37 urte Segura Irratitik -9-

Segura herriak, bertako apaizetako bati esker, On Zesareo Elgarrestari justu, 1956rako bazuen bertarako eta gerturako irrati emisoratxoa. On Zesareok, debagoiendarra izanik, Bergarako semea, beti izan zuen Arantzazurako joera eta Ama Mariarentzako jaiera. Irrati baten gorabeherak, arazo ta zailtasunak esku hobetan egon zitezkeala eta, pentsatzen zuen Arantzazukoei eskaintzea irratiaren kudeaketa eta martxa. 1964tik 72ra, 8 urte luzez mutu egon behar izan zuen, sasoitsu hartan beste irrati batzuen antzera, uhin aldaketen arazo teknikoak zirelata, beste kausa batzuen artean.

1973an, otsailaren 10ean, Definitorioak batzarrean begi onez ikusi zuen On Zesareoren eskaintza; baina Arantzazuko anaidiak ez zuen bilatu irratiaz erabat arduratzeko modurik. Halere, Aita Jose Agustin Mendizabalek bere gain hartu zuen afera: Frantziskotar Seminarioaren gainean antena bat prantatu, han goiko koarto batean emisorak ohi duen kontroleko mahaitxo bat ipini, ondoko beste koartotxoan aldarea meza emateko, bidebatez, gerora hango fraileon kaperatxoa izango zen huraxe, eta halako batean, han hasi ginen eguneroko meza ematen. Aise esaten da, baina 13 mila ondo pasatako meza kopurua bada dagoeneko Segura Irratiz emanikoa: erdiak, gutxi gorabehera, han Seminario zeneko goi hartatik, eta beste erdiak Arantzazuko komentu eta basilikatik.

Eguneroko meza bakarrik ez: On Zesareoren borondatea eta ametsa Arantzazun ospatzen genituen elizpuntzio guztiak ematea zen. Horrela, basilikatik Seminario goraino behar zen kableria paratu eta Basilikan errezatuko zen Errosarioa, Bezperak edo Benedikta, igandeetako Mezanagusia, igande arratsetako erromesen Agurreko errosario ta Agur Jesusen Ama, urteko bederatziurren nagusienak ere bai, hala Sortzez Garbiarena, nola Arantzazuko Amarena eta San Frantziskorena, eta noski, Garizumako hitzaldiak, astebetean euskaraz eta bestean gazteleraz.

Halaxe darraiogu orain bertan: eguneroko meza goizeko 8,30n, eta igandeko mezanagusia, jaiegunetakoekin batera. Duela ia urtebete abia ginen Loiola Irratiatik ere eguneroko meza ematen. Baita ere, bada, badenez, eskertzen duen edadeko jenderik franko. Geuk ere eskertzen dugu eta estimatzen haiena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude