Ilargi aziotxoak udan

Uda lehor portatu da gure eskualde batzutan: zenbat eta barrualderago, idorraldi luzeagoak, gainera. Kostatik harik eta gerturago, orduan eta zarrastada eskas baina ugariagoak. Horrela, sanJoanetatik abiatu lehen berrogeialdia 18 jardunalditxotan 55 litro utziz joan zitzaigun. Uda sasoian lurra egarri somatzen da gaugiroko hezeduraz ezkotzen ez badu, eta landarediak ihartzera jotzen du. Hala, San Inazio inguruan zuhaitz batzuk baziren, hostoz erantzita lotsati ageri zirenak.

Bestelako alderditxoa, ordea, abuztuaren 6ko ilbetearekin abiatu zena: iraileko 4ko ilbetera arte, 100,5 litro utziko zituen, fronte eurizko bakartxo bat ere gabe, sirimiri hutsean, bixibixi, 17 egunetako jardun oparoan. Dozena bat zuhaitz badira, zumar, ezki ta elorri, aurten soineko berriz politto jantzi dituenak, baita berriro loratzera ausartu den elorririk ere, maiatzeko loraldiaren fruitutxoak gorriturik bertan dituela. Gandiaga Topagune ondoko Misterio eraikintxoaren aurrean dago elorri xarpa bat, batere lotsarik gabe. Ama naturak nola zaintzen dituen bere izaki kuttunak!

Halere, esan behar da, lainoberaren langar negar hau, 600 metrotik 900eko bitartean emana izan dela gehienbat. Euri fronte bat bera ere ez da arrimatu udako lehen hamabostaldiaren ondotik. Hain gertu dugun itsasotik errekagainetan gora mendi bizkarretara igo izan diren lainobera xirimiri ekarleak izan ditugu gurekin abuztuan. Horietxei esker mantendu da mendialde hau dena hain berdean, orlegi argi bezain beltzean. Bazekiten zuhaitzek aurten, hobeko zutela hostomantoi ahalik eta aberatsena jantzi, lainoari hezedura bixigarririk jaitziko bazioten. 100 litro ttanttanez ttantto emanak, eta auskalo hostotxo bakoitzak zenbat beste ttanttantxo kendu zizkion laino buxtiari.

Zein misterio du lainoberaren negar altura jakin bateko honek? 700dik mila inguruko altueran kokatzen da gure inguruotan. Tantan euritakoa osatzeko beste lodierarik eta hodei gorputzik ez duenez, langar ttantto ttiki ixuri maizko bixibixikoak, juntto-juntto uzten ditu airean behera zintzilikatuta, batzutan xirimiriaren tamainara ere iristen ez diren neurribakoak. 600 metrotatik behera ez dira bakan batzuk besterik iristen, azpiko aireak xurgatuz desagertzen direlarik. 1000 metrotik gora, berriz, lainobera gaineko matazatxoa besterik ez dabil, mendigaineko haize pulunpan, eta han ezin busti pulamentuz. Urbian, pentsa, Arantzazun baino askoz gutxiago egin du.

Irailaren 4an genuen aipatu ilbetea, abuztuko hilabete langarduna 100 litrotako opariz osatu zuena. Hurrengo 11 egunetan, 4tik 15era, euritantatxorik ez du ekarri. 15ean, azkenean, euri mardulxeagoaren pregoia. Eta 19ko ilberri ttikiak ekarri ditu gainerakoak, barrualdean benetako bendizio gisara, lur elkorraren egarria asetzeko tamainakoa.

6 thoughts on “Ilargi aziotxoak udan

  1. Kaixo pello.
    TENPORA EGUNETAN, EWALDI ESKAXA TA EURITXUA IZAN DA, TA HAIZIA BE IPARRALDEKUA IZAN DA; ZE ESAN NAHI DAU ORREK, UDAZKENA AURREKO URTEKUAN TANKERAKUA IZANGO DALA? AHAL IZAN EZKERO, ERANTZUN ZUK ZE IKUSTEN DOSUN UDAZKENERAKO.
    ESKERRIK ASKO TA URRENGORARTE!

  2. Datorren astian 26 ilberria ta 27 ilgora perretxikuak arrakin datoz.Ikusi dut prunus spinosa basaranez lepo baita ere, orain batzea falta patxaran goxua egiteko!Sorpresa galanta hartu behar izan dut gainera, mendian nijoala, derrepente kriston lurrin goxua ta 12 marijuana landare parez pare!1 zikatuta ta 11 egoera onean 70 zm inguru 20-30 bat kanuto bakoitzak…han laga ditut seguru jabea duela ta bere lantxoa burutu behar izan duela uzta hori batzeko.

  3. Eskerrik asko bioi.
    Hiri, Andoni, esan, bere garaian hementxe izango duala tenpora-asteari dagokiona. Tenpora-egunak, ondo esan duanez, 3 egun baitira (Elizak aspaldi hasi eta euskal kristauek aspalditik elizan ospatu dituztenak), baina, eguraldiari antzik ematen hasi zirenean, tenporak eta kontratenporak batu zizkiaten: 8 egun osatu zitiaten, alegia. 23ra artekoa ikusi nahi diat, onena hortxe etorriko baita.

    Munduko ‘artista’ honi, berriz, esan, ez perretxiku eta ez arrik ez dudala jaso (orain artean, auskalo gero…) eta, aldiz, basaran ederraskorik bilbatu dudala eta patxaran asmotan gozagarritan sartu ere bai. Gomitatua hago bere garaian probatzera (ez ahaztu, fraile koadrillan beti izan dela baterenbat, edo heren bat, likore gustutan abante ibili denik…), baina ez ekarri koadrilla osorik, ee!…

  4. Gabon Pello, Udazkena sartzerakoan azalduko naiz Aranzazuko paisaiaz zuekin gozatzera, patxaran koloreko ostoak erortzen hasi baino lehen! bizikletan joango naiz, ez dut eta kotxea erabiltzerik.Bitartean ongi izan ta datorren astean ia ilberriarekin perretxikoak jateko aukerarik baduzun, bestela bilbatuko ditugu…Eskerrik asko!

  5. Kaixo Pello. Ni ere tenporei buruz galdezka natorkizu. Gogoz nago aurtengo udazkenari ematen diozun trantza nolakoa den irakurtzeko ( iazkoa bezain euritsu bada ni pozik), baina ni beste galdera batekin nator: tenporen irakurketa honek ba du mugarik? esan nahi dut, zuk tenporekin egindako iragarpen horrek zer harten du, Euskal Herria bakarrik? adibidez, esan dezagun egun berdinetan beste norbaitek Katalunian zeruari begirada berdina egiten diola han bertan…..egin ahalko litzake? eta berdin Filipinetan? Groenlandian?…….badakite Euskalerritik kanpo zer diren tenporak?….eskerrikasko!!

  6. Aupa Pello:

    Ni ere galdera batekin natorkizu, erantzuteko tarterik baduzu: ilargildiak ilbetetik ilbetera kontatzen dituzu, baina ez al lirateke ilberritik ilberrira kontatu behar? Izenari erreparatuz diot.

    Ea azal diezagukezun. Eskerrik asko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude