Abuztuaren bueltan

Abuztuak gaur hartzen du buelta: irailean sartuko gaitu ordu gutxira. Zenbat buelta: egunarena, astearena, hilabete bakoitzarena, urtearena…! Beti aurreraka, baina… beharko bueltatu ere! Oporretatik asko. Kostata askotxo. Ez hain kostata kostatik kosta ibili diren beste batzuk. Ernegatu antzean ere bai zenbaitzu. Urteroko opor-premiatik bueltatu samarrean itzuli denik ere bai: aurten azkena izan dela ziurtatu guran amorrazio punttu bat erantsiz…

Bueltatu! Eguna gauera bueltatzen da puntuan, beti puntuan, puntualasko. Eguzkiaren eta ilargiaren bueltak bueltarazten du dena. Gure zaharrak ere horrek bueltarazi zituen egun gaurkotik atzoko eta antzinakoetara, iragan egunen bueltan ikasteko. Antzinakoak baititugu ezagun, aintzina daramatzagunak. Biharkoa ezin ikusi, atzetik datorkigulako, bueltarik gabe, atzerunzka goazelako, bizitza oso aurrera aldeginda doakigun arren: arre ta arre, arreka baitaramagu bizibeharraren asto gajo bueltabakoa.

Bueltatzen hasita, gure hiriburuetako astenagusien bueltan, irailarekin puntuan iritsi zaigu Arantzazuko Ama Birjinaren urteroko bederatziurrena ere. Hemen ditugu bueltan urteroko Arantzazuzale franko: ez datoz haserre. Obrak direla eta, nahi zuten/duten guztiak ezin etorriz etsita gelditutakorik bada ere, bederatzi egunen buelta sanoaskoa pasatzeko asmoz ikusi dut jende edadekoa. Diosalak damaigu dakarten poz eta antsia bueltarik bakoa. Zorioneko buelta. Zorionerako izango al da!

Fubola amets

Joan den astean agertu zen: Espainiako ume gehienek, ehuneko ia 70ek fubolari ametsa omen dute. Ez nau harritzen batetxore. Harritzen nau, ordea, harritzen nauenez, kazetari eta beste isilik dabiltzela kolpetiko heriotze bat izan eta gero. Karreristen artean gertatu izan balitz, hedabide guztiak han izango baitziren, zein baino zein endreamakilago, dopi

Eguzkia beheraka

Joanen jaioteguna eguzkia goienean, ekain puntan ospatu genuen. Elizak, gaur, egunak ia bi ordu moztu eta ilundu dituenean ospatzen du Joanen heriotza, ez berezkoa, gaztegi erail zuen Herodesek eta, 35 edo 36 urte zituela. Goizean, mezatan, ia 2000 urteko ebanjelioak ekarri digu aspaldiko lezioa: hara egi errainu eta distira:

Heodesek beldurra eta begirunea zion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek buruhausterik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion.

Eta gero, bazkalosteko desafio txoroan, nexkagaztearen dantzak prendatuta, lepoa moztaraziko dio.

Orduko erretratua, noski! 2000 urtetan, eta lehenago ere, zenbatxu horrelakoak? Gehienak akaso? Argazki modernorik ere ikusi izan dugu: hasi Bushekin, Blair eta Aznarekin, segi Zapatero eta besterekin… aurpegiazal ezkutuz trinkotua, beldurra ezkutatuko badute, eta irrifar tirantea… Eta gero? Beldurra eta begirunea, koanto! Batean babesa, komertziante tratuan emana, eta bestean edozein erabaki edonolako, komertzio eta bebertzio ostean erabakita…

San Agustinez ilbete

San Agustin egunez egokitu da aurten: goizeko 10,36an osabetetzen da ilargi aurpegi handia. Hala esaten zidan atzo batek: Inoiz baino handiagoa ez al da ikusten ilargia? Halaxe da: Handi ikusten da, handien, zeruertzean altxatzen denean eta beste aldean jaisten denean… alegia, haren ondoan edo parean erreferentziatxo bat daukagunean, handixea ematen du; eta askoz txikiagoa zerugoian, beste erreferentziarik gabe doanean, harik eta hegazkinen bat edo ondoan pasatzen ez bada… Zeruertzean beti ere handien. Ilargiaren tamaina aldatzen ez bada ere, gure begientzako bai, izan daiteke handixeago.

Nola portatzeko asmoa ote du ilbete honek? Beroa dakar aurretik: lehertu beharko du, apurka, eta giro saneatua utziko digula dirudi. Bihar i

Marraskilo sendalariak

Marraskiloak bai, zapi batean bilduta jo ukabilez edo mailuz, txipitu eta lerdea atararazi eta halaxe zeriela, zaku-oihal puska batean bildu eta gure behi gajoari hankapuntako apatx tarte mindu gesalduan biltzen genizkion, marraskilo behartuen eraginez zornea garbitu eta sendatuko bagenion. Marraskiloak sendabiderik bazuten: hala zen autu-mautua baserriz baserri. Ezagutu dut, gerora ere, hanka zuztar zornez gaiztotua hirurogei urteko kristau sendokoteari marraskilo handi ta ttipien tiraz nola sendatu zitzaion.

Esperoko ez nuena, ordea, beste hau da: Danimarkako Randers Hospitalean, zauri gaiztotu zornatuak, euli-beldarrez sendatzen dituztela.

Mesanotxean lau

Gero Axularrena dut lehena. 1961tik daramat nirekin: 18 urtetatik kuttun. Orduen Liturgia dut bigarren. Kontzilioz geroztik, Orixek itzuli salmutegia begininiko baitut Elizaren otoitza orduei dagokien liturgia euskarazkoan gozatzeko. Biblia dut hirugarrena. Lehenagotik maitea dudan arren, euskal itzulera on baten zain bizi bainintzen luze, harik eta Elizen Arteko Biblia 1994an iritsi zitzaigun arte.

Eta hara orain laugarrena. Ez dut mesanotxetik kenduko. Hitz Lauz Idazten da liburua. Bitoriano Gandiagaren lan eta orbel (Orbelaun gogoan) hitz lauzkoak, I

Zipriztinak

Gabiroi ttikia bezalaxe sapelatsa, eta saiarre parea ere bai, ohituta daude postura berean luze egoten, nik leihotik lasai ikusteko eran. Eurite ostean, erropa zintzilik bezala, hegatsak beheraka, tarteka zabal mantxo kurioxo tiraz hedatuz, lehorminez, hortxe egoten dira bakoitza harkaitz puntta banatan… nik gustura erreparatzen diet, zer pentsatua ematen baitidate, ez oinetako eta ez soineko, lumaje berberaz, eguzki eta euri, hotz eta bero, haizea bera ere etsai ez baina hegalagun dutela, hain egoki, merkaxurrean sartu gabe pasatzen duten hauei.

Ez dakit nondik, pentsamentu xixpa bat igaro zait buruan barrena: ttikitan, eskola bidean eta, honelako erauntsi ostetan, urputzu potin bat ikusi orduko, kideak harantza erakarri eta… plasta! oinetako batekin lagunak zipriztinez blaitzen nola saiatzen ginen. Noski, gehienetan, geurok ere, bi oinetakoak eta galtzabarrenak majo zipriztinduta gelditzen ginen… lehenengoan ez bazen bigarrengoan.

Akordatu naiz, bai, hiztun usteko batzuk ere, auzokoenekin batera beren buruak ere nola zipriztindu dituzten majo, plastada berean zipriztindu ere, abuztu luze alfer honetan.

Parabola parabolikoa

Atzo distraitu nintzen ederki, mezatan, distraitu nintzenez. Nola bestela? Elizak irakurgai ipini zigunak hartarako eta aratagorako bide ematen baitzuen. Bi urtetik behin, garaitsu honetan, Epaileen liburutiko txatalean hor datorkigu parabola mamitsua. Parabola ia denek bezalaxe, honek ere badu adarrik eta abarrik, sasi-abar arantzadunik ere, nondik oratu lekiokeenikorik.

Honela dio Epaileen liburuan, 9, 6-15 txatalean:

Egun haietan, sikendarrek eta bet-milotar guztiak bildu ziren, eta Abimelek errege egin zuten, Sikengo harizpean. Jakin zuen Jotan profetak eta, Garizin mendi gailurrera igo eta oihuka parabola hau esan zien:

Behin batean zuhaitzak berentzako errege bat gantzutu nahirik zebiltzan, eta olibondoari esan zioten:
– Izan zaite zu gure errege.
Olibondoak erantzun:
– Gizonak eta jainkoak gizentzen dituen olioa emateari utzi behar al diot, zuhaitzen gainean patxada ederrean kulunkatzeko?

Orduan zuhaitzek pikondoari esan zioten:
– Zatoz, eta izan zaitez zu gure errege.
Eta pikondoak erantzun:
– Piku gozo eta ederrak emateari utzi behar al diot, zuhaitzen gainean, patxada ederrean kulunkatzeko?

Orduan zuhaitzek mahats-ondoari esan zioten:
– Zatoz, eta izan zaitez zu gure errege.
Eta mahats-ondoak erantzun:
– Gizonen eta jainkoen pozgarri den ardo gozoa utzi behar al dut, zuhaitzen gainean patxada ederrean kulunkatzeko?

Orduan zuhaitz guztiek sasiari esan zioten:
– Zatoz, eta izan zaitez zu gure errege.
Eta sasiak erantzun:
– Egiaz zuen errege gantzutu nahi banauzue, zatozte nire itzalpean babestera; bestela, sor bedi sua sasitik, eta erraus bitza Libango izai denak!

Kargu eta karguge, udal eta udaletxe

Latin latattikia

Latinetik ikasiak askotxo ditut: horregatik ez naiz lotsatzen. Hitzak ezagutzen, klasifikatzen, hazitzen, aurrez nahiz atzez janzten eta edertzen, aditza adjetibatzen, adjetiboa aditz egiten, adberbioaekin jolasten, adjetiboak adberbialtzen, aditza bera gizentzen eta potolotzen bezala, erabat flakatzen… zer ez? Horiek eta beste ikasi bainuen latinaren jolas eta martingalak aztertzen…

Huntza-hitz asko daude, besteren bizkar gizenberde dirautenak. Beti beste zutabexka baten anparo bila: latinak jada, ad-verbium deitu zieten berbo edo aditzaren-gana(ad) jotzen zuten hitzei. Ad-jetivus,a,um, aldiz, izen edo izenorde baten-gana(ad) arrimatzen ziren kalifikatzaile nahiz mugatzaileei.

Izenari bere tamaina edo janzkera azaltzen zioten ad-jetibitatezko hauek lan gutxiago ematen ziguten, beti ere, zeramaten genero edo kasuarekin izenaren oinetakoen, generoaren nahiz janzkera-horrazkeren berri ematen baitziguten.

Asko pentsatu eta arakatu beharra zegoen, latin hizkuntzak berezkoa zuen konzisioa (latinezkoa da hitza) baitu beste birtuteen (latinetikoa hau ere) artean azpimarragarrienetakoa.

Adibidetxotzat azken hitz berau hartuz, azpimarragarrienetakoa, latinarekiko ahaidego garbi purua topatzen dugu euskaran ere: azpi-marra-garri-en-eta-ko-a, zazpi txataltxoz osatu baitugu hitz dontsua. Latin hiztunek ere bazuten arte beretik dezente, batez ere aditzen aurre-atzetan erantsiko zizkioten aurrizki nahiz atzizkiekiko. Eta kontzisio bilduzale eta trinkozaletik ere badugu euskaran ere: erreparatu, bestela, hainbat atsotitz eta esaera zaharri. Ez baitira alferrik bi hizkuntzak kide izanak eta trukelan dezentekoa eginak.

Sintaxia zela, edo iperbaton deitu hitzen tokiz trukatzeko jolas guztiz interesgarria, aditzaren garrantzia beste hainbat hitzekin zituen lotura eta korapiloak askatzekoa