Abendu bigarrena

Joan den igandean Arantzazun mezanagusian entzun genuen profeta hitza duzu hauxe. Joxe Arregi gure anaia genuen hizlari:

Adiskideok: Jesusen garaian uste zuten profetak aspaldi desagertuak zirela. Uste zuten hirurehun urte zeramatzala herriak profeten ahotsik gabe, Jainkoa urrun eta mutu gelditua zela aspaldi. Herria zapaldurik zegoen eta Jainkoa mutu; gizakiak garrasika ari ziren, eta Jainkoak entzungor. Lurra oinaze gorritan eta Jainkoari axolarik ez. Jainkoa han, bere zeru goian gor eta mutu, urrun eta geldi. Hirurehun urtez zerua zazpi zigiluz itxita, eta lurrean profetarik ez.

Hala uste zuten Jesusen garaian, eta bakar eta triste sentitzen ziren profetarik gabe. Nork salatuko ditu abusuak eta demasak, nork astinduko ditu botere ankerrak, nork esnatuko ditu kontzientzia lokartuak, profetarik ez bada? Nork iragarriko digu kontsolamendua, nor mintzatuko zaigu bihotzera, nork berrituko digu adorea, nork itzuliko digu poza, nork ekarriko du Jainkoaren berri ona gure lur gaixora profetarik gabe?

Baina profeta bat agertu zen. Joan profeta azaldu zen, non eta basamortuan. Ez Erroman eta ez Jerusalemen, ez: basamortuan. Ez Inperioko jauregietan, ez tenpluko atarietan, ez: basamortu isil eta soilean agertu zen profeta. Joan zuen izena. Baziren gizon ospetsuak, baziren erregeak eta printzeak, zein baino zein morroiago. Baziren apaizak eta apaiz nagusiak, zein baino zein ospelago. Hortxe eman dizkigu Lukasen ebanjelioak 7 izen sonatu: Tiberio eta Pontzio Pilato, Herodes, Felipe eta Lisanio, Anas eta Kaifas. Zazpi izen eta profetarik ez. Zazpi izen, sonatu bezain hutsal. Baina non da profeta?

Profeta basamortuan da. Jainkoaren mezuak hartu dizkio erraiak eta ezpainak, eta ez da isilduko, eta jauregi-zokoetaraino eta tenpluaren barren-barreneraino iritsiko da profetaren hitza, nahi duenak entzun: “Badator Jainkoa. Edo ez, ez du inondik etorri beharrik: gurekin da Jainkoa, gurekin da, guregan da, izaki guztien bihotzean da. Zabaldu begiak eta ikus nola dagoen, nola ari den Jainkoa gauza guztien bihotzean. Ez al duzue ikusten? Nola ikusiko duzue, ordea, Jainkoa gauza guztietan, gauza guztiak errukizko begiz begiratzen ez badituzue? Eta nola agertuko da Jainkoa, zuen errukizko egintzen bidez ez bada? Nola agertuko da Jainkoa, gauza guztien bihotzean dagoen Jainkoari erruki ez badiozue? Nola etorriko da Jainkoaren ukendua zauri guztietara, zeuen eskuak gutiziaren eta indarraren menpe emanak badituzue? Prestatu, beraz, bidea Jainkoari: apaldu tontor harroak, goratu sakonguneak, betidanik gurekin den Jainkoa guregan ager dadin. Zabaldu bideak, Jainkoak zabal gaitzan”.

Adiskideok: non dira gaur profetak? Gaur ere badira, entzun nahi badiegu. Jainkoa ez da inoiz urrun egon, ez da inoiz mutu izan. Izaki guztien bihotzean dago Jainkoa, hurbil eta deika; sua eta ura eta ukendua da izaki guztien bihotzean. Berrikuntza unibertsalaren abendua da. Mundu berriaren abendua iragartzen ari zaigu betidanik eta etengabe, profeta ezagun eta ezezagun guztien ahotsez, ahots goraz nahiz ahots isilez.

Non dira, beraz, profetak? Nonahi dira, basamortuan haizea bezala. Basamortuan ez da bide markaturik, basamortuan ez da erlijioen arteko mugarik, basamortuan ez dago Jainkoaren haizeari ateak ixterik. Nonahi dira profetak. Baina tenplu eta jauregietatik urrun dira gehienak. Basamortuan ari dira, Joan Bataiatzailea bezala. Asko eta asko preso daude, Joan Bataiatzailea berehala egongo den bezala. Edo heresetzat jo eta eskumikatu egingo dituzte, Jesusekin berarekin egin zuten bezala. Profeta izateko, ez dio axola fededun izan edo ez: bihotzen gupida eta begietan argia izatea da kontua. Eta ez nuke jakingo esaten non dagoen profeta gehiago: Jainkoarengan sinesten omen dutenen artean ala ateo omen direnen artean. Jainkoaren Espiritu berritzaile eta kontsolatzaileak ez baitu mugarik.

