Igandean Arantzazun

Joanek esan zion:
– Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.
Baina Jesusek erantzun:
– Ez eragotzi; ez baita inor, nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki esaka jardungo duenik. Hau da, gure kontra ez dagoena, gure alde dago
. (Mk.9, 38-40).

Atzoko ebanjelio pasarte honetatik abiatuta, halaxe josi zuen Joxe Arregik bere hitzaldia:

Adiskideok: Bai ederki ulertzen ditugula gaurko Ebanjelioko Joan apostoluaren hitzak: “Hori ez da gureetakoa. Ez du eskubiderik Jesusen izenaz baliatuz deabruak uxatzeko”. “Deabru” edo “espiritu gaizto” deitzen zitzaien garai hartan gizakiok barrutik nahasten edo bihurtzen gaituzten mekanismo psikologikoei. Gaur ez diegu “deabru” deitzen. Gaur “neurak” edo “neurosiak” deitzen diegu. “Deabruak” ez dira existitzen, noski, baina beldurrez, erru-sentipenez, konplexuz josita gaude. Eta ez dugu bakerik geure buruarekin, ez dugu bakerik besteekin. Nahi bai, baina ezin. Eta sufritu egiten dugu, eta nahi genukeen baino gehiago sufriarazten dugu. Gizaki gizajook neurotiko samarrak gara denok ere.

Eta Jesus? Jesusek ere izango zituen bere neurosiak, baina Jesus neurosi guztien sendatzailea izan zen batez ere: barruko nahiz kanpoko gaixotasunen sendalaria, barrua eta kanpoa bereizterik badago. Gaixoengana hurbildu, eskutik heldu, konfiantza eman, samurki begiratu, eztiki tratatu… eta horrelaxe sendatzen zituen neurosiak, askatzen zituen loturak. Horrela sendatzen gaitu, askatzen gaitu. Eta poz ematen digu.

Jesusen sendalari fama bizkor zabaldu zen, eta bat baino gehiago probatu ziren garai hartan, ea beraiek ere gauza ote ziren Jesusen izena aipatuz gizon-emakume gaixoengandik “espiritu gaiztoak” uxatzeko, hau da, gizaki gaixoen barru eta kanpoko korapilo ilun bihurriak askatzeko.

Eta horra gaurko ebanjelioak zer kontatu digun. Sendalari horietako batekin egin dute topo Jesusen ikasleek, eta jeloskor −zeloso− jartzen dira. Zoritxarreko jelosia! Zoritxarreko inbidia! “Ondamua” ere esaten diogu euskaraz, horixe baita izan: onaren damua, bestearen ona dela-eta tristatzea. Edo “bekaitza” ere esaten diogu, eta ezin esan egokiago, ze horixe baita azken batean: begietako gaitza, bestearen ona ikusi ezina. Zein kaskar eta zikoitz diren gure jelosiak, zein ilun gure ikusiezinak, ondamuak, inbidiatxoak eta inbidiatzarrak! Eta zenbat horrelako daramagun barruan! Zenbatez zoriontsuago izango ginatekeen, ordea, besteen ontasunarekin eta ondasunekin gozatuko bagina, begi onez ikusiko bagenitu! Zenbatez zoriontsuago izango ginatekeen besteen zorionarekin poztuko bagina, tristatu beharrean! Zenbatez ongileago izango ginatekeen besteen ondasunekin gozatuko bagina, erremindu beharrean!

