Eguberri 2008

Egunari dagozkion tamainako hitzak eta halakoxe mezua entzun dugu Arantzazun meza nagusikoan. Ondorengoa Joxe Arregirena duzu.

Adiskideok: Zorionak eta Eguberri on! Horixe esan nahi nizueke gaur bihotz-bihotzez beste ezeren gainetik. Eta hauxe bakarrik esan nahi dizut funtsean: zorionak! Zer geratu da, bada, gaur elkarri zorionak emateko? Neguko solstizioa ote, alegia negu minean eguzki berria gorantz abiatzen zaigula, udaberrirantz, eta lurrean biziak urtaroen ardatzean aurrera jarraitzen duela? Bai, hori ere bai: eguzkia bizi da, eta biziarazten gaitu, eta izadi lokartua laster biziaraziko du berriro. Zorionak!

Halere, kristauon begietan, beste gertakari bat nagusitzen zaio gaur eguzki berriari: “Hitza haragi egin zen”, esan digu Joanen Ebanjelioak. Hitza giza haragi egin zen Nazareteko Jesusengan. Gure haragi egin zen, atseginezko eta nahigabezko gure haragi, eta ez gaude bakarrik. Zorionak! Gu bezala jaio zen, guk bezala gozatu zuen eta guk bezala sufritu, gure larritasuna eta etsipen mingotsa dastatu zituen, gu bezala hil zen eta heriotzaren isiltasun izoztuan hondoraino erori zen. Baina on eginez igaro zuen bizitza, eta Jesusen ontasunean Jainkoaren ontasuna ikusi genuen, Jesusen zorionean Jainkoaren zoriona, Jesusen gupidan Jainkoaren gupida, Jesusen hurkotasunean Jainkoaren hurkotasuna, Jesusen hitz kontsolagarrian Jainkoaren hitz kontsolagarria, Jainkoaren arnasa biziemailea, Jainkoaren espiritu berpiztailea. Kristauok haragizko Jainkoa ezagutu dugu haragizko Jesusengan. Eta lotsarik gabe ahuspezten gara Belengo estalpean, Jainko haurtxoa umilki adoratzera eta elkarri zorionak ematera.

Areago, edozein haurtxoren eta edozein gizakiren aurrean ahuspezten gara gaur, giza haragi apalaren aintza eta goratasuna aitortuz. Bere buruaren bila dabilen gazte drogazalearen, bere buruaren jabe ez den zahar abandonatuaren, lanik eta familiarik eta herririk ez duen etorkin mespretxatuaren aurrean ahuspezten gara eta Jesus bezala agurtzen ditugu, haiek ere jainkozkoak baitira, Jesus bezala. Eta areago: harria eta landarea eta aberea ere jainkozkoak dira, eta gaur izaki guztiak beneratzen ditugu, lur eta mami berekoak baikara denok eta Jainkoak bere egin baitu guztion lurrezko haragi apala. Jainkoa ere ez dago bakarrik, ez urrun, ez goian, ez aparte. Munduaren bihotzean dago, gure izaeraren muinean. Horixe ikusten dugu kristauok Jesusengan beste inon ez bezala, eta horregatik jarri genuen Jesusen jaiotza abenduaren 25ean, eguzki berriaren sorrera-egunean.

Baina kristauok ez dugu zertan pentsaturik, Jainkoaren haragi hartzea unibertsoaren historian behin bakarrik eta leku bakar batean gertatu den gertakari bitxia dela. Den guztia Jainkoaren hitzak egina da, esan digu Joanen ebanjelioak, eta bizidun ororen bizia da Jainkoaren hitza. Nonahi eta noiznahi, betidanik eta betiko, izaki guztien bihotzean dago Jainkoa; edertasunezko distira eta maitasunezko sugar gordea da, ontasun zoriontsua izaki bakoitzaren barne-muinean. Egia esan, horixe adierazi nahi izan dute funtsean munduko erlijio guztiek, bakoitzak bere erara: izaki bakoitzaren funtsa Brahman bera dela erakusten du hinduismoak, izaki ororen izaera budikoa baieztatzen du budismoak, Jainkoaren presentziak kreazio osoa biltzen eta betetzen duela aitortzen du judaismoak, Jainko errukiorraren hitza Koraneko liburu bihurtu dela sinesten du islamak. Kristauok Jesusengan jartzen ditugu begi-bihotzak: Jesusengan begiratzen dugu Jainkoaren gizatasun betea eta gizakiaren jainkotasun betea; Jesus errukiorrarengan, Jesus sendatzailearengan, Jesus gurutziltuarengan, eta gaur bereziki Jesus haurtxoarengan. Ez diogu Jesusi ezer kentzen: Jainko ikusezinaren aintza gorena begiratzen dugu haren gizatasun gupidatsuan. Eta gizatasun gupidatsu horixe bizi nahi genuke, harik eta gure bizitza osoa, Jesusena bezala, jainkozko izango den arte, Jainkoaren errukiak eta ederrak dena bete dezan arte. Jainkoarengandik dator dena, eta Jainkoarengan jainkozko izatera deitua dago dena, Jesus bera bezala. Den guztia jainkozkoa da funtsean, eta osorik jainkozko, hau da, osorik on eta zoriontsu izatera deitua dago den guztia.

Baina nola emango dizkizut zorionak triste bazaude, edo senarra hil badizute, edo semea kartzelan baduzu? Nola emango dizkiogu zorionak paperik ez duen etorkinari, edo patera batean heriotzaren lurraldetik bizi ezinaren lurraldera iritsi denari? Ez, ez da erraza, baina begira dezagun Belenera: horra Jainkoa munduaren barrenean, beherenean, pobreenean, zaurituenean; horra gizadi eta izadi zauritua Jainkoaren bihotzean. Jainkoa ere gure haragizkoa da. Gure haragia, bere poz eta min guztiekin, Jainkoaren beraren haragia da. Izaki guztien gozamenezko dardarak eta oinazezko ikarak Jainkoaren gozamenezko dardara eta oinazezko ikara dira. Ontasun eta zorion betetik urrun gaude, ontasun eta zorionetik urrun dago mundua, bai, baina Jainkoa geure haragian daramagu eta saia gaitezke dena jainkotzen. Bihur dezagun guk ere hitza haragi, Jesusek egin zuen bezala: hunkituz, errukituz, zauriak gozatuz, zoriona eskainiz, ontasunean zoriontsu izanez. Gure lurrezko eta arnasazko mundua ez dago bere kasa utzia, ez dago galdua, ez dabil noragabe erraturik, ez dator ezerez ilunetik, ez doa ezerez hotzera. Ez gaude bakarrik, ez zaude bakarrik. Jainkoa gurekin da, eta Jainkotu gaitezke. Jainkoa zurekin da, eta kontsola zaitezke! Zorionak!

One thought on “Eguberri 2008

  1. Eguberri on! Testu bikaina da, sinestuta nago otoitz egin nahi duenarentzat, funtsean, berdin zaiola mezkita batean, eliza batean, edo urbian egotea. Dena den berriro ere zalantza bat sartu zait, azken aldian buruan daukadana, atera ezinik. Praktikan ez bada, kulturalki Jesus da guretzako eredu erlijiosorik gertukoena, zalantza barik. Baten batek esango du gautama siddharta “Budda” dala, baina en fin, euskal herritar batentzako kulturalki nahiko urrun geratzen dira halako arketipoak. Baina nire kezka berdina da orduan: gure eredu handi hori, Nazareteko Jesus, ume bezala ospatzen dugu eta gazte bezala gurtu. Non dago zahartzaroa bizitzeko eredua? Ezkondu (edo ez ezkondu, baina elkartu) eta umeak izan nahi dituenarentzako? 80 urterekin ere eguneroko bizitzaren erabaki eta zalantzei eta dilema etikoei aurre egin nahi (behar) dienarentzako maisua zein da? 33 urteko gazte batek betirako ereduak eman ahal dizkigu? kezkatuta nago horrekin ezen 33 urte bete baititut berriki eta mundu guztiak esaten dit “33 urte! kristoren adina!” baina nik bizitza asko estimatzen dut oraindik…
    Besarkadak, Pello.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude