Bakoitzak bere otoitza

Goizeko jardun nire baitakoa naturaren otoitz-liburuan dut gustukoen. Hor nintzen gaur zazpirak aurretik, egun-usaintzerako. Lainobera lehortxoa inguruan. Apatx egin zangoak gurutzatuz eta hantxe egon natzaio orduerdi mantxoan, sor-txundian, natura eskertuz, harriduratxo irrifarrezkoan gogoa bahitu baitit.

Txotx baten gerri luzexkako kardugozo iharrean gora 23 zm igota, auskalo zenbat minutu kostata, han nuen zurtoin mehe luxean bilduta, lapa-lapa bare pottoloa. Nire behatz lodia flako uzten duen bare lerdena, kardu zurtoinaren ulebixi ttentteak aho-zerratxoaz denak garbituz igota: hostorritxo berde bakarra jangai eta haretxen usainetan goititua. Bi antenatxoak motx-motxean, orritxoan gorputzerdi gerriaurrekoa zintzilikatuta, kantoi gogorxea utziz erdiko mamin berdegozoena xerra-xerra-xerra horzkatuz, mantxo bigunena apartatuz… ni pozik begira, bale ttiki baten buru leuna zirudion lepagainean, bi begitatik bat zabaltzen zidan tarteka, haizebabesekoa, bakeoso, jausteko batere beldurrik gabe. Otoitz naturalagorik!

Arratsaldez joan naiz orritxoa ikustera. Erdiko mami gordin gozoena zerrattikiz jana zeukan karduak. Ez du nonbait saltorik egin bareak, ez da jausi ere: ez lerde arrastorik, ez belar zapaldurik, ingurua txukun txukun aurkitu dut. Hostoa zulatua solamente, zurtoina garbi zuritua alde guztietatik. Betor krisia! Ez dauka beldur handirik nire bare pottolo bale-burudun ausart bezain mantxo bakeosoak

3 thoughts on “Bakoitzak bere otoitza

  1. Arantzazuk baditik, Bixente, hementxe bertan, urrutira gabe, goiztiriko nahiz arrasbehereko orduotan bakar natural sentitzeko txokoak. Bare horrekin miraz, apostoluengandik 70 metrora egon ninduan atzo goizean, orain natura bertan daukagulako.

    Barraskilo eta bare, beren mantxotasunagatik igoal, Joxeba, goizero bixitatzea gustuko diat: nolako ziztu bizi guretzako mantxoan doazen bakoitza bere gordetokira: egia duk, hain mantxo dabiltzanak, gaupasa eginda erretiroan doazenean, eguzki printzak txirrist egitean, abiada luzatuan, lepoluze joan ohi dituk, indarrean, ez pertsona gaupasero lotiak bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude