Ilberritxo hoztua

12,22tan (13,22) ilargiberri ttikiak buelta hartu eta hazten abiatuko da. Kaprikornio ikurrean egokitu zaio gaurkoan, lurraren eta zainen patxadako sasoian. Udazkenez oparitu digun ur zoparen ostean, azpiko zuztarzain sarea lanerako pronto dago. Eguna eta argia luzatzen abia orduko, agudo antzemango zaio naturako joran gutiziari. 8 minutu luzatu du eguzkiak arratsaldeko bere erretiroa. Goizetik, ordea, oraindik azken koxka atzeratzen dabil eguzkia. Halere, egunak oroar, dozenerdi bat minutu irabaziak ditu dagoeneko. Hurrengo egunotako hego bafadatxo horiek, ilberriaren elur beldur handirik gabe, gardulora horiak laister tentetuko ditu, hartaratuak zeuden joan deneko eguzki goxotan eta.

Halere, i

Eguberri 2008

Egunari dagozkion tamainako hitzak eta halakoxe mezua entzun dugu Arantzazun meza nagusikoan. Ondorengoa Joxe Arregirena duzu.

Adiskideok: Zorionak eta Eguberri on! Horixe esan nahi nizueke gaur bihotz-bihotzez beste ezeren gainetik. Eta hauxe bakarrik esan nahi dizut funtsean: zorionak! Zer geratu da, bada, gaur elkarri zorionak emateko? Neguko solstizioa ote, alegia negu minean eguzki berria gorantz abiatzen zaigula, udaberrirantz, eta lurrean biziak urtaroen ardatzean aurrera jarraitzen duela? Bai, hori ere bai: eguzkia bizi da, eta biziarazten gaitu, eta izadi lokartua laster biziaraziko du berriro. Zorionak!

Halere, kristauon begietan, beste gertakari bat nagusitzen zaio gaur eguzki berriari: “Hitza haragi egin zen”, esan digu Joanen Ebanjelioak. Hitza giza haragi egin zen Nazareteko Jesusengan. Gure haragi egin zen, atseginezko eta nahigabezko gure haragi, eta ez gaude bakarrik. Zorionak! Gu bezala jaio zen, guk bezala gozatu zuen eta guk bezala sufritu, gure larritasuna eta etsipen mingotsa dastatu zituen, gu bezala hil zen eta heriotzaren isiltasun izoztuan hondoraino erori zen. Baina on eginez igaro zuen bizitza, eta Jesusen ontasunean Jainkoaren ontasuna ikusi genuen, Jesusen zorionean Jainkoaren zoriona, Jesusen gupidan Jainkoaren gupida, Jesusen hurkotasunean Jainkoaren hurkotasuna, Jesusen hitz kontsolagarrian Jainkoaren hitz kontsolagarria, Jainkoaren arnasa biziemailea, Jainkoaren espiritu berpiztailea. Kristauok haragizko Jainkoa ezagutu dugu haragizko Jesusengan. Eta lotsarik gabe ahuspezten gara Belengo estalpean, Jainko haurtxoa umilki adoratzera eta elkarri zorionak ematera.

Areago, edozein haurtxoren eta edozein gizakiren aurrean ahuspezten gara gaur, giza haragi apalaren aintza eta goratasuna aitortuz. Bere buruaren bila dabilen gazte drogazalearen, bere buruaren jabe ez den zahar abandonatuaren, lanik eta familiarik eta herririk ez duen etorkin mespretxatuaren aurrean ahuspezten gara eta Jesus bezala agurtzen ditugu, haiek ere jainkozkoak baitira, Jesus bezala. Eta areago: harria eta landarea eta aberea ere jainkozkoak dira, eta gaur izaki guztiak beneratzen ditugu, lur eta mami berekoak baikara denok eta Jainkoak bere egin baitu guztion lurrezko haragi apala. Jainkoa ere ez dago bakarrik, ez urrun, ez goian, ez aparte. Munduaren bihotzean dago, gure izaeraren muinean. Horixe ikusten dugu kristauok Jesusengan beste inon ez bezala, eta horregatik jarri genuen Jesusen jaiotza abenduaren 25ean, eguzki berriaren sorrera-egunean.

Baina kristauok ez dugu zertan pentsaturik, Jainkoaren haragi hartzea unibertsoaren historian behin bakarrik eta leku bakar batean gertatu den gertakari bitxia dela. Den guztia Jainkoaren hitzak egina da, esan digu Joanen ebanjelioak, eta bizidun ororen bizia da Jainkoaren hitza. Nonahi eta noiznahi, betidanik eta betiko, izaki guztien bihotzean dago Jainkoa; edertasunezko distira eta maitasunezko sugar gordea da, ontasun zoriontsua izaki bakoitzaren barne-muinean. Egia esan, horixe adierazi nahi izan dute funtsean munduko erlijio guztiek, bakoitzak bere erara: izaki bakoitzaren funtsa Brahman bera dela erakusten du hinduismoak, izaki ororen izaera budikoa baieztatzen du budismoak, Jainkoaren presentziak kreazio osoa biltzen eta betetzen duela aitortzen du judaismoak, Jainko errukiorraren hitza Koraneko liburu bihurtu dela sinesten du islamak. Kristauok Jesusengan jartzen ditugu begi-bihotzak: Jesusengan begiratzen dugu Jainkoaren gizatasun betea eta gizakiaren jainkotasun betea; Jesus errukiorrarengan, Jesus sendatzailearengan, Jesus gurutziltuarengan, eta gaur bereziki Jesus haurtxoarengan. Ez diogu Jesusi ezer kentzen: Jainko ikusezinaren aintza gorena begiratzen dugu haren gizatasun gupidatsuan. Eta gizatasun gupidatsu horixe bizi nahi genuke, harik eta gure bizitza osoa, Jesusena bezala, jainkozko izango den arte, Jainkoaren errukiak eta ederrak dena bete dezan arte. Jainkoarengandik dator dena, eta Jainkoarengan jainkozko izatera deitua dago dena, Jesus bera bezala. Den guztia jainkozkoa da funtsean, eta osorik jainkozko, hau da, osorik on eta zoriontsu izatera deitua dago den guztia.

Baina nola emango dizkizut zorionak triste bazaude, edo senarra hil badizute, edo semea kartzelan baduzu? Nola emango dizkiogu zorionak paperik ez duen etorkinari, edo patera batean heriotzaren lurraldetik bizi ezinaren lurraldera iritsi denari? Ez, ez da erraza, baina begira dezagun Belenera: horra Jainkoa munduaren barrenean, beherenean, pobreenean, zaurituenean; horra gizadi eta izadi zauritua Jainkoaren bihotzean. Jainkoa ere gure haragizkoa da. Gure haragia, bere poz eta min guztiekin, Jainkoaren beraren haragia da. Izaki guztien gozamenezko dardarak eta oinazezko ikarak Jainkoaren gozamenezko dardara eta oinazezko ikara dira. Ontasun eta zorion betetik urrun gaude, ontasun eta zorionetik urrun dago mundua, bai, baina Jainkoa geure haragian daramagu eta saia gaitezke dena jainkotzen. Bihur dezagun guk ere hitza haragi, Jesusek egin zuen bezala: hunkituz, errukituz, zauriak gozatuz, zoriona eskainiz, ontasunean zoriontsu izanez. Gure lurrezko eta arnasazko mundua ez dago bere kasa utzia, ez dago galdua, ez dabil noragabe erraturik, ez dator ezerez ilunetik, ez doa ezerez hotzera. Ez gaude bakarrik, ez zaude bakarrik. Jainkoa gurekin da, eta Jainkotu gaitezke. Jainkoa zurekin da, eta kontsola zaitezke! Zorionak!

Goiza halakoa!

Egu bertsua, baina ez egurats bera, ezta egualdi berdina ere. Izotzak jo du zurizuri. Bihurgune labainaskorik ere bazen goizerdian. Errekalaino itxuitxua hainbat errepide baxuetan.

Zeru oskarbiarena, izotza. Erlaino ezoa erreka mugan. Zeruertz garden garbiena goietan, 400 metroz goiti. Urdin tatxagabea xurbiltzeko hor dira harat-onatako hegazkin goitituak. Eguerdirako dauzkagn laino zibeltxo xurixkak, hegazkinen ipurtodietako lurrinez lurrundu eta goietan krixtalixpituak dira. Izanen dira zerua xurrupiltzeko gehiago, orduak pasa ahala.

Eguzkitako gozoa beroxka ere badela esan behar dut. 17 gradu eguerdian, bada, badenez, santomas biharamun edo inguruotako santamasetarako. 500 metro behera, 2

Elurte bakoitza, bakoitz

Lautatik lau. Alegia, lauak bereziak, bakan ta bakotx.

Honen aurrekoak euri basa zuen azpitik: 20 litro elurretan bota arren ezin zuen ezarri, alferrik ari zuen halako emanean. Atertu eta eguzkiak ordupare batez zorua lehortzea nahikoa, orduan bai, elur maluta mantxo mara-mara bakeosoan ezarri ahala sendotu baitzen mukuru.

Atzo goiztirian bestela topa zuen lur zorua elurrak. Oskarbiune zabaltxo pare batek jo eta bota zuen izotz geruzatxo gaxtea. Goizeko bostetan abia zen elur maluta txiker ugaria, jausi ahala, izotztxoaren ohantze hotz lehortuan pausatzen zena mantxo ta isil. Goizak orduak bete ahala, zentimetroak goititzen zihoazen: arratsaldean 20tara iritsia izango genuen.

Guardasola zabal tenkatuena hartu eta larruots xurrumurrua entzutera aterazalea naiz. Maluta hots goxokoa baita guardasol zabal tiratuan: bateria alanbre-eskuilaz nola, halaxe, bateria-larru xuxurla gozatuz pausatu nintzen behin eta berriz; beharko pausa pausoa, elur berri lehorrak botapean urratsero aienetxo luzexka ta hozkirriduntxoa egiten baitu. Dorreko kanpaiak marranta berezia du elurrak zoko guztiak estaliz betetzean: dunnn ta dannnbarik gabe, ddun ta ddin arraro oihartzunbakoak uzten ditu dorre altuan galduta, zintzilika ezinik.

Eguzki printz bakan batzuk egin ziguten bisita laburrik atzo arrats gaztean. Baita bat-bateko trumoi-ostots lakar labur bat ere. Bertatik guardasolaren kirtenari erreparatu nion: ez, ondo nebilen, egurrezkoa nuen. Berriro geldi, pausatuta koka nintzen baxterrean. Banekien bateria soinu kixkorragoa hasiko zuela: segundu apur batzuk eta hor nuen kaxkakaxka kaxkakaxka etenbakoan kixkori susmurra. Gustatzen zait soinualdia neurtzea: trumoiak lehertu duen lainotzarraren parepareko neurria ematen baitu

Berrogeialdian

Beldur zen berrogeialdiekin gure baserriko aitona. “Ostiraleko trumoia bakarrik ez, baditu sorgin gehiago berrogeialdiak”, gogorarazten zigun eguraldiak berdotsaldi luzea zueneko. Gure parajeotan, noski, gehienetan nozitzen duguna eguraldi makur eta eroriarena baita. A zer nolako ilargi eta erdi doazkigun…

Badira, halere, bestelako berrogeialdiak, bestelako lurralde eta hemisferioetan ere, nonbait. Fr