Urak dakarrena

Badu estimaziorik, nola ez bada, bizia bada?

Gaur heldu zaizkit Espania aldeko eurien kontuak. Irailean hasi eta abuztu azkenerakoa hartzen da urte meteorologiko ofizialtzat: hori horrela, kontent eta pozik dira penintsulako gure lagunak lehen sei hilabeteekin. Udazken-negualdiak hartuta, penintsula eta Kanariar irletan, irail-urri-azaro, oso lehor, euri gutxiz, iharrak penatuta joan zitzaizkien. Gureotan, 605 litro oparitu zitzaizkigun: batezbesteko 444ak 161ean gaindituta.

Abendu-urtarril-otsail-martxoak, ordea, iazko pena siku ihartu guztiak gainditu eta, bai Andaluzi aldea, baita hego-mendebaldea, Extremadura nahiz bi Gaztelaldeak, urez gainezka, zopatuta utzi dizkiete.

Gurean, urtarrila izan genuen salbuespen, bi elurte eta guzti: batezbesteko 192en aldean, 286 baikenituen. 114 litro gehiagoko horien emana estimatua izango zuen lurrak, eta eskerrak neguko bihotzeko hilabete horri, aldameneko beste 4 hilabeteak, apirila ere sartuta, neguak emankorrean portatzen dakiela jakinik, zekentxo pasa baitziren lauak ere. Abendaren eta otsail-martxo-apirilen ekarria hauxe genuen: 378 litro, eskastxo aukeran 120 egunetarako; urritxo, lau hilabete horien emana, batez ere, lauen batezbestekoa 660 litrokoa izan ohi dela kontuan hartzen badugu.

Espainia aldeko emana, zehazkiago nolatsu joan zaien? Begira:
Abenduak, normaleko batezbestekoa, orohar, bikoizturik eman zien.
Urtarrilak, %43 gehiago.
Otsailak, batezbestekoaren bikoitza; penintsularen erdialdean, Gaztelaldean eta, hirukoiztu ere bai.
Martxoak ere, urterokoa gainezka %50ean.
Horrela, aurten, udazken ta negu, irailetik martxoaren azkenera, zazpi hilabeteok hartuta, lehen 3 hilabete lehorrak barne, hala ere, azken 40 urteotako euritsuenen zerrendan, 3.mailan kokatu zaie Espainiako penintsulan (Portugali ixkin eginda, noski).

Badute, bai, pozik egoteko arrazoirik: euri bustiari dagokionez, ez dute krisialdirik. Zalantza, betikoa: zer ote datorkie udaldian?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude