Ilbete espeziala

10ak eta 25 minutu (12,25), ilargia bere betetasun biribilenera iritsi eta arinbidean abiatu denerako. Portatu da duela 29 egun ilbetetik eurika hasi zen ilargia. Lehen zazpi egunetan, ostiralsantu arratsetik pazko asteko osteguna pasa artiokoan, 222,7 litro. Ez dago batere gaizki: 7 egun horiei 31na litro tokatzen zaizkie; elur eta guzti, trumoialditxoa ere bai, halaxe eman zion astesantuak ongietorria udaberriari. Neguko 90 egun denek beste litro eman zuen aste ilbeteko horrek. Gero ja, hurrengo 22 egunek 200 litro gehiago arrimatu dizkiote lehen aste gainezkako pazkotiar hari. Ez dira erreusak izanen: amalurrak, soin eta soinpe, gozatu ederrik hartu du. Udaberri ekarri onekoz eskertuko digu, ziur. Eskerronekoa da amalur bero udaberrikoa.

Neguko 3 ilargi maxkalagoen segidan, laugarren hau espeziala suertatzea ez da batere arraro eta ezohikoa. Ez dago beste hainbat urtetara begiratzea besterik. Nondik datorkio, bada, apirilari hain fama gaiztoa? Nondik dauzkagu antzinako ‘zozomikote’ entzutetsuak, gureak bezain europar kulturetakoak, martxo-apiril bitarte honetan suertatzen diren aurtengoak bezain egun euritsu zopanteak?

Zuek lasai: aurten bertan, antzerako kontuekin itzuliko naizelakoan nago, beste hilabete batzutan, pare bat aldiz, seguruasko…

Apirila indartzen

Aspaldiko giro aldakorrak ez digu utzi, seguruenik, eguzkiaren gainbide gero eta garaiagoari erreparatzen. Udaberrian sartu eta 23 egun hauetan zenbat irabazi ote dio egunak gauari? Ordubetetxo bat baote? Koska ttiki batez, pasa ere bai. Martxoko 21ean 6,17an jaiki zen eguzki jauna; gaur goizeko diana, 5,39an jo diote nonbait (gure zortzirak 21 gutxitan). 38 minutu, beraz, gauari kenduak egunaren hasieratik. Arratsetik, berriz, 18,27an irten zen ortziko mendebaletik martxoko 20an; gaur, 18,52ean dauka erretiroa seinalatua (gure bederatziak 8 minutu gutxiagotan),

‘Apirileko’ ilgora

Arratsaldeko 18 ordu eta 32 minututan (20,32) sartu gara ilgoran. ‘Cancer’ zeinua berea, ura eta hostoa lituzke bere ekarri nagusiak. Urak izanen du bere presentzia temosoa, halatsu baitator ilargi betetik honuntza. Aste buruzurian, ekarriko ditu egun pare bat garbi eta txukunagoak, astearte-asteazken inguru horretan, baina epe laburra izanen da, zeren, hegomendebalak hartuko du bere agintea eta, tenperatura epelagoekin batera, atlantiko aldetiko gorantziak ere ekarri nahiko ditu euri epelagotan. Ongarria izanen da zabaltzear dabilen udaberriko hostajearentzat.

Halere, ilargialdi honen aldrebeskeriaz kontu pare bat nahi nituke esan. Neguko 3 ilargialdiak bigunegiak badira (eta hori sarri gerta ohi da), laugarren ilargia portatzen da erabat beste aldera. Ilargi hau, astesantuan sartzen dena da, pazkoa bere aldamenera lotzen duena, justu. Hori gogoratzen digute hainbat atsotitz aspaldikok ere: