Asteburu probetxuzkoa

Joan den asteburuan eman da, larunbat eta igande, ikastaro bitxi bezain bete, mamitsu eta probetxuzkoa. Antzerki-Forumaren muinari dagokiona izaki, komeni zen ikasle zetozenek partaidetza ere lantzen ohituxeak izatea. Alegia, edozeinen arteko eta edonongo gatazka moeta guztiak gainditzeko eta zentzuz askatu eta konpontzeko sen berezi baten jabe ere izan behar baita. Helburuetako bat, eta printzipalena, esango nuke, bakoitza dabilen ingurunean, Antzerki-Forumak landu behar duen hainbat esparruentzako teknika nolarebait landu eta erraztea, hitz batean, artez dominatzea dela. Jakina, hori eskarmentua hartuz lortzen da.

Halaxe da Baketik-ek, laugarren urte honetan, Antzerki-Forum-eko taldean lortu duena, benetako eskarmentu sakona. 10.000tik gora neska-mutiko pasa dira, hainbat eskoletatik etorriak, Arantzazuko saio hauetatik. Lehen urtean, 3 hilabetez entseatu zen, Orla Hasson-en begiradapean. Orain bi urte, 84 eskoletako haur eta gazte izan genituen hemengo emanaldiotan. Iaz beste 85 eskoletako talde. Eta aurten ere, oraindik 20 talde pasatxo etortzekoak direlarik, 80tara arrimatuak izanen dira.

Esan gabe doa, Antzerkia talde bakoitzari dagokiona presta ohi zaiela. Gabonak arte, lehen 3 hilabeteetan, 8-12 urte arteko neska-mutilak etorri ohi dira. Gabonetatik Aste Santura bitartekoan, 12-14 urtetakoak. Eta azken hilabeteotan, 14-16takoak. Talde mardulak, gehienak behinik behin, antzerki ardatzaren jirabueltan ondo engaiatzen direnak.

Bide beretsuko emanaldiak tokian tokiko erara gertatu, landu eta eman ahal izateko prestakuntza gisara eman da asteburu honetako ikastaldia. Orla Hasson bera egon da hemen, Irlandatik etorrita. Larunbatean, goizeko 9.00etatik 13.30etara, eta arratsaldez, 15.00etatik 20.00etara. Igandean, berriz, goizeko 9.00etatik 14.00etara. Bette-bettean jardun zuten hemen bildu ziren 15 lagunek. Pozik eta halako lan on ta betearen gogoasea eta gozamena antzematen zitzaien ikasleei bezala Orla maixtra ta jakitunari. Ziur naiz, emango duela fruitu atseginik asteburu honetan ikasitakoak, eta gazte mordoska oparoa izango dela fruitu on horren probetxutan ongarritua. Beajondeiela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude