Udazkena noiz?

Estu ibili dira komunikabide batzuk, axola askorik gabe azalduz: herenegun sartzen ginela udazkenean bota baitzuten bezperatik bezala goizetik ere. Gaur goizeko 09,51 (11,51) da ordua (eguzki orduarena bata, eskumuturreko erlojuarena bestea). Ni aspalditik nabil udazkenean, abuztuaren hasieratik, justu. Nolatan hain nahastuta? Gustatzen zaidalako aspaldiko arbaso zelten deliberoz lasai ta natural bizitzea. Naturalagoa askozaz dirudit haien urtaroen zentzua; horixe bakarrik, niretzat nahikoa.

Urtaro normalak (normal hitza ongi erabilia bada) atzerakarga dezentez hasten ditugu egutegiotan: negua, eguna erabat laburtu denean, hotz-izotz-elurte batzuk pasata gero, abenduaren 21ean. Udaberria, eguna azkartu eta gauaren parera, erdibana, iritsi denean. Uda, egun luzeenak pasa direnean eta ekia gainbehera amildegira jada abiatzen denean. Udazkena, egunak gauarekin erdibana egin duenean. Karga guztia -astoari nahiz mandoari begiratzen diot berriro- ipur-masailean, isets gainean noiz jausiko daramala…

Askoz orekatuagoa, ekilibrio neurtuagokoa dirudit, aldiz, zelten zentzua: egunak eta argia askoz hobeki partituta ikusten da horrela urtea. Neguak, eguna ttipitzen eta maxkaltzen doanean, gauaren mesedetan, txikitze horren azken 50 egunak hartzen ditu, urteko iluntsuenak, eta hazierako beste 40ekin neguko 92ak osatu. Beraz, negua, hiru hilabetetako egunik laburrenek betetzen zuten haientzat: azaro-abendu-urtarrilekoek.

Otsailaren 1ean, argiaren festa eginez sartzen ziren gure asaba zahar zelta haiek udaberrian: orduantxe baitator eguna harrapalada bidean argia irabazten eta natura guztia pizten, hasi hegazti eta animaliatxo guztietatik eta segi belar landare nahiz zuhaitzetatik. Otsail-martxo-apirilek primaderazko udaberri argitsu epelbidekoa dute.

Maialehenean hasiko zuten uda. Maiatz-ekain-uztailek osatzen dituzte, egun askozaz argitsu eta luzeenak, udaren erdi-erdian, ekigain garaienean.

Udazkena, berriz, abuztuaren hasieran. Ekain gainetik eguzkiari asko kostatzen zaio berandutzen hastea: eguna luzea du, goi goiko ibilera panparroia. Halere, eguneko minutu bana galduz goizetik bezala arratsetik, abuzturako ordu betera arrimatua ohi du beherakada. Egun luzeenei ordubete kendu eta gainbeheran martxoso abiatzen denean ja, panparroikeriak ahaztuxeak ditu abuztuan, azkenaldera bi minutu eta erdi galtzen baititu egun bakoitzak gauaren irabazitan. Larreak ere, indarra galduta, bibelarretan dira orduan… larrazkena, nonbait, iparraldean.

Eta negua, egunak lau ordu ta erdi pasatxo gauari eman dizkionean, azaroaren lehenean hasten zuten eta halaxe bizi dut nik ere, zelten eskolan. Artean, ordu eta erdi jaitsi behar du egunak, minutuka minutuka gauari toki emanez.

Gainera, data nahasketarik ez dago batetxore: lau urtaroak hilabete banaren lehen egunean hasten dira. Ez al zaizu askoz naturalagoa urtaro genero hau? Zuk ikusi. Askoz hobeto lotzen naiz naturaren eta eguzkiaren ibiliarekin Arantzazuko txoko natural honetan. Afizio txoroak omen dauzkat, diotenez: nire txorakeriatik, nire buruari bezala, beste batzuei ere barre egiteko gauza nadila luzaroan. Hona da barrea, ondo egina bada…

One thought on “Udazkena noiz?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude