San Inazio Urbian

Urbian jai San Inazio egunez. Eguraldia ere dotore datorkio: fresko goiz-goizetik, eguzkia berotzeko asmotan gaina harrapatzean. Apenas izango den toki askorik goi zoragarri horretan, jendea lasai gerizpean egoteko. Haizexkarik badute, gaitzerdi.

Baina, kezkarik ere bada, bertako lagunengan batipat, horrenbeste kardulatz eta tamaina handiz hazi denean. Badakit arazorik ematen ari dela, eta urtetik urtera latzago agertuko dela larrea murrizten.

Kardulatztegi ipini beharko zioagu izena Urbiari… Ez da txiste merkeen ordua, arazoa larri izateko zorikoa izan daiteke laister eta.

Izan da artzainik, Juantxiki ezagutzen dut nik, aitzurkolpeka banan banan ipurditik moztuz, belazeak garbitu dituenik. Beste hark zioena, bestela:

San Inazio egunez, beste apostu eta demen artean, aitzur bana eman eta… kardulatz norgehiagoka egitea pentsatu beharko diagu edo…

SanInazioz ilbete

San Inaziok bere eguna bakarrik ez baitigu utzi: sanInazioak baditu beste egun pare bat aldameneko bere egunari lotuak. Oporraldi gero eta hanpatuagoa pareparean duelako, batetik; Azpeitiko festak ere beren ikutu propiala gainezka ohi dutelako, bestetik.

Halaxe iritsi da bezperako lehen ordutatik ilbete musuzabala. Goizeko ordubetea baino lehen, 0,49 minututarako (1,49) osabetean genuen ilargia bart. Aquarius zeinuan egokitu zaio oraingoa. Aurreko ilgora bezalaxe, aire garbi gardenaren zeinuan sartu da. Zaru argiak izango ditugu gehien oraingoan ere: eguzki ordu nasaiak gaur-bihar-etzikotan. Ilargi koska bakoitzak ohi duen bestelakoa, oraingoan bestelakotxo ttikia izango da: iparrak bere muttur xorrotxa hor sartuko baitu, kosta aldeko hondartza giroa okertuz, ostegunean… baina, kostako zikin eta narratx bustiak kalte gutxi ekarriko dio barnealde arabar eta nafar-erriberakoari, orduan ere. Datorren igande i

Bejondeiala Mikel!

Tourra gaur amaituko da. Gazigozoa izan da jarraiera, bertan gertaturiko kolpe ta kolpexkak direla eta. Azkenean, gozotik gehiago, euskaldunontzat. Ez dut, oraingo honetan, hortaz jardun nahi.

Mikel Astarlozari zorionak ematen badizkiot, bere izenari lotuta doazkie Migel manager prestuari, Igor, Jon, Gorka, Haimar eta beste guztioi (gehien sufritzen egongo den Igortxu Antoni bereziki), pedalak dantzatu dituzuenoi bezala txofer eta mekaniko, masaialari eta beste… den-denoi. Baina hiri Mikel, eskerrik askorik bero eta bihozkorrena, zuen artean, hortxe, egunez egun, gertutik jarraitzeko era eskaini digualako, hire kazetari lantxo gustagarri hauekin. Aubisqueko bukaera ez huen gozoa izan: hantxe ikasi genian asko, ez nahikoa, zuen sufritzeko talentuaz. Igor gelakidea galdu huenean ere, hire bakardadea dasta ahal izan genian… hainbat

Bokazio falta

Apaizik ez den herrietan gizon-emakume diakonoak hasi ziren elizpuntzioak egiten. Gero eta gutxiago nola izango diren seminaristetatik letozkenak, elizak eman du pausorik gauzak ongi konpondu asmoz. Poztekoa da.

Inoiz entzun dut, pox puxka ixilgorde batez ere bai, egia esan behar badut, alderdi politikoek ere gero eta seminarista gutxiago dituztela, politika ere bokazio gazteak galtzen ari omen dela… Zer pentsatua ematen du. Jakina, hor ere, seminarista urte latzak pasa gabe, goiko karguetarako omen hautagai gehien, aukeran gehiegi…

Eta, noski, besterik ezean, edo ez behintzat ongi prestatutakorik, EBBko ta BBBko hainbat kargu omen doaz Ondarrura eta Mentxakara… gauzak konpontzera. EBBn eta BBBn lan franko nola baduten, pentsatzekoa da Ondarrun eta Mentxakan, igandetan ospatuko dituztela bilkurak, astean ezinda, ezta…?

Oporretan ‘porrai’!

Ermano baserritarrak eta biok, elkarren aldamenean, mantxo pausoz, axkar buruz eta aburuz, kilometroxka bat egin dugu, Arantzazun abiatuta, errapidean, pasioan. Komentutik irtenda, komentario ugari hitzetik hortzera…

Eguzkia tente, lau behor lizarbean bilduta daude, moxaltxoak aldamenean, bero sapak jolasgura galduarazita… Haruntzaxeago ardi koadrilatxoa ere zuhaitz kerizpera bilduta, buruak lur zolaraino makurtuta… Baina, bada ardi multzotxorik, eguzkitan, berehorretan, burumakur dagoenik ere…

– Ikusten dek? Ardiak ez dik asko falta tuntuna izateko. 5 metrora zeukak itzal freskoa eta, ezta ohartu ere, hortxe, eguzkiari ipurdi emanez, burua itzalean makur, izerditan… Aspaldikoa dek esana: Eguzkitan, onena itzala!
– Horregatik, eta horretarako mantentzen ote gaituzte hain artalde, albiste berberak alpiste emanez bai irratiz, telebixtaz, bai paperean zein sarean…?
– Artaldea, pase, ameto ematen diat. Baina gu, zentzudunok, artaldetzea, hori beti gure errua izango dek…

Belezaharren kontuen ostean, aurreraxeago:
– Orain oporrak jarri dituzte modan. Hor dira denak errapidean kabitu ezinik…
– Denak

Santio-Santanak

Zangolana, zangojokua eta zangotrabatxoren bat, hori da karreristen lana eta ibilia. Baina oraingoan zangotraba gehigixkoa ote den… nago Vinokourovena aintzinsolasa besterik ez zela izan eta franstres-traba seriosa datorrela hemen. Frantsesa edo frantses-bedarra estimatua izan da beti baserrian. Baina badu antzik izen anitzeko den barrabasak edo barrabas-bedarrak, gure auzoan inpernu-belarra ziotsatenak eta Bedaio aldetik deabru-belarra, eta inon badakit galtxagorri-belarra deitzen ziotela… politagoa agian, Gernika ta Foru aldean zemaioten izena: Bermio-bedarra. Azienda-zaleek estimuan zuten frantsesa, baratzalariek amorru barrabasari… Nongo haziendatakok ote doaz frantses-interesekin, eta zeintzu -bateren bat izango da eta- karreristen interes apurrekin. Ni eta gu batzuk, zangolari karrerista penatuekin!

Iparralde hori eguraldia ezin altxatuz ikusten dugun bitartean, Santio-Santa Anatako esaldi mordoska bat kontsolagarri aukeran, eguraldia ere, aukeran hau ere, kontsolamentuz datorkigu eta…
Por Santiago, el buen nabo ha de estar sembrado. Badu antzekorik gurean:
Arbia nagusiari eskaketan: Erein nazak, burua nadin San Andresetan.
– Santiyotako euri-asiak artoak zuzentzen ditu (Ezkio)
– Santio-Santanak euritsu, urte hura artotsu (Zarautz)
– Santixotako eurixe, urte guztiko eurixe.
– Santio-Santanatako euri ase batek adina ez du balioko ba
… (nahikoa esaten du berehorretan)
Santiagoko eurixe aberastasun handixe.
– Santixautarako biderik txarrena be onduko da bai!
(aurten ez dakit ba…)
Santiagotan eurie kaballeroa!
– Santioz hasi mendiko uda, eta Santa Anaz bukatu da
(artzai kexularia)
Mendiko uda iritsi orduko akabo: Santioz etorri ta Santa Anaz planto!
– Santioak zerekin, Amabirjinek harekin!
– Santa Ana, San Joakinek pazientzia galdu eragin eutsana
(Zibikarai lagunak Ondarruan bildutakoa da hau). Pazientzia ongi baitator beti. Baita Ondarrun bertan ere; inoiz baino gehiago, ezta…?

25eko ekarria

Badugu esperantzarik gaur Tour-a gure inguruan dabilela eta. Baina bestelakorik ere. Begira hau dena:

Beste langile bat hil da, Ortuellan, seigarrena azken astean…
– Sadr hirian, AEBetako tropen saiakera militarrean, 6 hildako eta 10 zauritu…
– Bederatzi lagun hil dituzte Pakistanen atentatuan…
– Egunotan gutxienez 75 ekintzaile taliban hil ditu borroketan Afganistango armadak…
– Itsasondoko eta Ordizia arteko AHTren lanak esleitu ditu Eusko Jaurlaritzak…

Horra egunkarien lehen orrialdeotatik egunari damaioten (damaiogun) ziztada eta sastada. Mingarriena, noski, gertukoena: niretzat, Goierrikoa… Santio egunak lehen minututik ekarri duen argi garbi garden puru diztirazkoak merezi ez zuen arren, horixe da… gure gizarteko martxak gaurko ahalbidetu diguna… Erremediorik ez duenari ezin emango diogu botika eta enplastorik. Artean daukanari, saiatuko al gara…? Edo alper-alper-alperrik izango da… beste behin? Herritarroi (a los vascos y vascas) kaso egingo zaigula esan digute mila bider. Noren hitzak balio du hemen, hitza hitz duen gure herri honetan? Azken 4 hilabeteotan, egia bakar bat daukat apuntatuta, halakoxetzat hartu dudana, eta Juan Joxe Ibarretxek esana:

Goiza goiz

Eraikia dago, eraikiz dihoa
denok inguratzen gaituen hiria;
geu gaitu hiriak bere osagarri,
funtsetan darama gizonon antsia.

Bizitza bat-bera daukagu gizonok;
sendo bezainbat hor gaituzu kolokan.
Bizi dugu kezkak duen gazi-geza,
bakearen alde gabiltza borrokan.

Goizean goiz, goizeko lehen ahotsez gaur abestu dugun gorazarrearen hasiera duzu hori. Sorta bikaina daukagu euskeraz, elizbarrutiak halaxe egokitua. Juan Mari Lekuona eta Bitoriano Gandiaga, ahapaldiok prestatzen jardun zirenetakoak joanak zaizkigu. Eurengana joan zait gogoa gaur goizean. Bai ederki zizelkatu zigutela gure kokapen eta bizitokia dugun egungo euskal gizartea: euskal hiri antsiatsuan, iratzar orduko hortxe, sendoan bezain kolokan, kezkaren gazi-gezetan murgil, eta…

Udamina

Eguna bi aldetatik laburtzen badihoa ere, orduerdi justu gaur bertan, udak badu bere bihotz-bizkarrezurretan sasoi berezia, beroaren labeak goritasun apartekoa duenekoa. Gure aurrekoek udamin deitu izan diote.

Orotarikoak dakarren ekarria aparte, UZEIk argitara emaniko Meteorologia Hiztegian honela dakar: Udamina: Bero handienak egiten dituen urte-garaia. Uztailaren 23tik irailaren 2ra arte kontatu ohi da. Gaurtik hasita, uztaileko 9 egun, gehi abuztuko 31 egunak, eta iraileko 2 lehenenak. Denera, 42 egun udaminekoak.

Beste herrietan, canicula deitzen diote gehienetan, jermanieraz ezik. Dies caniculares zioten erromatarrek latinez udamineko egun bero erre hauetaz. Canicularis horrek zakur-egunak esan nahi du berez, zuztarretik heltzen badiogu. Astronomia ikasgai nagusietakoa zuten grekoek nahiz erromatarrek. Eta hortxe du bere iturburua. Zeru-sabai garbira begiak luzatu orduko, izar multzoak ikusten ditugu, eta multzoxka horiei izen bereziak eman zizkieten aspalditik: artza handi ta artza ttikiarena, adibidez, hor dira goian ongi kokatuta. Baita

Ilgora goizetik

Goizeko 6.30tik (8.30) ilgora doakigu bidea markatzen. Airea garbi garden mantentzea tokatzen zaio ilbete bidean: ea lortzen duen. Ilgoraren koska ekarri nahiko du bihar iparmendebala sartuz: nekez iraungo du oraingoan 48 ordutan. Esaera zahar bi neurritakoak baititu mendebalak