Egunaren martxa

Ez dirudi, udaren bihotzean gabiltzelako, udamina hasiberritan (uztailak 23), eguzkiaren ibilbidea nagitzen hasi denik. Eguzki-paperean heliografoak errez uzten duen koxkari erreparatuz, arratsaldero jabetzen gara meteorologian gabiltzanok, eguzkia bere ibilbidea laburtzen hasia dela duela ja hilabete. Goiztar samarrok ere, txorien iratzargailua berandutzen doanaz ohartu garenok, beste horrenbeste: sanjoanetan laurak laurden gutxitan esnatzen ziren kantarittikiak (05.45), gaur laurak eta 20an hasten dute beren txirrintxo txiotxiozkoa (06.20).

Halaxe da, bai. Santa Ana biharamunean, 05.07an (07.07) jaiki da eguzkia. 04.44 izan zuen goizenik jaikitzeko parada, ekainaren 20ra arteko dozena egunetako goiz argi haietan. Kontuak ateratzen jarrita, 5ak aurreko 16 minutu haiei gaur goizeko beste 7 hauek erantsita, 23 minutu moteldu eta nagitu zaigu, goizean goizetik, eguzki ahaltsu biziarazlea.

Antzeratsu dabil arratseko nagi aitzakietan ere. 19.49rainoko permixoz ibili zen erretiroa brandutzen, egunik luzeenen arrazoitan, ekainaren 22tik uztailaren 2 arratseraino (horixe azken gau-permixo ongi baliatua). Gaur arratsean, 19.34an jarri diote erretreta unea: 49tik 34ra atzera eginez, 14 edo 15 minuturen tartea topatzen dugu hortan. Goizeko 23 minutu atzeratuak eta arratseko 14 aurreratuak, 37 minutuko sorta osatzen digute. Orduerdia osatu zuen joan den 23an, udamina estrainatzeko egunean, eguzki berantiarrak. Hiru ordulaurdenak osatuak izanen ditu san Inazio egunez. Abuztuaren 7an, ilargi betea iristean, ordubete eta minutu bat atzeratuak edo galduak izango ditu eguzkiak, gure egunaren kaltetan. Minutuka joango da jaikiera atzeratzen, orduan, goiza. Minutu eta 20 segundu inguru azkartzen, aldiz, bere erretiroa arratsalde partetik. Gure egunaren, eta bizimainaren zinu urterokoak. Ondo da, noiztik behin, erlojuari beste, gure erloju sanoen eta fijoen horren martxa ere, kontuan hartu eta erreparatzea.

One thought on “Egunaren martxa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude