Ilberria bakeoso hasieran

Atzo eta herenegungo tenplez abiatu da ilberria goizerdiko 8ak eta 12 minututan (10,12). Atzo goizeko hotzik gabe, tenple onean goietan, freskoago zokoetan, garaiari dagokion gisara. Halere, ilargittoak bere ikutua eman dio egunean zehar, iparhaize aspaldiko apopilo gurea, bere teman hortxe kokatu duelarik. Eta itxaron artean ere, bihar goizeko bederatziak arte, zenbateraino hoztu nahi digun ilargi txikiak bere lehen egun eta gauean.

Halere, etzi eta etzidamu egoskorkeri txikiren bat ekarri nahi badigu ere, ez dirudi aste honetantxe ekarriko duenik oker nabarmenik. Udazken bakeosoarena hortxe ibiliko da beti bueltaka. Eta ongietorria bedi gure baratze eta soro gero eta apurragoetan. Poz txiki bat bedere izan dezatela lurrari etekintxoa ateratzeko lanean jardun direnek. Beti besteri dirua ematen ibiltzea ere

Bake-bakean

Koarta-tenporak bake-bakean: eguratsak, aireak, haizeak, eguak, egu-aldi baketsua ote dakarkigute?

Irailak 17.eguna abiatzean, gauerditik izan zen aldaketatxoa: hegoa ekialdetik, farfailean. Ez ahul, ez indardun, tamainako iritsi zitzaigun, bake mezua hegaka partituz. Berria zen inguru hauetan, aurreko 4 hilabeteetan ataka ongi itxia utzi zion iparrak eta. Hurrengo egunetan zeharka-zeharka hor ibili da, disimuluan gehienbat, artean ere iparrak temati eutsi diolako aspaldiko etorriari. Halere, 4 egunetan eguzki bete mardula erakutsi ahal izan digu, eta batipat, lainateria aidatu eta eguratsa lehortu. Fruituondoak, masustak, baratzak pozik agertu dira dagoeneko. Solamente, 16 egun litroxka bat euri besterik gabe, lurrazala ta mendi belazeak hasi direla udazken kolorea janzten. Pagadiak eta hariztiak daude berde lotsagabean: udaberriko euriteak ongarri izan zaizkie, benetan.

Haize bakeoso ta modoxo horiekin joango ote zaigu udazkena? Hala esan leike. Ekialdekoa izan da nagusi, batzutan hego ikutuz eta bestetan ipar erasantxo ahulaz. Ur gutxirekiko haizea da hori hemengo lurrentzat: beste kostalde batzutan bai, ari den gisara, botako du artean ere. Haize lehorra bada: eta halakoxea behar du gure lurreko fruitu emanak: intxaur, gaztain, babarrun, sagar

Oteiza Jorge

Egun handia gaur Arantzazun. Oteizaren eguna ospatu dugu Arantzazu aldizkariak gonbidatuta. 400dik gora juntatu gara. Gandiaga Topagunean, Oteizaren beraren eta Gandiaga olerkariaren ahotsa entzun dugu: Oteiza bere erretolika filosofiko sakonean, Gandiaga Tiriki tauki-tauki mailuaren hotsa denoi esaten, guztioi kontatzen

mudabelarra berandutxo

Luze egiten ari zitzaidan udazken zeltenaren hasierakoa atala (abuztuarekin hasten baita haientzat udazkena). Txorien muda garaia tristea izan mendialdeotan. Gajoak isilik: aurrera etorri, hegope ta lepondoak xarpa jantzian, lumartean soiluneak dituztela, urteroko

Bakoitzak bere otoitza

Goizeko jardun nire baitakoa naturaren otoitz-liburuan dut gustukoen. Hor nintzen gaur zazpirak aurretik, egun-usaintzerako. Lainobera lehortxoa inguruan. Apatx egin zangoak gurutzatuz eta hantxe egon natzaio orduerdi mantxoan, sor-txundian, natura eskertuz, harriduratxo irrifarrezkoan gogoa bahitu baitit.

Txotx baten gerri luzexkako kardugozo iharrean gora 23 zm igota, auskalo zenbat minutu kostata, han nuen zurtoin mehe luxean bilduta, lapa-lapa bare pottoloa. Nire behatz lodia flako uzten duen bare lerdena, kardu zurtoinaren ulebixi ttentteak aho-zerratxoaz denak garbituz igota: hostorritxo berde bakarra jangai eta haretxen usainetan goititua. Bi antenatxoak motx-motxean, orritxoan gorputzerdi gerriaurrekoa zintzilikatuta, kantoi gogorxea utziz erdiko mamin berdegozoena xerra-xerra-xerra horzkatuz, mantxo bigunena apartatuz… ni pozik begira, bale ttiki baten buru leuna zirudion lepagainean, bi begitatik bat zabaltzen zidan tarteka, haizebabesekoa, bakeoso, jausteko batere beldurrik gabe. Otoitz naturalagorik!

Arratsaldez joan naiz orritxoa ikustera. Erdiko mami gordin gozoena zerrattikiz jana zeukan karduak. Ez du nonbait saltorik egin bareak, ez da jausi ere: ez lerde arrastorik, ez belar zapaldurik, ingurua txukun txukun aurkitu dut. Hostoa zulatua solamente, zurtoina garbi zuritua alde guztietatik. Betor krisia! Ez dauka beldur handirik nire bare pottolo bale-burudun ausart bezain mantxo bakeosoak

Ezta propio nahita ere

Gauerdian izan da. Aspaldiko erregalorik onena, oparirik garbiena eskaini dit/digu gure soinekoa den inguruko aire/egurats honek. Torizue datu bat edo beste, argigarri suerta dakizuen nire jarduna (batzuntzat xelebrea):

Bart, gaueko 11etan, ilargia ia betean hor goian genuela, eta hontz pare bat kanta-kantari, 14