Hor nonbait!

Ez koarta-tenpora eta ez laurdenkako, aste antzua bizi izan dut leihotxo honetan. Bestelako leku eta lanetan ibili naizen seinale. Bibelarra ere gorritxo baitzegoen han.

Joan den ilbete asteazkenekoan osatu zitzaigun garten astea. Aurrekoan esan bezala, hasiera gozo garbi gardenak, igandetik aurrera izanen zuen jarraiera iparra bere bidetik zetorrela, itsasotik arrimatzen zitzaigula. Egun horiek emango zigutela larrazken honen segida nolatsu letorkigukeen. Erreparatuak izango zarete, noski.

Ni jardun naizen paraje haietan, hemen baino zeru garbiagoak izan ditugunez, euria ere 5-7 ordutan besterik ez, hona etxeratzean, bestelako kontuak topatu ditut hemen eguraldi papertxoen zerrendetan. Hemen bertakoa bizi izan ez dudanez, ezin zehazta dezaket nolatsu portatuko den udazkena. Baina, niri ez dit inportik: aro udazkenekoak berak esango baitit norainokoak ziren hemengo giro ta aroaren zehaztapenak.

Hori bai: koarta-tenporen zortzi egunek, uste dut, bi alde nahikoa berezi ta markatuak utzi dizkigutela: hasierako egun garden gozozka haiek hasteko, ekialdeko haize xume eztia lagun, goiz freskoz (atzo ta gaurkoen antzekoekin) eta hegoaldeko haizeari bidea zabalduz, goiza bezala arratsalde epel utziz… eta bigarren atala berdotsxeagoa, iparra etorri zaigulako, mendebaletik abiatu eta, gero eta tenteago, iparraldeko hegazti migrarien lehen soinuak abisatuz, tenperatura apalduz, euri zarraztadak utziz, umel giroa berdetuz, mendietako elur bustia gaztigatuz… Ez litzateke udazken arraro trabestia izango, naturala eta normala baino. Hala espero!

2 thoughts on “Hor nonbait!

  1. Normala Irailean elur bustia gailurretan?

    Eskerrak eman tenporei buruzko aipamenegatik. Badirudi bai, bi parte erabat ezberdinak izan dituztela hemengo udazkenak nolakoak izaten diren erreflejatzen dutenak. Udazken arrunta beraz, elur busti horrek zalantzak utzi dizkidan arrren abendurako giro hotz xamarra edukiko ote dugunaren aldera. Baino hori normala litzateke bai.

  2. aupa!!
    Aurtengo udazkena nolako etorriko den jakite gustatuko litzaidake.Zure iritzia jakitea gustatuko litzaidake, gauza hauek interes berezia sortzen baitidate.Eta bide batez, begia pixka bat luzetuz edo, neguari begira dituzun susmoak ere entzutea asko gustatuko litzaidake.Erantzun ahal izanez gero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude