Maiatzeko ilberrittoa

Gauerdia pasaberritan sartu da ilargittoa gorakada oraingoz xumean: ilberriaren jaiotzordua 1,05ean (3,05) izan baita. Taurus du bere zeinua, lurrarena; zeinu honetako ilargiak badaki portatzen: aste on baten aldera egingo nuke trabesa, inor trikitx egiteko eran fortunatuko balitz.

Bestelako trikitx egindakoa, atzo arratsean ikusi nuen bigantxa, gajoa! Errepide ondoan,

Aspalditik nonbait biktima

1553an, abenduaren 14an, Pabeko jauregian pozik zen, pozik zenez, Zangotzarra deitzen zioten 50 urteko Enrike II Albret-tarra, Nafarroako 39. erregea. Bere biloba ttikiari Biarnoar bataioa ezarri zion pozik asko: zeinaren arabera, ezpainak igurtzi zizkion baratzuri bixibixiaz, sutturtxulo ttikietatik zihoakion usain xixtakorra sentitzean, ezpainttoa ximurtu eta sutturpuntta bildu zuelarik.

Parrettikiak eta algaraxkak bota eta gero,

Zarata baino hobea

Patziku Perurenaren apo kontuak gogoan, halaxe arrimatu nintzen atzo gaugiro ederrean, nire laguntxoen ingurura: pozik jakin bainuen han, alde banatatik zetorren soinutxoaz, pare bat apotto badela; gutxienez, pentsatu nahi nuke, isilik dagoenik ere izango delakoz, eta onenean, kantuan dabiltzanak baino gehiago. Gandiaga Topagunera zetorren neska-mutiko gazte koadrillak zanpatuak izatetik iaz salbatu nituen pare hura ete dabil hor belarrarte hezean aurten?

Nolanahi ere, gaztetxoak ote diren nabil, atzoko kontzertu saio bare lasaia barneratu ostean. Ezin nuen bost bokaletan bildu soinua: ez zen a, ez e, ezta u ere, o itxi horri ere ez zaio arrimatzen

Ukaziotan

Gure gosarittikitan ia beti da xaltxarik: ez platerekorik, kafesnezopaz edo fruitaz gosalduak ohi gara ia beti. Normalean, ermano toreatzaileren bat atera ohi da, gehiago omen dakigunoi galdera zailen bat prest dakarkigula. Eta areago, Joxe anaia tartean dugunean.

Baketiken Victoria Camps eta Juan Martin Velasco bi pentsalarien artean emaniko jardun haien ostean batipat. Hiruzpalu egunetarako gosal-jakia eman zigun gaiak: aste honetan bertan azkena.
– Gure etxeko uztarrian konpondu ezineko behiak bagenitian

Bitxiantzekoa

Herenegun artioko 56 egunetako euriak, ia bi hilabetekoak, eman dizkigu Arantzazun astelehen goizetik asteazken goizera, bi egunotako 48 ordutan. Atzoko erreka-marruen oihartzunetan, bihoa gaurkoan datu berexiantzekoa dirudidana. Alegia, 48 ordu nahikoak izan dituela, martxoaren 8tik maiatzaren 3ra arteko euri guztien kopurua berdintzeko. Euritsua ta umela izango omen zena, hara…

Martxoaren 7. ta 8.a, gehi 10. ta 11.a izan genituen aurtengo neguko azken elur-hautsen bisita ekarri zigutenak. Ordukoxetik hona, elur xelebre haien bi egun ere tartean ditugularik, denak iladan eta korroan hartu eta, 56 egun pilatuz, ia bi hilabete horietan, herenegun arte, 113 litro nituen batuak, 25 egunetan egin duelarik, dela lanbrotan, xirimiritan, edo ta euritantantsutan. Askoz gehiago espero zen baina, udaberriak pott egin omen du.

Bada, errepika nadin, astelehen goizeko lehen ordutik, gaur goizeko lehen orduotara, 48 ordutan, alegia, 114 litro utzi dizkigu maiatz maratzak. Bitxikeria besterik ez da. Horregatixe ekarri dizut.

Arroko erreka orroka

Arantzazuko trokarte sakon arroan, harro-harroan doa erreka harriarte barruan orroka. Azkenekotz, urtarrilaren 13-14etako 70 litrodun erauntsi gordinak medio jaitsi baitzen trumilka aurrena, kontukontari gero, solasttikian azkenik, harik eta SanAntonez, 17an, ahitu eta idor isildu ta izkutatu zen arte. Ordutikako eurijasak, jasa bainoago euri-zirinaldiak izan bide dira, ez behintzat erreka azaleratzeko pulamentutakoak.

Baina, atzo goizetik gaur eguerdira, bai. 24 orduren harilean 56 litro erauntsitu ditu, euri mardul eta elurbustitan, haize zakar baldar baldresenak zerizkionetara lagunduta. Goizean goiz, umil-trumilka “hemen nauk”ka hasita genuen erreka hor, hondo behean. Pentsa genezake, haize bidean doan erauntsi eta jasa, mendi bizkarretarago doazela plubiometro neurgailuen eztarrietara baino. Halere, 56 litro 24 ordutan, 63 litro pasatxo 30 ordutan, 75 ja, 36 ordutara edo egun eta erdira iritsi garenean

Ermano bat gutxiago

82 urte beteta joan zaigu Rikardo. Azken 8 urteak gaiso ta ezindurik bizi izan ditu, eramanpenez, gurpil aulkiari lotuta, soinaren ezkumaldea gauzaez eta txalkortua zuelarik.

Rikardo Auzmendi Bastarrika 1928ko urtarrilekoa genuen, Oiartzuarra, 20 urteko gazte argia zela Zarautzen nobiziadua egiteko prestatzea erabaki zuena. Antonianon gaztetxoei eskola eman ostean, nobiziadua osaturik, Arantzazura etorri eta atezain hasiera batean, eta bertako inprimategian jardun zuen 3 urtez, Arantzazuko basilika eraikitzen abiatuberri hartan.

1955ean egin zuen frantziskotar anaiotako profesioa eta urte horretan bertan Erromara eramango dute aita Balic mariologo ospetsuaren laguntzarako. Bospasei urte egongo da Erroman, bertan lan fin asko eginez eta baita postal ederraskoak bidali ere senitartekoei: zentzu eta sentsibilitate fineko gizona izan zen beti Rikardo.

Erromatik itzulita gaisozain ibiliko da Zarautzen eta Donostian 1961ean. Hurrengo bi urteak, berriz, Najeran. Beste hiru Donostiako gure komentuan. Beste bi Bilbokoan, hauetan denetan, atezaintza ez bada, beste hainbat enkargu eta mandatu beteko dituelarik. Ia urtebete egingo du lan hurrena, 1969an, Friburgon, Erietxe batean erizain laguntzaile. Handik itzultzean, Zarautzen finkatuko du bere egoitza, sakristautzan gehienbat, bertan 33 urte biziko delarik, harik eta gaisoaldiak zanpatzen duen arte. 2002an Bermiora eramango dute eta 2006an Arantzazun jasoko dugu.

Zenbat lan eta zenbat detaile fin ez ditu egin Rikardok! Atezaintzan jardun behar izan zuen, Arantzazun hasieran, baita gero Najeran eta Bilbon ere. Sakristautzan, Najeran bezala Zarautzen: hemen urte luzetan. Enkarguak egiteko asko balio zuen, eta hartan baliatu zuten Zarautzen, Donostin, Bilbon eta Erroman. Erizain, beharrezko zuten komentuetan, eta baita, hiruzpalau hilabetetako ordezkotzak egiten Madrilgo bi komentutan, hala San Fermingoan nola San Frantzisko Nagusian.

Bere sentiberatasun finari esker ateratzen zuen tarterik margolan oso zehatzak, formato ttikikoak egiteko; harremanak postaz, postalik kuriosoenekin mantentzeko; sakristautza betez, Zarauztik oroitzen naiz zenbat kasete eskatu zizkidan elizako tarteak girotzeko eta nolako musika sona ederrekin, arte zentzu dastatzaile onaren jabe zenez