu isurkinik (prezipitaziorik), dela lanbro, sirimiri, eurittiki, euri, eurijasa, elur xehe, elur hauts, elur pikor, elur maluta, elur txingor, kazkabar nahiz harri erauntsi… denetik eman baitu udaberri honek.

– 22 egunetan trumoi (ostots, ortzantz, oreixa, inusturi) sonak. Hauetako egun batzutan, behin baino sarriago trumonada. Nik hemen paperetan jasoak, gure pare honetan: 37 ostots saio izan dira. Bada, badenez, danbarretan!

– Elur maila altuena, 92 zm Arantzazuko inguru hauetan. 14 egunez genuen zuri. Ilbetearekin hasi zen lurmentzen.

– Isuri duena litrotan neurtuko bagenu: 595 litro.
… martxoan San Jose egunetik (13 gun): 196.3
… apiril osoan: 186.1
… maiatz osoan: 159.0
… ekaineko 20 egunotan: 53.6

– eguzkia ikusi gabeko egunak: 20 egun.

– Eguzki btekoak: Ekainean, 8. Maiatzean, 6. Apirilean, 3. Martxoan (San Josetik aurrera), 0. Udaberri osokoak, beraz: 17 egun.

Ea trailan dakarren uda, asentatuago portatzen zaigun!