Bataioko pregoia

Bart gauean ilargi bete aurpegihandiak agindu du: baita gauerdirako zetorren izotzari galga ipini ere hegoipunttu goxagarri bat hegaraziz mendikaxko elurtuen gainetik. Ilargiaren argi zuri distira iruditu zait Arantzazuko mezanagusiko Joxe Arregiren sermoia. Jesusen Bataioko eta gure bataioaren pregoia. Hauxe duzu:

Adiskideok: Jesus bataiatu egin zen. Horixe da Jesusi buruz dakigun gauzarik ziurrenetako bat: bataioa hartu zuela, eta bere bizitza bitan bereizten duen mugarri nagusia izan zela: bataioaren aurretik eta bataioaren ondoren. Hogeita hamar urte inguru zituen, eta berebiziko erabakia hartu zuen: Nazaret bere herria utzi, lanbidea utzi, familia utzi, dena utzi eta hor doa Joan Bataiatzailearengana, Jordan ibai aldera.
Goazen Jesusekin batera Nazaretetik Jordan ibaira. Gustura sartuko ginateke Jesusen barruan, gustura jakingo genuke haren motibo eta asmoen berri: zerk darama, zergatik doa, zer du gogoan, zer du bihotzean? Ebanjelioak ez digu horrelakorik zuzenean ematen, ez digu jakinmina asetzen, baina zeharbideko hari asko eskaintzen dizkigu, Jesusen barrua barrundatzeko. Eta Joan Bataiatzailea bera da Jesusen berri jakiteko zeharbide nagusia. Begira diezaiogun, bada, Joani.
Profeta handia izan zen Joan eta, profeta guztiek bezala, igarria zion bere garaiari eta, bere garaiaren bihotzean, Jainkoaren presentzia eta promesa isilari. Profeta guztiek bezala, begi zoliak zituen eta hitz zorrotza. Garai gogorra zen, gurearen antzera: latza zen nekazarien miseria eta erromatar inperioaren uztarria. Baina Joanek haratago ikusten zuen: ikusten zuen egoera hura ez zela halabeharrean eta etsipenez eraman beharreko zama, posible zela askatasuna, indar zanpatzaile guztiak baino indartsuago zela Jainkoaren bizi-arnasa beroa, bihozberritu eta munduberritu beharra zegoela, kateak eten behar zirela eta injustizia guztiak lastoa bezala sutan erre. Eta Jordanen bataiatzera gonbidatzen zuen ozenki: uretan sartu eta uretatik irten, bihotz berri eta mundu berriaren seinale.
Horixe aldarrikatzen zuen Joanek, eta horrexek erakarri zuen Jesus. Joanen mezuak bihotza ukitu zion, eta halako eran ukitu ere, non dena utzi eta Joanengana joan baitzen, beste askorekin batera, bataio eske. “Bai −esango zion Joani−, nik ere sinesten dut Jainkoaren mundu berrian, nik ere badut sugar bat neuregan, nik ere sumatu dut Jainkoaren espiritu ongilea nire espirituaren barnean, nik ere sentitu dut Jainkoaren maitasun gupidatsu eta ahaltsua. Nik ere amets bat daramat bihotzean piztua: aspalditik egiten dut amets, injustizia guztiak desagertuko direla eta sufrimendu guztiak gozatuko, Jainkoaren esku eztiari gure esku dorpea luzatuz. Nik ere lagundu nahi diot Jainkoaren espiritu berritzaileari mundua berritzen. Prest nago. Maisu, bataia nazazu”. Eta Jordango ur apal bedeinkatuetan murgildu zuen Joanek. Eta uretan behera eta uretan gora, inoizko bihozkadarik beteena, bere biziko barne-erasanik gozoena sentitu zuen Jesusek. Zerua zabaldu zitzaion lurrean, kreazio berriko Espirituaren hegada baketsua begiztatu zuen izadiaren gainean, Jainkoaren maitasunean oso-osorik bildua sentitu zuen bere burua eta izaki bakoitza. Eta uretatik atera eta Jainkoaren arnasa arnastu zuen bularra betean, mundu berrirako prest.
