Entzungo bazenu honako albiste bat: X.X. jaunak bere alabatxoari, 4 urte betetzerako, norekin ezkondu aukeratua zeukion; 12 urterako ezkondurik zeuzkan biak; 19 urte betzerako Herman semetxoa, Sofia eta Gertrudis alabatxoak hazten saiatzen zitzaion. Zer pentsatu emango lizuke, ezta?
Asko pentsarazten duten horietako bizitza moldea zen, bai, atzo frantziskotarrok gogoratu genuen Hungariar emakume gaztearena, Isabel iaio ta baliosarena. 1207an jaio zen erret jauregian, Hungariako errege-erreginen alaba. Nik urte haietakoak gure Asisko Frantziskoren adinarekin neurtzen ditudanez, esan 25 urteko gaztea genuela Asisko ttikia. 12 urteko gaztea, Lisboan aldiz, Antonio gero Paduakotzat hartuko duguna. Erdiaroko feudalismotik irten ezinik dabilen sasoia dugu ordukoa.
Erret jauregietako martxa ta bizimodua ere halakoxea eta, Isabel nexkatoari zein printzipe emango dabiltz 4 urte ditueneko. Luis Turingiako Landgrafa pentsatu diote egokitzat eta halaxe, nexkari heziketa hartarakoxe emanik, berari askorik adierazi gabe, 12 urte betetzerako ezkonarazi dute gazte trebearekin. Baita begirune ta kopla handirik gabe 15 urte betetzear familia ekarrarazi ere: Herman izango du maiorazgo. Gero segido samar beste bi nexka. 19 urte beteta alarguntsa bilakatuko da, Luis senarra gurutzadan hilko zaionean.
Ordurako ordea, senarra gehienik jauregitik kanpo ezpata ta lantza jantzita zebilenez, Isabelek bere jauregian kabitzen ez ziren behartsuei laguntzen aurkitu zuen bere sendi berria. Asisko ttikiaren frantziskotar laiko sekularretakoa baitzen. Senarraren heriotz albistea iritsi orduko, Isabel bota zuten jauregitik bere 3 umeekin: 4 urte dizkio semeak, 3 betetzera doa Sofia, eta bat besterik ez Gertrudis besotakoak. Herman maiorazgoari dagozkion jauregi, terreno eta zerbitzariak, den-denak kendu nahi dizkiote. Ama, Belengo familiarekin akordatuko da eta Jainkoa eskertzen trebatuko. Bere senarraren ejerzitokoak gurutzadatik herriratzean, Herman 5 urte eginberriari itzuli dizkiote lehen erauzitakoak.
Baina ama Isabel, jauregitik eta bertako moldeetatik aparte bizitzeko erabakia harturik dago. Bere esku utzi dizkiotentxoekin, gaixo etxe handi zabal bat eraikitzen du, non eta bera izango den zaindari eta bertako gaixoenak eta behartsuenak bere esku propialez zerbitzatuko dituena. 24 urte zituen, 1231an hiltzean. Urte hortantxe hil zen, baita, Paduan Antonio fraile jakintsua. 5 urte lehenxeago Asisko ttikia.