Huntzaren hila

Irailaren azken egunak sartzen gaitu zelten egutegiko hamaikagarren zuhaitzaren itzalean. Zuhaitza? Itzala? Ez du ematen zuhaitza denik, besteen bizkar mantentzen dakien kerizpe ilun itsia duen orlegi iluneko beti berde dirauen honek. Oraintxe dago lora pipita ttikiak, botoi berdexka batean zetozenak hazten ta zabaltzen. Erleentzat azkenengo loreetakoa: estimatua dute. Hegazti askoren neguko elikagaia prestatzen ari da huntzarengan gure natura ama maratza.

Mahatsondoari jarraika dator Huntza. Berpiztea islatzen duten landareak dira biak, kiribilka espiralean aihenatzen direlako. Mahatsondoa lotuagoa egondu da berpiztearekin, landarearen indarra ta espiritua ardoaren baitan gordetzen ta hobetuz kontserbatzen delako. Britainia Handiko irletan, berriz, tabernetako ateburuetan, gure baserrietan eguzkilorea bezala, han huntza-sorta esegitzen dute, ardandegia seinalatzeko. Noski, atsotitzak hori apuntatzen du: Ardo onak ez du untza-sortarik behar! Triniti Colege Oxfordekoan huntza-garagardoa egiten omen dute, erdiaroko edari uxualaren antzerakoa.

Bakanaletako apaiz emakumak, ordea, kuleto faltsoa, amanita muskaria zerabilten behar zuten giharre ta indarra handik sortzeko. Kuleto hau, Traziatik iparraldera, urkiaren azpian sortzen omen da; Greziatik hegoaldera, berriz, izeipean. Iparraldekoa gorri bizi-bizikoa da, bere orban ttiki txuriekin. Hegoaldekoa, teila kolore edo lur arrekoa.

Britainiako gabon-kanta erdiarokotan, gorostiaren ta huntzaren arteko norgehiagoka bat aipatzen da usu, biak izaki hostorik galtzen ez dutenak. Usadio aspaldiko batetik omen dator: Gari-garagar uztak burutu ostean, azken gari-azaoa huntzaz dotore lotuta eraman ohi zen elizara. Horri deitzen zioten maiatz-uzta, uzta-andregai, edo baitere huntza-neskatoa. Baina, beranduen zebilen laborariari, urte osoan etxean bertan eduki arazten zioten azao dontsu hori. Hori zen berantiarraren isuna. Zorte gaiztoaren seinaletzat hartzen zen, eta jakina, etxean zeukala emazte huntzezkoa ziotsaten. Hntza zuhaitzaren bizkar bizi den bezala, urte hartan haren etxean emaztea huntzezkoa zela eta iseka nozitu behar izaten zuen.

Huntzaren hila, irailaren 30etik urriaren 27ra bitartean doa, huntza loretan puri-purian dagoeneko sasoian. Zozoek gordeleku bikainik badute huntzaren txoko bakoitzean: zer jana ere bai negu gogorrenean. Ondo lapatuta bizi da huntza: baina besteren bizkar hartzen duena, bere zain ta sustraietan janaritutakoaz osatzen du. Beti bizirik dirau: negu zailen gaiztoenean ere, apenas maxkalduko zaion hostorik, ezta elurpean ere: orduantxe egongo da fruitutan oparoen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude