Ilgora mendekostez

Goizean goiz, aukeran, mendekoste eguneko ilgora: 3 ordu ta 23 minututan (5,23) abiatu da, bere indar gorakako ahalegin beteko guztiak tentetu nahian. Azken egun argi beteko hauek, haize mantxo egondarrez gozatuak pozik hartu dira alde gehienetan. Alde gehienetan esan beharko, agudo entzuten baituzu aitzakia merkerik:

Ilbehera biguna

Goizeko 7,27an (9,27) saltatu du ilbeherakako koxka, hortxe goian, paretik baxterreruntz izkutaberritan. Beherakakoan, indarrak botata, ahulbidean ibili ohi da gure ilargittoa. Akuario zeinuaren terrenoan dabilenez, aire garbi garden antzekoetarako joera ekarri behar du. Aste polita botako duelakoan nago, bero eta guzti, aspaldiko partez.

Ea behingoz gozatu bat ematen dion lurrari eta ludiari. Bada bai, belarrik bazterretan. Gure

Orkestrakide berriak

Goizeko hegaztien kantasaioak badu segidarik dagoeneko. Ama lokaturik denean harraren eginkizuna da zainketa sinfonikoa egin eta osatzea. Argixintak iratzar orduko, entsegu xaxtar xaltokakoan, batak bestea igoarazten du adarrez bezala tonuz eta soinuz.

Gaur goiza halakoxe soinujantzizkoa izan dute. Argixehe ta garden zehargitua nabaritu dute nonbait, lehorrean tamainakoa, eta afinazio xorrotxa ari zuten zuhaitz atril bakoitzetik. Nabarmen jantzi da orkestra azken egunotan: gordetoki oparo abaroa damaie zuhaitz kalpartuek. Bikoteka ikusten zirenek banakatu dira aste honetan: habitxokoak goxatzen dira emeak, harren jardunak gozaturik.

Halere, trofeo ttiki xume hauxkorrak poztu nau pozarren. Goiza aldenaz alde bete dit: bidexidor baxterrean, ia-ia zapaldu nuen. Makurtu eta kontuz-kontuz arrautz oskoltxo lehor erdibia jaso dut, hatzamar tartean ez zapaltzeko kuidadoz: margo ta azalez sasi-txoriarena. Badugu orkestrakide gaxterik: kornoingeles txiotsu borobilean abesten dio orain aitak, zozoak txanda ematean, zozo berritxuek ia denak tapatzen baitituzte gure baso gero eta sasituagoan. Tentuz mimatua ekarri dut nire trofeotxoa.

Maiatz ilbetea

Goizeko 4ak eta 3 minutu (06,03) eta ilargi betea orduantxe ezkutatzen. Atzo gauean ezin goza izan genuen bere talobetea, goialdea beztua baitzen ordu askotxotan. Betebetean aldegin digu goizean bistatik. Scorpius zeinuan dabil, uraren lagun oraingoan. Eta hala dirudi, bai bere betearoan eta baita meharbidean ere, hiruzpalau egunez urak lagundu nahi diola. Maiatza maiatz

Telebista piztua

Telebista piztuberritan esnatu naiz. Pantaila argitu baino lehen sintonia berezia du: festa xumetik builatsuenera pizten deneko sintonia goiztiarra. Brinko batean jantzi eta hor noa. Nire telebistak pantaila erraldoi handi biribil-borobila du. Zaping beharrik gabe noranahi begia luzatzea nahikoa, gauean azkonar axkarrak zakarrontzitik tiraka atera duen eta hortz zorrotzez zirpildu ta bizartu duen plastikopolts guztiz barrenustua pretilean zabarki utzia ikusteko.