Ozen eta garbi iristen zaigu gaur ere profeten aldarria, belarriak zabaldu orduko, internetean sartu orduko, egunkaria hartu orduko. Aski da begiak eta belarriak adi paratzea. Profetak dira Amnesty Internationaleko gidari eta kideak, preso politiko baten alde edo, egun hauetan bezala, palestinarrek ura izan dezaten sinadura eskatzen digutenak. Profetak dira gure Europa beldurtu honetan minarete musulmanak eraikitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenak. Profetak dira bihartik aurrera, Kopenhagen, 192 estatu-bururen aurrean Ama Lurraren zauriak eta arriskuak oihukatuko dituztenak. Profeta da Aminatu Haidar, hil arteko gose-greba egiten ari den emakume sahararra. Profetak dira giza eskubideen alde borrokatu ziren eta borrokatzen diren guztiak, botere politikoen aurka beti, botere erlijiosoen aurka gehienetan. Profeta handia da Jon Sobrino, aste honetan bertan −hil aurretik behingoz− Doctor Honoris Causa aitortua izango den jesuita bilbotarra. Profetak dira, gure eliz erakunde zaharkituak berritu eta gaurkotu daitezen, gizatasunez eta ebanjelioz jantzi daitezen ahalegintzen direnak.

Zu ere bai, izan zaitez profeta zauden tokian, zeure erara. Sar zaitez web orri batean eta sina ezazu, bildu ezazu zeure ahotsa profeten ahotsarekin. Izan zaitez profeta, goraki nahiz apalki, ez dio axola. Baruk profetak aspaldi amestu zuen bezala, amestu ezazu zuk ere Jerusalem berria. Amestu dezagun eta iragarri, eta saia gaitezen eraikitzen gizarte berria, ekonomia berria, erlijio berria. Amestu eta iragarri eta eraiki dezagun Jainkoaren eta izaki guztien hiria, eta izen berriak jarriko dizkiogu, Baruk profeta zaharrak bezala: Jerushalom, hau da, “bakearen etxe”, edo Jerusedek, hau da, “justiziaren etxea”. Jerusalem, Jerushalom, Jerusedek: “Bakearen etxea”, “Justiziaren etxea”, “Justizian bakea”, “Begirunean poza”. Izan zaitez profeta.

Ezkor nabilela ta

Gizaeskubideen eguna gaur. Betor, betor. Akordarazi gaitzala, demokraziarekin eta besteokin bezala, zein gutxi ahalegintzen garen eskubide eskurako hauekin: ez esku eta ez beso, besamotz eta maingututa uzten gaituzte. Zenbat eskubide guretzako omen direnak eztabaidatzen ari dira Kopenhagen?

Lehen eguraldiaz beste galdezanpatzen naute egunotan Kopenhagez. Ez dudala argirik batetxore ikusten handik. Esan badiet, esan diet ba. –

Irakurriz goza

Gure lau haizeak nola, hala dut gustukoxe, haize banatarako liburua eskura irakurgai prest ukatea. Teologia alor sakoneko, eskritura barneko mardulen bat, atalez atal mantxo zurrupatzekoa; euskara gozoko onduentxoren bat, bigarren haizeari dagokion sortatik; mundu zabaleko berri oparoen aberastasunekoren hirugarren bat; eta, laugarren haizeari, hegoari, ikuspegi orotariko ta martxosoen bildumakoren bat eskaini ohi diot opari. Tarteka, liburuxka panpoxen bat eskuratzen badut, orrikopuru arin samarrekoa edo, ibilian eta abiadan irakurtzeko hautatuen mesanotxeko iladan kokatzen dut hura, eguraldi xamurrak lagunduta dastatzeko. Gaur xurgatu dut halako panpirina.

Bi Marra Arrosa-ren orriartean eraman dut abenduko lehen egunaren erdia pasatxo. Atzo iritsi zitzaidan liburua: irakurterraza iritzi nion orrialde pare bat laztandu orduko. Gaur goizean Arantzazuko koxken artean hasi eta arratsalde erdirako goitik behera irakurri ta gozatua neukan. Eskerrik asko Jasone Osorori ta Lander Garrori (honi, Gibel solasa-gatik).

Teologia ikasten niharduen Michel Quoist idazle apaiz pentsalariaren