Baina badira jelosia kolektiboak ere eta horixe azpimarratzen du gaurko ebanjelioak, eta hori azpimarratu nahi nuke nik ere batik bat. Jelosia kolektiboa adierazten digute Joan apostoluaren ebanjelioko hitzek: “Hori ez da gutarra −esaten dio Jesusi−, eta ez du zure izenaz baliatzeko eskubiderik inor sendatzeko. Ez da gutarra, eta ez luke ahalmenik izan behar inor askatzeko. Guri bakarrik eman diguzu eta guk bakarrik dugu ahalmena eta eskubidea sendatzeko, neurosiak eta korapiloak askatzeko, jendea zoriontsu eta libre egiteko. Hori ez da gutarra: debeka iezaiozu zure izenean sendatzen aritzea”.
Jesusen taldean bertan ageri zaigu, beraz, jelosia kolektiboa, inbidia kolektiboa. Zoritxarreko “gutarrak eta besteak”! Talde guztietan ageri da. Ikus, esate baterako, alderdi politikoak: “Guk dena ongi egiten dugu, guk bakarrik. Baina guk egiten dugun ona gaitz bihurtzen da, besteek egiten badute. Eta etengabeko sestran bizi gara. Jelosia kolektiboa ez da gaiztakeriara ere iristen. Kaskarkeria da, zirtzilkeria.

Horrelako jelosia kolektiboak, berriz, are zikoitzago eta are arriskutsuago bihurtzen dira, Jainkoaren, erlijioaren, Ebanjelioaren izenean zuritzen direnean. Eta horixe egiten du gaur Joanek, zein eta apostolu den, edo apostolu delako beharbada: “Debeka iezaiozu sendatzea, ez baita gutarra”, esaten dio Jesusi. Zorioneko “gutarra”! Guk badakigu, besteak oker daude; guri Jainkoak errebelatu digu, besteei ez, guri adina ez behintzat; gu Jainkoak aukeratu gaitu, besteak ez, gu bezainbat ez behinik behin. Oso sarri entzuten eta irakurtzen dugu, esate baterako, eliztar askoren diskurtsoetan: “Baliteke Jainkoarengan sinesten ez duena ona izatea, baina, Jainkoarengan sinesten ez badu, azken batean ez du aurkituko ona izateko arrazoirik, eta lehentxeago edo geroxeago aise utziko dio on izateari. Erlijiorik gabeko etikak ez du oinarririk, eta oinarririk gabeko etika galbidean da. Erlijioa galdu duelako dago gaurko mundua hain galdua. Erlijioak bakarrik salba dezake etika, humanismoa, munduaren etorkizuna. Guk bakarrik, alegia”.

Hala hitz egin ohi da sarri. Baina iruditzen zait, gaurko Ebanjelioak hautsi egiten dituela gure eskema eta muga horiek denak: Jainkodunak eta Jainkogabeak, fededunak eta fedegabeak. Eta iruditzen zait “fedegabea” omen den gaurko mundua ez dela inondik “fededuna” omen zen hura baino okerragoa. Iruditzen zait, Jainkoaren eta fedearen izenean egin direla historian zehar egin izan diren krudelkeriarik handienak. Iruditzen zait, herrialde eta gobernu izenez kristauek ekarri dutela gure mundua gauden egoera jasangaitz honetara. Iruditzen zait, eskolan erlijioa ikasi izan arren −edo eskolan ikasi zuten erlijioa ikasi zutelako beharbada, hain zuzen ere− bihurtu zela gure gizartea fedegabe duela 50 urte.

Eta iruditzen zait gaur ere Jesusek esaten digula: “Ez iezaiozue eragotzi! Ez iezaiozue ukatu inori ona izateko eta on egiteko duen jainkozko eskubide sakratua, jainkozko ahalmen santua. Ez ezazue behartu inor Jainkoaren izena zuen erara erabiltzera, ez iezaiozue debekatu inori Jainkoaren izena zuek ez bezala erabiltzea. Poztu zaitezte besteek egiten duten onaz, nahiz eta ez izan zuetarrak. Eta ez zaitezte deskuida: Jainkoa ez dago presente haren izena erabiltzen duzuenean, sendatzen zaretenean eta sendatzen duzuenean baizik. Ontasuna non, han dago Jainkoa, edozein izenekin edo inongo izenik gabe”.

2 thoughts on “Igandean Arantzazun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude