Igandean Arantzazun

Joanek esan zion:
– Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.
Baina Jesusek erantzun:
– Ez eragotzi; ez baita inor, nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki esaka jardungo duenik. Hau da, gure kontra ez dagoena, gure alde dago
. (Mk.9, 38-40).

Atzoko ebanjelio pasarte honetatik abiatuta, halaxe josi zuen Joxe Arregik bere hitzaldia:

Adiskideok: Bai ederki ulertzen ditugula gaurko Ebanjelioko Joan apostoluaren hitzak: “Hori ez da gureetakoa. Ez du eskubiderik Jesusen izenaz baliatuz deabruak uxatzeko”. “Deabru” edo “espiritu gaizto” deitzen zitzaien garai hartan gizakiok barrutik nahasten edo bihurtzen gaituzten mekanismo psikologikoei. Gaur ez diegu “deabru” deitzen. Gaur “neurak” edo “neurosiak” deitzen diegu. “Deabruak” ez dira existitzen, noski, baina beldurrez, erru-sentipenez, konplexuz josita gaude. Eta ez dugu bakerik geure buruarekin, ez dugu bakerik besteekin. Nahi bai, baina ezin. Eta sufritu egiten dugu, eta nahi genukeen baino gehiago sufriarazten dugu. Gizaki gizajook neurotiko samarrak gara denok ere.

Eta Jesus? Jesusek ere izango zituen bere neurosiak, baina Jesus neurosi guztien sendatzailea izan zen batez ere: barruko nahiz kanpoko gaixotasunen sendalaria, barrua eta kanpoa bereizterik badago. Gaixoengana hurbildu, eskutik heldu, konfiantza eman, samurki begiratu, eztiki tratatu… eta horrelaxe sendatzen zituen neurosiak, askatzen zituen loturak. Horrela sendatzen gaitu, askatzen gaitu. Eta poz ematen digu.

Jesusen sendalari fama bizkor zabaldu zen, eta bat baino gehiago probatu ziren garai hartan, ea beraiek ere gauza ote ziren Jesusen izena aipatuz gizon-emakume gaixoengandik “espiritu gaiztoak” uxatzeko, hau da, gizaki gaixoen barru eta kanpoko korapilo ilun bihurriak askatzeko.

Eta horra gaurko ebanjelioak zer kontatu digun. Sendalari horietako batekin egin dute topo Jesusen ikasleek, eta jeloskor −zeloso− jartzen dira. Zoritxarreko jelosia! Zoritxarreko inbidia! “Ondamua” ere esaten diogu euskaraz, horixe baita izan: onaren damua, bestearen ona dela-eta tristatzea. Edo “bekaitza” ere esaten diogu, eta ezin esan egokiago, ze horixe baita azken batean: begietako gaitza, bestearen ona ikusi ezina. Zein kaskar eta zikoitz diren gure jelosiak, zein ilun gure ikusiezinak, ondamuak, inbidiatxoak eta inbidiatzarrak! Eta zenbat horrelako daramagun barruan! Zenbatez zoriontsuago izango ginatekeen, ordea, besteen ontasunarekin eta ondasunekin gozatuko bagina, begi onez ikusiko bagenitu! Zenbatez zoriontsuago izango ginatekeen besteen zorionarekin poztuko bagina, tristatu beharrean! Zenbatez ongileago izango ginatekeen besteen ondasunekin gozatuko bagina, erremindu beharrean!

Baina badira jelosia kolektiboak ere eta horixe azpimarratzen du gaurko ebanjelioak, eta hori azpimarratu nahi nuke nik ere batik bat. Jelosia kolektiboa adierazten digute Joan apostoluaren ebanjelioko hitzek: “Hori ez da gutarra −esaten dio Jesusi−, eta ez du zure izenaz baliatzeko eskubiderik inor sendatzeko. Ez da gutarra, eta ez luke ahalmenik izan behar inor askatzeko. Guri bakarrik eman diguzu eta guk bakarrik dugu ahalmena eta eskubidea sendatzeko, neurosiak eta korapiloak askatzeko, jendea zoriontsu eta libre egiteko. Hori ez da gutarra: debeka iezaiozu zure izenean sendatzen aritzea”.
Jesusen taldean bertan ageri zaigu, beraz, jelosia kolektiboa, inbidia kolektiboa. Zoritxarreko “gutarrak eta besteak”! Talde guztietan ageri da. Ikus, esate baterako, alderdi politikoak: “Guk dena ongi egiten dugu, guk bakarrik. Baina guk egiten dugun ona gaitz bihurtzen da, besteek egiten badute. Eta etengabeko sestran bizi gara. Jelosia kolektiboa ez da gaiztakeriara ere iristen. Kaskarkeria da, zirtzilkeria.

Horrelako jelosia kolektiboak, berriz, are zikoitzago eta are arriskutsuago bihurtzen dira, Jainkoaren, erlijioaren, Ebanjelioaren izenean zuritzen direnean. Eta horixe egiten du gaur Joanek, zein eta apostolu den, edo apostolu delako beharbada: “Debeka iezaiozu sendatzea, ez baita gutarra”, esaten dio Jesusi. Zorioneko “gutarra”! Guk badakigu, besteak oker daude; guri Jainkoak errebelatu digu, besteei ez, guri adina ez behintzat; gu Jainkoak aukeratu gaitu, besteak ez, gu bezainbat ez behinik behin. Oso sarri entzuten eta irakurtzen dugu, esate baterako, eliztar askoren diskurtsoetan: “Baliteke Jainkoarengan sinesten ez duena ona izatea, baina, Jainkoarengan sinesten ez badu, azken batean ez du aurkituko ona izateko arrazoirik, eta lehentxeago edo geroxeago aise utziko dio on izateari. Erlijiorik gabeko etikak ez du oinarririk, eta oinarririk gabeko etika galbidean da. Erlijioa galdu duelako dago gaurko mundua hain galdua. Erlijioak bakarrik salba dezake etika, humanismoa, munduaren etorkizuna. Guk bakarrik, alegia”.

Hala hitz egin ohi da sarri. Baina iruditzen zait, gaurko Ebanjelioak hautsi egiten dituela gure eskema eta muga horiek denak: Jainkodunak eta Jainkogabeak, fededunak eta fedegabeak. Eta iruditzen zait “fedegabea” omen den gaurko mundua ez dela inondik “fededuna” omen zen hura baino okerragoa. Iruditzen zait, Jainkoaren eta fedearen izenean egin direla historian zehar egin izan diren krudelkeriarik handienak. Iruditzen zait, herrialde eta gobernu izenez kristauek ekarri dutela gure mundua gauden egoera jasangaitz honetara. Iruditzen zait, eskolan erlijioa ikasi izan arren −edo eskolan ikasi zuten erlijioa ikasi zutelako beharbada, hain zuzen ere− bihurtu zela gure gizartea fedegabe duela 50 urte.

Eta iruditzen zait gaur ere Jesusek esaten digula: “Ez iezaiozue eragotzi! Ez iezaiozue ukatu inori ona izateko eta on egiteko duen jainkozko eskubide sakratua, jainkozko ahalmen santua. Ez ezazue behartu inor Jainkoaren izena zuen erara erabiltzera, ez iezaiozue debekatu inori Jainkoaren izena zuek ez bezala erabiltzea. Poztu zaitezte besteek egiten duten onaz, nahiz eta ez izan zuetarrak. Eta ez zaitezte deskuida: Jainkoa ez dago presente haren izena erabiltzen duzuenean, sendatzen zaretenean eta sendatzen duzuenean baizik. Ontasuna non, han dago Jainkoa, edozein izenekin edo inongo izenik gabe”.

Ilargi aziotxoak udan

Uda lehor portatu da gure eskualde batzutan: zenbat eta barrualderago, idorraldi luzeagoak, gainera. Kostatik harik eta gerturago, orduan eta zarrastada eskas baina ugariagoak. Horrela, sanJoanetatik abiatu lehen berrogeialdia 18 jardunalditxotan 55 litro utziz joan zitzaigun. Uda sasoian lurra egarri somatzen da gaugiroko hezeduraz ezkotzen ez badu, eta landarediak ihartzera jotzen du. Hala, San Inazio inguruan zuhaitz batzuk baziren, hostoz erantzita lotsati ageri zirenak.

