Abuztuko ilbehera

Bart, gauerdirako 11 minutu aurretik eman du ilargiak ilbeherarako xalto koxka. Erlojuen arabera, goizeko ordubiak 11 gutxiago zenean, justu. Geminis zeinuan sartu da oraingoan, orain astebete bezalaxe, airearen ikurrean. Eguratsa saneatzen doanez, bide beretik jarraituko duela, hala dirudi. Egun dotoreak botako ditu aste honetan, bero larregirik gabe, baina bero.

San Bartolome eguna izanik, herri mordoska batetako festak izateaz gainera, abuztuak duen maldan behera seinalatzeko data ere izan da gaurkoa. Begira honako atsotitz zahar hauek:

San Bartolometatik aurrera, elbiak buruz behera,
– San Bartolomiak ezkero, eulixak burua behera eta ipurdixa gora,
– San Bartolome ezkero, mendi txikik itzal haundie,
– San Bartolomiak ezkero, mugaondoa beltz.

Ez jakin, itsas aldekoa den edo lur barrenekoa: mugaondo beztutzen doan horrena, badaiteke eguna bera ere asko beheratzen doalako. Aste honetan bertan galduko ditu egunak bi ordu: gauari 11 dagozkio, egunari 13.

Porta dadila, egunez bezala gauez, porta dadila! Euli gajoak burumakur dabiltzelako dagoeneko… euliak bakarrik balira!

Ilbete, abuztu erdian

Gaueko hamaikak eta laurden aldera, ordu ofizialean 21,16 direnean, beteko da ahal duen eta borobilen ilargi amandrea. Abuztuaren erdi-erdian egokitu zaio. Izan ere, abuztu honek, (badakizue duela bi aste esanda) bi ilberri ditu, eta ilbete handi bat, gaur gaueko hauxe. Izango da ikusteko paradarik, lainateririk ibiliko den arren.

Aquarius ikurrean iristen da, airearen eta eguratsaren gardenetan joango zaigula adieraziz. Gaur zortzi abiatu zen ilgorak jada, bota zigun, joan den asteartean

Barruko jostura

Kanpotik eta barrutik ez dira berdin ikusten puntuak eta jostura. Aroak nolakoa ote du jostura izkutu barneko hori? Ez ote ditu kanpokoaren lege berak jostorratza sartu eta puntuak lotzeko orduan? Bada, ez; ez ditu batere berdinak. Hainbeste lanbro eta lanbro, ekaitz arratseko pare bat kenduta, eta azkenean…

Nolaz ibili gara azken koarta-tenporetatik 85 egun segido, iparra, ahula ia beti, baina ipar temati setatsu zitala, goizero eta i