Hegazti aztoratuak

Eguraldi bakeoso naturaletik nahasmendun fidakaitzera pasa behar denean, pertsonetako batzuk bai, oharkabean ere asaldatzen dira; hori Arantzazuko telefono deietan ere antzematen da. Baina, batez ere hegazti eta aziendetan ikusi ohi da nabarmen.

Begira, gaur goizeko 3 pasadizo, hegaztienak hirurak:

– Goizeko zazpirak; banoa plazoletan aurrera. Zakarrontzi baten inguruan kuxidade egoera zikina

Ilbetea ilbeteko

“Baina gatozen ilbete honen ekarrira. Aspaldi esan zuten Txina aldean, -eta Txinako generoa ez da gaizki saltzen-, ilbetearen hirugarrenak zekarrela ilargiaren tonua; laugarrena ta bosgarrena biki paretsukoak izanik, halatsu gainerakoa, harik eta seigarrenak aldatzen ez bazuen.
Begira nola abiatu zen ilbetea: euri mardultxoa litrotan ekarriz; eguna argitu, eguzkia bai ta haize lasterrez euri; halatsu joan da bigarrena ere; hirugarrena, atzo, argiz hobeto ta haizez bareago; gaur arratsetik biharkora, ta handik igande goizera, uztarri berekoak biak

Asteburu probetxuzkoa

Joan den asteburuan eman da, larunbat eta igande, ikastaro bitxi bezain bete, mamitsu eta probetxuzkoa. Antzerki-Forumaren muinari dagokiona izaki, komeni zen ikasle zetozenek partaidetza ere lantzen ohituxeak izatea. Alegia, edozeinen arteko eta edonongo gatazka moeta guztiak gainditzeko eta zentzuz askatu eta konpontzeko sen berezi baten jabe ere izan behar baita. Helburuetako bat, eta printzipalena, esango nuke, bakoitza dabilen ingurunean, Antzerki-Forumak landu behar duen hainbat esparruentzako teknika nolarebait landu eta erraztea, hitz batean, artez dominatzea dela. Jakina, hori eskarmentua hartuz lortzen da.

Halaxe da Baketik-ek, laugarren urte honetan, Antzerki-Forum-eko taldean lortu duena, benetako eskarmentu sakona. 10.000tik gora neska-mutiko pasa dira, hainbat eskoletatik etorriak, Arantzazuko saio hauetatik. Lehen urtean, 3 hilabetez entseatu zen, Orla Hasson-en begiradapean. Orain bi urte, 84 eskoletako haur eta gazte izan genituen hemengo emanaldiotan. Iaz beste 85 eskoletako talde. Eta aurten ere, oraindik 20 talde pasatxo etortzekoak direlarik, 80tara arrimatuak izanen dira.

Esan gabe doa, Antzerkia talde bakoitzari dagokiona presta ohi zaiela. Gabonak arte, lehen 3 hilabeteetan, 8-12 urte arteko neska-mutilak etorri ohi dira. Gabonetatik Aste Santura bitartekoan, 12-14 urtetakoak. Eta azken hilabeteotan, 14-16takoak. Talde mardulak, gehienak behinik behin, antzerki ardatzaren jirabueltan ondo engaiatzen direnak.

Bide beretsuko emanaldiak tokian tokiko erara gertatu, landu eta eman ahal izateko prestakuntza gisara eman da asteburu honetako ikastaldia. Orla Hasson bera egon da hemen, Irlandatik etorrita. Larunbatean, goizeko 9.00etatik 13.30etara, eta arratsaldez, 15.00etatik 20.00etara. Igandean, berriz, goizeko 9.00etatik 14.00etara. Bette-bettean jardun zuten hemen bildu ziren 15 lagunek. Pozik eta halako lan on ta betearen gogoasea eta gozamena antzematen zitzaien ikasleei bezala Orla maixtra ta jakitunari. Ziur naiz, emango duela fruitu atseginik asteburu honetan ikasitakoak, eta gazte mordoska oparoa izango dela fruitu on horren probetxutan ongarritua. Beajondeiela!

Postak zenduei

Zendu ezagun aipatuen izenean baietz etorri, -ez postariaren erruz-, kultur ospakizunetarako deirik, hala Luis Villasanteri deika, nola Bitoriano Gandiagari oles eginez. Postura trabes, nahi duenari, oraindik postariaren eskutik mostratxo bat baino gehiago baietz atera nik eskura

Laugarren jardunaldiak

Herenegun arratsean abiatuta, txoko erabat baketsuaren gozoa lasai dastatuz, halaxe itxi ziren talde oparo ondrosoan, Gandiaga Topagunean, Baketikeko urteroko jardunaldien arrastoan, hainbat lagun bilatzaile, elkarrekin solasaldi ireki bezain sakonak egiteko asmoz.

Baketik-ek bakea eta lehentasun etikoak ditu xede. Aurten urteroko jardunaldien laugarren ekitaldia antolaturik zuen, ohi duen prestutasun isil eta serioz. Apirilaren 23an ostiral arratsean hasi eta 24an, larunbatez sakondu eta zabaldu.

Bi jakintsu, pentsalari trebeak, zeuden jakinaren gainean, iazko hirugarren jardunaldiaren ostetik, aurtengo emanaz arduratzeko prestatzen. Victoria Camps bata, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko filosofia moraleko eta politikako kadetraduna, hainbat mahai ingurutan trebatua, eta Juan Martin Velasco teologoa bestea, Lovainako Unibertsitate Katolikoan filosofia doktorea. Gaiari heldu ta sakontzen biak saiatu ziren, txosten banakin.

Sagarroi potolotuak

Albiste xelebrerik argitaratzen da tarteka. Ez dute horrelakoek aparteko zelebrazionerik -zelebreak izan arren- merezi: ezta honakoak ere. Duela hor nonbait hilabetetxo bat, Suedia aldean eta, negu sakona izan delarik iparralde goren haietan, sagarroi hainbat epelera ekarri omen zituzten eta, neguaren latza horrenbeste nozitu ez zezaten, otamen onetik eman eta gozo eta leun mantendu omen zituzten. Baina, ez onerako: beste behin, borondate onenak eta asmo zuzenak ez zuen asmatu eta ez onurarik ekarri, alderantziz baizik.

Epelean gustura, jana bertan izanik, jan bila harat-hunat ibili beharrik ez eta, alpertu dira triku gajook, eta okerrena, gizendu dira motelduz, eta ezin ba pilota gisara mutur-ipurdi bildu ta pilotalaztu. Alegia, bizkarreko arantz eta karlo defentsariak, ezin izan dituztela ezkutu latztu arerio eta etsaien aurrean. Axeri eta basakatu, ogigaztai eta pitotx, suturmintzik bateretxo zulatu gabe akabatzen eta garbitzen zituztela sagarroitxo tenteldu motelok

Udagenesis naturala

Euri epelaren zain gaurko arratsa: ni bainoago natura bera. Hasi du poxi bat busti guran. Herenegungo euri epelaren otamenaz aparte, onura beteko zoria ekarri zion naturari. Artasoko bizkarrean, 900 metroz gora iristen den malkar zaharrean behera, a zer nolako soineko berdexka dotorea jantzi duen pagadi lasaiak.

Herenegun arratsean, 15-16 pago zenbatu nituen orrixkak lotsati kixkurturik zituztenak. Euriari esker, biharamun goizean 43 berdexkatuak apuntatzen nituen, atzoko egunean zehar berdetzenago orlegiz jantzi nahian bakeoso zihardutenak. Gaur goizean laurogeitik goraka ikustatu ditut, poza begietatik berde-berde zeridala. Bihar goizean ez da zenbatzerik izanen, mantua ia erabatekoaren esperantza baitut jada.

Udagenesiak bere erritmoak ditu naturan: urte eta udaberri bakoitzean bereak. Horregatik dira naturalak, gu baino naturalago, ez apurtzaile ta leherzale, ez bortxakari ta errendizale

Epelondoko otamena

Atzoko euri epelaren onura kantatu nahi izan nuen arratsean. Biharamuneko otamenik ederrenari begizabal arrimatu natzaio gaur goizalba iratzarri deneko. Kuku sortak eta zozo koadrilla zirtolariak pozik ziharduen egunargi zabalez laketuta.

Baina, espero nuenak alaitu dit atsegin irrifarra eta argitu kopeta. Aurreko bi asteotan, apenas jarraitzen nion dozenerdi barraskiloren erretirari: gaueko ihintzetan labainki goxatzen saiatu ostean, txokora batere presarik gabe nola erretiratzen diren kontenplatzea gustuko zorra baitiet. Gaurkoan 5 dozena pasa barraskilo ongi puztuak ikusi ditut, harro-harro erretiroa hartuz txoko ilunerat.

Euri ostean etxe ilunetik irtenik ibili ohi diren besteak zizareak ohi dira. Aurten lurpeko behe samarrean gorderik egon ostean, badatoz apurka lurrazalaren gerturantz: baina, bat bakarra apartatu dut bidetik belarretara

Euri epela

Euri epela deitu zioten inguruotan, aspaldi, euri ongarri hegoaldetikoari: landa hegolehortez egarritua zenekoari, batipat. Gaur arratseko euri epelari mihittoa luxatuz zegozkion orrihosto egarriz kixkurtuak. Haien poza eta tiratu beharra! Euri epeltxoaren xirrara, bai pozik jaso dutela soineko berdexka nola jantziko dabiltzan zuhaitz egarbera hauek.

Trumoi andana luze baten tartetik, euri gozoa iritsi da lurrera, gehiegikeriarik gabekoa, epelean freskagarri. Bihar bertan antzemango zaio landarediari, azken litro osotik 13 egun paseak baikenituen euri zaparradarik gabe. Apirilari