Bestelako alderditxoa, ordea, abuztuaren 6ko ilbetearekin abiatu zena: iraileko 4ko ilbetera arte, 100,5 litro utziko zituen, fronte eurizko bakartxo bat ere gabe, sirimiri hutsean, bixibixi, 17 egunetako jardun oparoan. Dozena bat zuhaitz badira, zumar, ezki ta elorri, aurten soineko berriz politto jantzi dituenak, baita berriro loratzera ausartu den elorririk ere, maiatzeko loraldiaren fruitutxoak gorriturik bertan dituela. Gandiaga Topagune ondoko Misterio eraikintxoaren aurrean dago elorri xarpa bat, batere lotsarik gabe. Ama naturak nola zaintzen dituen bere izaki kuttunak!

Halere, esan behar da, lainoberaren langar negar hau, 600 metrotik 900eko bitartean emana izan dela gehienbat. Euri fronte bat bera ere ez da arrimatu udako lehen hamabostaldiaren ondotik. Hain gertu dugun itsasotik errekagainetan gora mendi bizkarretara igo izan diren lainobera xirimiri ekarleak izan ditugu gurekin abuztuan. Horietxei esker mantendu da mendialde hau dena hain berdean, orlegi argi bezain beltzean. Bazekiten zuhaitzek aurten, hobeko zutela hostomantoi ahalik eta aberatsena jantzi, lainoari hezedura bixigarririk jaitziko bazioten. 100 litro ttanttanez ttantto emanak, eta auskalo hostotxo bakoitzak zenbat beste ttanttantxo kendu zizkion laino buxtiari.

Zein misterio du lainoberaren negar altura jakin bateko honek? 700dik mila inguruko altueran kokatzen da gure inguruotan. Tantan euritakoa osatzeko beste lodierarik eta hodei gorputzik ez duenez, langar ttantto ttiki ixuri maizko bixibixikoak, juntto-juntto uzten ditu airean behera zintzilikatuta, batzutan xirimiriaren tamainara ere iristen ez diren neurribakoak. 600 metrotatik behera ez dira bakan batzuk besterik iristen, azpiko aireak xurgatuz desagertzen direlarik. 1000 metrotik gora, berriz, lainobera gaineko matazatxoa besterik ez dabil, mendigaineko haize pulunpan, eta han ezin busti pulamentuz. Urbian, pentsa, Arantzazun baino askoz gutxiago egin du.

Irailaren 4an genuen aipatu ilbetea, abuztuko hilabete langarduna 100 litrotako opariz osatu zuena. Hurrengo 11 egunetan, 4tik 15era, euritantatxorik ez du ekarri. 15ean, azkenean, euri mardulxeagoaren pregoia. Eta 19ko ilberri ttikiak ekarri ditu gainerakoak, barrualdean benetako bendizio gisara, lur elkorraren egarria asetzeko tamainakoa.

Portatu da(?) beste behin

Ilberri ttikia, beste behin, hemen etorri zaigu bera beteko kupelka euri mardulez. Txoko batzutan pasatu dela? Uda osokoak egun batean gainditu ditu hainbat eskualdetan. Halere, gure euskal lur egarrituetan, tamainan portatu da eremu gehienetan eta gozatu ederrik eman dio amalurrari, landarediari, bai ordeketan eta baita pendizetan ere. Lubizi asko sortu dituela: ez zen horrenbestekorik izango hainbeste lur eta harri mobitukoko ez bagenu eta batetik bestera aldatuko, eta, batez ere, sortutako lur koskak garbitu, txukundu, trinkotu eta behar bezala belar berri gaztez eta landarez egokituko bagenitu.

Irail honen 4tik, ilbetetik 10 egunez idor eta seko zebilelako asaldaturik,

Iraileko ilbehera

Bart goizeko ordubiak eta 17 minututatik (4,17) ilbeheratuak gaude; alegia, datorren ostiraleko ilberri ttikiaren bidean sartuak. Irailaren erdialdetik urria eta urrila deitzen zioten sasoi udazkenero honi. Bazuten eskarmenturik nonbait. Urriko ilberria datorren 18an, koarta-tenporetako ostirala justu.

Zer dakarkigukeen ilbehera beherakako honek? 3 hilabeteko egonkortasun berexi propial baten ostean, beherakako aldabidetxoa martxan, oso ahulean abiatuta, hor doakigu