Garizuma igandea

Garizuma serioa da. Halako itxura eman du aspaldian, eta hala dihardu nonbait. Gurutzea, kalbarioak, baraua, bijilia… horrek denak kristautasun triste ilunaren itxura zabaldu izan du. Udaberritik gehiago behar ote duen nago ni. Hala gaur goizean Arantzazuko mezanagusian sermoia egin duen Joxe Arregi ere. Udaberria eta garisoro garizumaduna ikusten ez duenik baden gisara, beste hainbat gauza ikusten ez ditugunok ere bagara… Ikusten asmatuko bagenu…!

Adiskideok: guk ere gustura esango genioke Feliperi: “Jesus ikusi nahi dugu”, gaurko ebanjelioko atzerritarrek esan omen zioten bezala. Irudiz eta notiziaz aseak gaude goizetik gauera, baina ez gaituzte asetzen. Garratzegiak dira askotan. Inoiz baino gehiago dakigu, baina gero eta ezjakinago gara. Inoiz baino gehiago ikusten dugu, baina ezin ditugu begiak bete. Jakinmin, ikusmin, jainkomin gara. Zenbat min munduan! Jesus ikusi nahi genuke, minak gozatzeko.
Eta zer dio Jesusek? Hona zer erantzuten dion Jesusek Feliperi, atzerritarrei, zuri, niri: “Ni ikusi nahi nauzuela? Begira gari-aleari. Ni ezaugutu nahi nauzuela? Begira gurutzeari”. Beste behin ere, zurturik uzten gaitu Jesusen erantzunak, zer pentsa. Begiratzen diogu gari-aleari, eta bai, ikusten dugu nola usteltzen den lurrean, eta nola ernetzen den lurretik. Galsoroak ari dira berdatzen, eta laster horituko dira, laster kizkurtuko dira, ogi gozoa egiteko. Baina begiratzen diogu Jesusen gurutzeari, eta zer ikusten dugu? Gizaki gaixo baten gorputz urratua, bihotza zulaturik, zainak bihurriturik, hezurrak trokaturik, burua makur, arnasarik gabe. Gizaki hila, gizaki eraila. Gizakiaren porrota. Begiratzen diogu munduari, eta gurutzez josia ageri zaigu. Gurutzeak nonahi, gurutzeak eta gurutzeak, lur planeta zoragarria ikaragarrizko gurutze-zelai bihurtua. Eta begiratzen diogu Jesus gurutzean josiari, eta zer? Bi mila urte dira, baina josita jarraitzen du, besoak zabalik, burua makur. Gari-aleak landare berde eta galburu kizkur bilakatzen dira. Baina gurutzean josiak gurutzean jarraitzen du. Eta Jainkoa isilik dago, Jainkorik bada. Gogoa ematen digu Feliperi esateko: “Hori ikustekotan, hobe dugu Jesus ez ikusi”.

Eta Felipek ondo ulertuko liguke, berak ere izan baitzituen zalantza eta ikara horiek denak, Jesusengan jarriak zituzten itxaropen guztiak zapuztu zitzaizkienean. Felipek ere, gainerako ikasleek bezala, bi mila urte hauetan kristau guztiek bezala, askotan erabili zituen galdera horiek barruan iraulka gurutziltzatuaren eta konta ezin ahala gurutziltzaturen aurrean. Askotan egin zion bere buruari gure galdera larri bera: “Non da Jainkoa, Jainkorik bada?” Hala eta guztiz ere, Felipek esango liguke: “Begira iezaiozu gurutziltzatuari, begiratu hurbilagotik, begira barruragotik”.

Eta baliteke orduan guk teologoengana jotzea, gurutziltzatuari hobeto begiratzen erakuts diezaguten. Eta baliteke teologo asko gurutzearen zergatia eta zertarakoa aspaldiko esplikazioen bidez esplikatzen saiatzea: “Jainkoaren borondatea betetzeko hil zela Jesus gurutzean, gure bekatuengatik hil zela, bekatuen zorra ordaintzeko eman zuela bizia, gure salbamena irabazteko edo gu berrerosteko sufritu zuela, Jesusen heriotzari esker barkatzen dizkigula Jainkoak geure erruak, eta horretarakoxe egin zela gizon eta horrelaxe agertzen digula Jainkoaren maitasuna”.

Oraindik ere nonahi irakurtzen eta entzuten dira horrelakoak Jesusen gurutzeari buruz. Esplikazio horiek balio al dizuete Jesusen gurutzeari begiratzen eta Jesus ikusten laguntzeko? Askori ez, ez digute balio. Nola sinetsi gurutzea Jainkoaren borondatea dela? Nola sinetsi Jesus gurutzean hiltzera bidali zuela Jainkoak? Nola sinetsi gure bekatuen ondorio eta ordain dela gurutzea? Eta nola sinetsi gurutzeko heriotza behar duela Jainkoak gure bekatuak barkatzeko? Nola pentsatu gurutzeak salbatzen gaituela?

Oraindik horrela mintzatu ohi gara, baina ez zait iruditzen hizkera zuzena, ikuspegi egokia. Eta nago, Felipek ere beste ikuspegi bat erakutsiko ligukeela gaur Jesusen gurutzeari begiratzeko, Jesusen gurutzean Jainkoa ikusten ikas dezagun, eta munduko gurutzeen aurrean itxaropena gal ez dezagun. Nago, Jesus gurutzean zergatik hil zen gogoratuko ligukeela Felipek lehenengo eta behin: ez zela hil Jainkoak hala erabakia zuelako, baizik eta botere erlijiosoak eta botere politikoak kondenatu zutelako; profeta librea izan zelako kondenatu zutela, emagaldu eta zergalari mesprezatuen lagun eta mahaikide izan zelako, bide-bazterretako zaurituen gupida izan zuelako, nekazari behartsuei askatasuna iragarri zielako, botere zapaltzaile guztiei aurre eman zielako, biziaren eta zorionaren eta askatasunaren Jainkoa aldarrikatu zuelako. Horregatik hil zela Jesus gurutzean.

Baina, eta zer? Non ikusten dugu hor Jainkoa? Non dago Jainkoa?, galdetuko genioke oraindik Feliperi. Eta Felipek hunkiturik esango liguke: “Hara, hortxe, Jesusen solidaritatean dago Jainkoa, Jesusen gupidan, Jesusen askatasunean, Jesusen zoriontasunetan. Jesusen ontasunean dago Jainkoa. Eta bere ontasun profetikoak eraman baitzuen Jesus gurutzera, Jesusen gurutzean dago Jainkoa, eta ontasun profetikoagatik gurutziltzatuak diren guztien gurutzean. Gurutziltzaturiko errukarri guztien oinaze-lagun da Jainkoa. Begira eta ikus Jesusen gurutzean Jainko gupidatsua. Begira eta ikus Jesusen gurutzean Jainkoaren gupida askatzailea. Gurutzean jositako guztiak askatzen ari da Jainkoa, zauri guztiak sendatzen ari da, hildako guztiak berpizten ari da. Ez al duzu ikusten? Begira iezaiozu Jesusen gurutzeari begi hunkituz. Begira iezaiezu gurutziltzatu guztiei bihotz gupidatsuz”.

Adiskidea: gurutzean josiak askatzen igaro zuen Jesusek bizitza, eta horregatik josi zuten bera ere gurutzean, baina Jainkoa Jesusekin zegoen, eta gurekin dago, izaki guztiekin dago, eta isilik eta ezarian zauri guztiak sendatzen ari da eta gurutze guztiak askatzen. Gure mundu urratuaren bihotzean ari da Jainkoa, biziari etengabe eragiten, larritasuna arintzen, oinazeak gozatzen. Eta zuk norbaiti gurutzetik askatzen laguntzen badiozu, zuregan ari da Jainkoa, galsoroetan ogi berria hazten, hazarazten ari den bezala. Horra hor zer ikusten dugun Jesusen bizitzan eta gurutzean, ikusten badakigu.

Ilberrik kuku

Arratsaldeko 16,07 (17,07) izan da ilberri koxka salto egiteko ordua.

Baina, gaur arratsaldeko notizia, hemen Arantzazun, kukuak jo duela da. Ohi duen gisara, hasieran lotsati eta banakako ibili ohi da, baina jo du. Martxoaren buruan izan ohi da gehienetan; atzera balebil, apirilaren hasieran.

Kontuz errepidean!

Arotenple grixa ta trixtea dugu gaurkoan. Errepide ta kamiotan kontuz ibiltzeko eguna.

Euria formal antzean, azkenekoz martxoaren 7an egin zuen. 15 egun bide lehorretan ibili eta gero, lanbroxuxtar eta xirimiri zirin pixka bat besterik espero ez denez, errepideak garbitu ez baino, zoru labainkorregiz utziko dizkigu ordu batzutan gaurko euri eskaskeriak. Alde horretatik, egun gaiztoa gerta daiteke gaurkoa.

Berrogeialdiz berrogeialdi

Gaur hamabost sartu ginen garizuman. Ilberri genuen juxtu orduan. Gaur ilbete. Goizeko 2,39an (3,39) osatu du aurpegi zuri betea. Behelaino guztien gainetik, hor genuen zerubetean, argi xuri xumea hedatuz. Hurrengo ilbetea ostegunsantuz egokitu zaigu aurten. Eta noski, ondoko igandea Pazko! Hebraitarren urteko festaburua, udaberriko bizi berde emankorra gogoratuz goraki ospatzen zutena.

Garizuma gogora ekarri nahi nuke, guk

Hau lana!

Gaur ondoezak emango dion beldur gara. Gure ermano baserritarraren iloba baten terrenotan pasa behar du ditxosozko AHT hizki larriekin idazten den eta ondorio larriagorik dakartzakenak (baserri horrentzat eta bertakoentzat behinik behin

Gaur preziso zozoa

Gaur preziso zozoa
Ez dakit jakingo zuen nire lagunak. Baina zain nenbilen goizero, leihoa zabalik, gure zozo beltxak noiz ekingo ote zion aurtengo kantaerari. Duela zazpi hilabete utzitako errepertorioa ezin gogoratuz ibiltzen da lehen bizpahiru egun otsail nahiz martxokoetan. Eta egia da, gaur ere entsaiotik gehiago zuen kontzertu benetakotik baino. Eztarria garbi dauka, hori bai: marranta puntturik batez