Poz gizenduak

Bitartean almendra-ondoa loretan egongo da,
saltamatxinoa gizen, eta kaparra leher-zorian
. (Kohelet, 12, 5)

Antonio jakintsuari, frantziskotar xume zenez, bere sermoietan aldenaz alde antzematen zaio bizidun guziekiko zuen estimu berexi ta gozo aparta. Maitasunaren hanpulu punpuilutsuaz ari zaigularik, Abesti Ederra liburutiko hitzak jaulkiz eta zeinen handitu ederrean ikusten diren kontuak eta gauzak, hala ari zaigula, ixtant batean, eskritura saindua ia buruz zekienez, hor pasa zaio burutik beste handitze hanpurutsu gaiztoago bat; eta salto egin du bertara, Koheleten hor goiko hitzak buruan dituela: Zertarako balio digu umegitear den saltamatxinoaren tripa gizenak? Baina, adi hurrengoari: hortxe amaituko da haragikeria, hor lehertuko puztu-puzturik den kaparra. Kaparra baita giltzurrunen inguruan eta hankarteetako zukuetan gizentzen den akain edo lakasta. Kaparra eta lizunkeria bihotzaren poz ase hanpatuak uxatzen baititu.

Antonio santuaren latin arin eta jariatuari erreparatzen diot tarteka, gustuz; gaurkoan baita harrittu ere: gure kaparraren latinezko hitza capparis aurkitu baitiot: bai, bai, hiztegira jo dudalarik, latinez eta grekoz, bietan, kapparis. Hara non gure kaparra, izenez behinik behin, zeinen aspaldikoa dugun.

800 urte eta gero

Heroi baten antzera da Jauna, borrokarako gartsu, gerlari baten antzera, gudu irrintzi zolia eginez, etsaiei bulartsu emanez.
Jaunaren ezpata odolez betea, gantzetan bustia dago: sakrifizioetako bildots eta aker gizenen odolez eta aharien giltzurrun-gantzez. Izan ere, sakrifizioa burutu behar du Jaunak Botzra hirian,. Bufalo, zekor eta zezenak, batera eroriko dira denak; odoletan blai geldituko da haien lurraldea, gantzetan bustia bertako hautsa