Urriko ilberrin

Ilargirik apenas denean, ilargiaren arrastorik ia-ia ezin ikusi denean, San Simon eta San Juda egunean, akabera amaieran, hortxe juxtu egiten du xalto ilberri beltx ttikiak, hazteko intentzioz antsiatsu. Datorren gaueko 23 ordu eta 14.minutuan baitu bere ordu-koxka; ordubete berantaxeago, erlojuen arabera, alegia, bihar goizeko lehen ordulaurdentxoa osatzear den unean.

Scorpius zeinuan datorkigu, uraren zeinuan, ez alferrik, benetan. Atzo eguerdian inguratu zitzaigun fronte itxi horrek 60 litro pasa utzi ditu pendiz hauetan. Oraindik bota nahiko du etzi eta etzidamu ere: orduan, alegia, euritan barrabarra. Datorren gauean, ordea, ilargitxoa xaltatzean justu, bota nahiko du, baina gutxiago eta hotzago, hori bai, bistosoago: inguruko mendiotan, batipat, aspaldiko kolore txuria, belazetako xixen ordez, ongietorria bedi, ongarria ere baibaita.

Euriosteko bisita

Atzo arratseko ilunkaran eta bart bota duen euri gozoarekin, susmatzen nuen nire bustilagunak lasai ta patxaran hortxe ibilian izango zirela. Zor nien bisita. Etxeinguruan armiarmak ziren pozik eta suelto, zintzilikario arin, arrantzaleak nola, sarekonponketan halaxe etsigabe, atzoko legez gaur goizean ere. Baina, kanpoko lagun bustizaleengana irten naiz, eguerdibidean, bestetan zeruertzera bezala, gaur pauso aurre gertura begira.

Barraskiloak erretiratuberri, pereza arrastaka zutela. Zizare handikote bat ikusi dut: kontuz hartu eta belazera erretiratu, porlangainean ez zebilelako toki seguruan. Aurrerago, xixare koxkor bat, txorien batek mokokatua, orbainik bazuena: hura ere baxter onean utzi dut mimotentuz.

Halere, atentzioa eta mira, hainbeste ikusi ditudanez, bareen kolore margo aberatsetan pausatu zait gehienbat. Zenbat margo tonu ta

Asteartean ilargia

Asteartean dizu urriak ilargi koskaren eguna. Gaur ilgora, gaur zortzi, betea; gaur hamabost, ilbehera; eta azken asteartean ilberri mesfidatia. Goizeko 9ak eta 4 minutu zirenean, eguzkiak laino motz sorta batzuk gorriz ongi tindatu ostean, orduantxe pasatu da ilberritik ilgorara, artean bestekaldean zebilen ilargi arina. Arratsaldeko lauretan zen ateratzekoa: apenas ikusiko zenuten.

Joan den larunbat arratsetik hona izan dugun eguraldi gozo baketsua 3 egunez gustura estimatu eta gero, hegohaizea zarpailduz iritsi da gaurko ilgoraren eragina. Haizeari eman dio kuerda, bart gaueko mendebaletik iparmendebalera jiratzeko; iparrera hurrena datorren gauean, frantzipar hotzagora bihar arratsetik, etzaten joango delarik pixkeka nafar-hego gozo itzultzeraino. Han epelduko ta gozatuko omen digu eguratsa. Ez dakit ba: mediterranear itsasotiko umela honaino iristarazteko beste talenturik izango duen haizeak. Han bai, lanak emango ditu.

Nolanahi ere, eskertzekoa da euritan dakarkigukena, nahikorik ez bada ere. Irailaren 15eko ilbetea lehorretik abia zitzaigun, eta sekante, hegohaize xumez lagunduta. Euria poliki, 20 litro inguru pendiz eta malkar hauetan, joan den asteko ostiralean. Eta kitto, gaurko pittar hau arte. Gutxitxo, aukeran ilargialdi oso batentzat!

Urriko ilberriarenak

Urriko ilberrin, elurre Aizkorrin,
Urriko elurra, bost hilabeteko elurra,
Urriko ilberrian elurra ageri bada, zazpi ilberritan ikusiko da,
San Miel ilberriko elurre, neguko ta maiatzerainoko elurre.

Banaka hartu eta, igoal ez dizute gauza handirik esaten. Dozenerdi bat urtetan nola egiazta izan ahal dudan hauen ekarria, niretzat dozena liburutatik baino gehiago ikasi dut erranairu zuzen hauetatik. Ez daukate ezertxo ere asmaturik. Ez eta ezer alferrik landurik. Ikusi dutena, bakoitzak bere aldetik esan: hori besterik ez, baina