Hori izan zen funtsezkoa Jesusen bataioan. Gero, gauzak asko korapilatu ziren, korapilatu genituen. Bataioa bekatuarekin lotu zen eta bekatua erruarekin eta errua barkamenarekin. Joan Bataiatzaileak berak ere bekatuen barkamenerako bataiatzen zuen, eta horregatik kostatu zitzaien hainbeste lehen kristauei Jesusen bataioa ulertzea eta onartzea: Jesusek errurik ez bazuen, zer dela-eta hartu zuen Joanen bataioa? Galdera okerra iruditzen zait, erruaren eta barkamenaren ikuspegi moralista estutik egindako galdera. Jesusi, ordea, ez zion inporta bekatari eta errudun ote zen ala ez, edo bataio ura barkamenerako ote zen ala ez. Jesusi ez zion axola bekatuak, herriaren sufrimenduak baizik; ez zion axola erruak, nahita edo nahi gabe elkarri egiten diogun kalteak baizik; ez zion axola Jainkoaren barkamenak ere, Jainkoaren maitasun askatzaileak eta mundu berriaren promesa ziurrak baizik; Jesusek ez zuen ikusten Jainkoak inori ezer barkatzeko duenik, epaile apetatsua edo jauntxo iraindua balitz bezala. Jesusek ikusten zuen, Jainkoak bere arnasa maitekorrez dena berritu eta askatu nahi duela, bihotz eta mundu. Eta horrexen irudi dira bataioko urak.
V. mendean, berriz, jatorrizko bekatuaren dogma ezarri zen San Agustinen eraginez, eta jatorrizko bekatuarekin lotu zen bataioa, eta are gehiago nahastu zitzaizkigun gauzak. San Agustinek erakutsi zuen errudun jaiotzen garela guztiok, Jainkoaren etsai, infernura kondenatuak, eta bataioari esker barkatzen digula Jainkoak eta bere seme-alaba egiten. Jesusek ez zuen horrelakorik sinesten, eta gaur ez da inolaz ere sinesgarri. Ez, ez ginen errudun jaio, baizik eta ezinezko eta zaurizko mundu batean jaio ginen, eta hemen bizi gara harrezkero, egin nahi genukeen ona egin ezinez eta eragin nahi ez genituzkeen zauriak elkarri eraginez.
Izan, ikaragarriak dira munduko zauriak. Begira Gaza errukarriari, begira goseak hiltzen direnei, begira etorkinei. Zergatik bataiatzen gara, bada? Ez gara bataiatzen jatorriz errudun garelako, jatorriz maitatuak garelako baizik, eta jatorrizko grazian sinesten dugulako. Ez gara Jainkoaren seme-alaba bataiatzen garelako, baizik eta Jainkoaren seme-alaba garelako bataiatzen gara. Ongia gaizkia baino jatorrizkoagoa dela sinesten dugulako bataiatzen gara, eta Jainkoaren jatorrizko ontasunean mundua berritu nahi dugulako. Gizakiaren ontasunean sinesten dugulako bataiatzen gara, eta mundu hobea itxaro dugulako. Pairatzen ari garen krisi ekonomikoa aberatsenen onerako ez, baizik eta pobreenen onerako bideratu nahi dugulako bataiatzen gara, etorkinen arazo larriari beste irtenbide bat eman nahi diogulako, Gazako triskantza geldiarazi nahi dugulako, munduan inolako inperiorik nahi ez dugulako. Denok elkarren senide izan gaitezkeela sinesten dugulako bataiatzen gara, eta Jesusen Eliza senidetasun zabalaren gune eta ikur izatea nahi dugulako.
Sinesmen eta itxaropen horretan bataiatu zen Jesus, eta Jesusen sinesmen eta itxaropenean bataiatuak gaude gu, jatorrizko graziaren uretan. Eta hitz eman genuen eta hitz ematen dugu, jatorrizko graziaren sakramentu izan nahi dugula munduan, Jesus bezala.