AGE gaur?

AGE omen, nonbait! Autorik Gabeko Eguna, alegia. Kaletik autoak uxatzeko modurik onena. Begibistan agertzen dira honelakoetan, mendibide guztiak autoz zipriztinduta. Zeresanik ez, lurraldearen bazter eta saihets errepideen karga. AGE koanto, amalur eta gizarte honen ajeak arinduko badira!

Ez nago horren aurka, ez pentsa horrelakorik. Baina aldeorotik makroazal galanta hartu duen hiriko eta hirigune gero eta zabalagoko bizimodua, ez didazue ukatuko xelebre samarra ez denik, eta horrek bai, horrek maisiagurearen azkura pizten dit azalean, barrettiki eta guzti.

Honelakoetarako, hor agertzen zaizkigu hiriburuetako alkateak ponpoxo, kutsadurarik ezaren pregoitan, zarama zaborrarekin zer egin erabaki ezinik dabiltzanean, egun batez kaletik autoak uxatzeak bazterrak garden garbienean utziko dizkigulakoan, autobus tranbia nahiz metro eta tren askoz maizagokoak ipiniko dituztela aginduz. Baliabide horiek, berenez gutxitxo edo bakanegi dauden seinale: ez ote du jendeak ibilgailu publiko horien zain galtzen den astia errekuperatu nahi, kotxez kalera bere kabuz ateratzen denean?

Beraz, gaur AGE hiri eta zenbait herritan! AE izango da, orduan, beste hainbat gune menditik gertuagokoetan. AE, Auto-Egun bai, halaxe baitugu 364 egunetan, eta astebarruko egun bakoitzean, hala hirian nola gure errepide kotxez beterikoetan. Urte osoan botika pilula bakarra hartzen duen gaisoari, kostako zaio osasun sanoz bizitzea beste 364 egunetan, ezta? Egun bakar batez erretzeari utzi dion zigarreteroak, garbituko al ditu birikak 24 orduko baraualdi urdurian…?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude