San Andres

Badu jaierarik gurean, ez feri-munduan bakarrik. Bizkai aldean 11 eliz zein ermitetan dager San Ander. Gipuzkoan, 14 gunetan. Araban, artean zabalxeago: 20 parrokiatan zein ermitetan. Eta Nafarroa handian: 51 txoko ditu San Andres apostoluak bere deboziogune, direnak nahiz izandakoak.

Baina, ez elizetan eta debozionetan bakarrik. Urteko mugarrietakoa genuen nonbait baserriko eta laborarien bizitzatik: sasoiak agintzen zuen, azaroko lanen tartean eta negubide aldapatsu beldurrezkoan. Atsotitzek seinalatzen digute estrata nondik doakeen:
San Andres, txerria askan trabes

Nobedaderik ez

Goizari neurria hartzea gustatzen zait. Argiari tamainatxoa, haizeari xuxurlario mintzo xurrumurru disimulatua. Horrek hazi egiten du eguna goizetik, puztu barrua. Harik eta irrati nahiz gosaritako komentario, eguneko nobedadeekin topo egiten duzun artio

Intsusaren hila

Hara 13. zuhaitza, urtea burutuz azken “28koa” osatzen duena, eguzkiaren jaiki nahia axkartuko duen abenduko zuhaitz osasunaren laguna. Edozein lur zakar, edozein baxter, edozein harri malkar, umel antza izatea, nahikoa zaio intsusa guztiz konforma errazari. Esker onekoa da. Nahikoa duzu, adartxo bat hartu, eta lurrean iltzatuz sartzea: zainak bota, eta emango dizu agudo hosto eta lore. Urik gertu badu, hobe: bikoiztuta datorke.

Kultura askotan sorginekin lotua dator intsusa beltza. Ez ukendu ta botiken sekretu sorta berekin duelako, den dena aprobetxatzen baita intsusarekin: hostoak, loreak, freskotan bezala ihartuta, fruituak, azal mintza barrukoa… zer ez? Europaren bihotzean sekulako estimua zioten: gurean erramuaren pare, baserri bakoitzak bazuen bere intsusa parea aldamenean. Maiatzetik abuztura loretan egon daiteke, non kokatuta dagoenaren arabera. Fruituek, gero, luze irauten dute, txori tentatuek jan ezean, abendua aintzinatu arte edo.

Zeltiar sineskeria baten arabera, intsusaz egindako sehaskan haurtxoa ipiniko balitz, haren galera litzateke, ubelduraz eta atximurrez baltzituta utziko omen lukete sorginek. Horregatik, zelten artean sehaskatarako, deskuidorik gabe, urkia erabiliko zuten, urteko lehen zuhaitza, hasieratik beretik sorginkeria eta deabrukeria guztiak uxatzen dituen zura eta zuhaitz xuria.

Irlandako sineskerien arabera, sorginen erratz magikoak ez dira lizarrez egiten; abiada berexia emanen dien zaldiko maldikoa, intsusa beltzaren urteko adar lerdena izanen da, ukendutarako aproposa hain justu. Ez zuen fama batere onik intsusti bateko lore usain sarkor berezi horrek: herioa zekarrela uste zuten noizbait, eta hori, sendagai eta botiketarako hain egokia zela jakinik. Ez du batere fama onik, alafede! Langland jaunaren liburuan, Judasek intsusatik zintzilik urkatu omen zuen bere burua. Spencerek, berriz, intsusa eta nekosta parekatu zituen, biek duten herio adierazpen horregatik.

Sutarako apenas erabiltzen zen: deabrua ta sorginak etxean sartzea omen zen intsusa erretzea. Hango ziizt! eta zuuzt! intsusaren kanabera barruko mami arina ziztu bizian, suaren beroz jaurtiki ohi zenean! Lore ttiki, juntto juntto, xabal xabal horiek, platera baten gisara zabalik, distiratsu egon ohi dira sanjoanak inguruan: eguzkiaren solstizioa zaintzen dute. Gero, abenduan, neguko solstizioan, lore xuri haiek denak, ale beltx beltx ttiki pottolo eginda daude, eguzkiaren beherakada islatzen.

Intsusa izan zen, bai, galera eta hondamen guztien adierazle: i3. zuhaitz malapartatua agi danez. Bai al zenekien, “13” zenbaki gajoaren fama txar lastimazko eta deitoralea intsusaren zenbakitik zetorrena? Bost axola niri! Estimua diot. Hala loretan, estimu bizia udazkenean urteko zarba bakoitzari, barruko axal berdexkarekin ukendua egiteko; eta inoiz probatu izan dut bere fruitu ale beltxarana ere ardo txuritan edo anisetan gordeta. Intsus-ukendua aparta da erredurak eta kimio saiotan ahuldu eta erretako azala goxatzeko. Begietako gaitzak, erreuma eta handituak… zer ez da sendatzen intsusarekin!

Zuhaitzak kale

Udazken janzkera zuhaitzena egunero erreparatu dut. Eranzten, xoiltzen doaz. Sanidadezko larrugorri neguko geldoan sartzen. Kaleko zuhaitzekin akordatu naiz. Ez zaizkit gustatzen kalean: ez dute ondo ematen. Tokiz kanpo, lotsaz erreta bailiran, isil, mintsu topatzen ditut gajoak. Pertsona normala kartzelan nola? halaxe mintzatzen zaizkit arbola kalekoak, ez arbol natural eta ez zuhaitz normal. Urteberriko eguzki printzetarako, hosto berdel memeltxoak xabaltzen, gajo lotsatiak. Udaberria iristerako, orri zurrun orban baltzez gaisotuak dindilizka… Pena, benetako pena ematen