Biak bat (III)

Parabolari oratu eta eutsiz, Leonardo Boff anaiak zer pentsa utzi digu, alai eta argiro, gizakia nola gizartiagotuko; alegia, gure jendalde ludi honetakoa nola eramango humanizazio bide goitiarrago horretara. Oiloegi, oilandegi bizi ote gara? Noiz iratzarriko dugu gure baitako arranoa? El Aguila y la Gallina da 112 orrialdeko liburuxka, Dabar argitaletxe Mexikarrak 1999an argitara eman zuena. Irakurri orduko hauxe idatzia neukan orritxo baxter batean:

Arrano hutsa ez, oilo-oilanda ere bai.
Oilo-oilanda bakarrik ez, arrano ere bai.
Arranoa oilo-oilandarengan bakarrik ez, oilo-oilanda arranoarengan ere bai.
Ez da soilik oiloa arranoarengan onartzearen kontua, baita ere jakin behar dugu noiz aurrera atera arranoa oilo-oilandagandik, eta noiz oilo-oilanda arranoarengandik.

Ez bakarrik materia espirituarekin uztartuta, baita bien ta biekiko eragin bizitzazkoa ere.
Traszendentzia eta inmanentzia banaka, ez; biak batera soil batuta ere, ez: baizik eta bien arteko elkarren eragin trukatuaren tirabuzoi trentzatu garbia, hori bai.

Ogi-gosea bakarrik ez, baita espiritualitate egarri bixia ere.
Ez bakarrik ni neroni eta arketipo legea: Barru barrenengoen baitako Eguzkia ere bai.
Ez bakarrik gizakiak oro, denak betean, baita Amalurra naturala eta Kosmos osoa ere.
Ez bakarrik bizia eta heriotza: baita piztea eta betiko bizitza ere.

Horra mende honetarako gaur daukagun erronka eta desafioa gure ludiko bizitzan. Erronka handi honi erantzun duinik eman nahi badiogu, hor daukagu bidea: gure baitako oilo-oilanda eta arranoaren arteko oreka dinamiko indartsua ongi gauzatu ta lortzean. Animo eta aurrera!

Bezperak entsaioan

Parabolaren bigarren atala biharko utzita, gaur arratsean bizitako zeru-puxketa nahi nuke agertu ta gozatuz luzatu.

Xora-xora, zozo-zozo eduki nau lizartxo baten punttaren punttan xut luxatuta zegoen zozo beltz lirainak berari so-so, adi-adi, soaldi luze etenbakoaren soan

Parabolatan (I)

Parabola bere xumean utzi zigun Anthony de Mello jesulagun argi hark. Xumeki, adierazgarri, bere xoil apalean:

Lagun batek arrano arrautz bat topatu zuen. Pozik bezain tentuz, etxera orduko han utzi zion, diximulu goxoz, lokapunttuan zuen oilo lumagorri pottola-pottola harixe. 21 eguneko, han zituen txitak eta beste txitoa pi-pi-pi-pi-pi-ka.

Hazibidean, goiz ta arrats, egunero, arranoa txita haien pare ibili ta jardun zen. Aztarrika ikasi zuen, oilandak eta oilarkuma haien antzera, xomorro ta xomorroki franko mokotazo axkarrez jan ere bai. Artaleak irensten ere bai: ur ttanttak, banan banan, lepoa luzatu eta mokoa gora jasoz edaten ere bai. Ahotsa loditxo ote zuen, baina txioka ta pioka suelto egiten ikasi zuen. Baita hegatsak astinduz jauzi jo eta metro batzuk airean hegaka egiten ere.

Urteek beren bidean jarraitu zuten: gauean kotan eta egunez aztarrika ta karaka, zahartzen joan zen arranoa ere, hegatsak pixuz beheraxeago

Eguraldi egokia

Halaxe deitu dio, akordua trabatu ez bazait, Andoni Aizpuru lagunak gaurko euri xarraxarrako atergabetxoaren bendizioa ekarri digun egunari. Atsegin zuen honelako jardun bustia, gaur 10 urte utzi gintuen Bitoriano Gandiagak, atsegin zuenez. Ez zuen ametituko bere aurrean honelako egun bati

Irrintzia intziri

Bilboko kaletan ibilaldi isilean, aurpegi irrifartsu pozgarrien artean, irrintzia genuen pizgarri eta pozgarri. Irrintziak alde banatatik, irribarre zabal solte abegikorren pauso urratsen kulunkan. Isila genuen ibilbidea, kale zabal jendez estutuen mantxotasun lasaian. Irrintzia pizgarri ezker espaloitik. Erantzun irrintzi pozgarrizkoa eskumakotik, intziri punttu goxoagokoz. Ordubeteko abiada geldoa, pausaldi irribarrezko gustagarrien poz pausatuan.

Udaletxeko eskilaretako zirrara malkotia ez dut berehalakoan ahantziko: irrintzia irrintziari, oihartzunari irrintzi, irrintziari oihartzun, bitan hogeitik gora, berrogei eta berrogehika intziri zirraradun suertatu zitzaizkion nire bularrari atzo arratseko irrintzi zirtolarien festa barean. Eskuin ezker, inguru osoa zen irrintzinaka ziharzuena.

Arantzazuko mendi bazterreko trokarteko urubi, mozolo eta hontzekin akordatu, berriz, ni, mozolotxo hau. Hauen lehen uhuhua deigarria, uhuirrintzi bihurtzen baita erantzunean, uhuhujujuhuu intzirizkatzen dutenean. Deiari erantzuna, erantzunari oihartzuna

Joxe Mari Zelaia

Herenegun bete zituen, ongi beteak eta osatuak bete ere, apaizkintza eman ziotenetik 60 urte: 1951n zen hori, otsailaren 17an, koarta-tenporetako larunbatean. Teologia ikasketen amaibidean, uztailean osatu beharreko ikasketak burutu aurretik eman ohi zitzaien apaizkintza, aldareko eta sermoigintzarako lanetan trebatzen joan zitezen eta. Pasadizoak zientoka gogoratzen dituen gure legorretarrak, irrifartxu irrifartxu kontatzen zigun, nola ordenazioko egunean bertan ere, teologia ikasleen maisuak, besteekin batera, eskolara derrigortu zituen.

Zaildua etorria zen gazterik Arantzazura, Ajoain baserritik, 12 urte betetzear, 1938ko sanMieletan. Gerraostea gogorra izaki, kalean bezala baserrian, ikasketak xuabe antzean eraman zituela gogoratzen zigun. Arantzazu ta Foruako lehen ikasketen ondoren, Zarautzen genuen nobizio 1943an, eta hantxe profesio gaztea ere hurrengo udan. Erriberrin filosofia urte bakarra eginda, Arantzazura bildu zituzten 1945ean; hemen, 2 urte filosofiakoak eta beste 4 teologiadunak osatuko zituzten basilikako otoitz eta kantu-lanekin batera.

Baina, ikasketa ohiko eta denentzako horien ondoren abiatuko zen bere 60 urteko ibilbide zaildu bezain ondroso isil emankorra. Mezaberria Legorretan eman eta gero, Erromara bidali zuten, hango Ateneo Unibertsitatean Elizaren Historia ikas zezan bi urtez. Ez Historia bakarrik, bi urtetxo horien buruan Teologia Dogmatikan Lizentziatura ere ikasirik genuen gure Joxe Mari. 28 urte bete aurretik, Erromako frantziskotarron aita Generalak Kopakabanara bidaliko zuen beste 8 fraile heldurekin batera. Orduan abiatzen zen Bolibiako Santutegi haretako frantziskotarrei hemendik lagunduko zitzaieneko historia berexia. Kopakabanako Ama Birjinaren santutegia dute han, Titikaka lakuaren ertzean, ia 4.000 metrotara dagoen paisaia harrigarrian eta munduko paradisu miresgarrienetako batean. Urrun eta bakardade gorrian, hori bai: La Paz hiriburua 155 kilometrotara gelditzen baita.

Hantxe lehen egonaldi luzea, ia 18 urtez: Komentuko lanak, batetik; santutegikoak ere bai, bertako biztanle indigenetako erromes ugari baitator; eta seminariokoak, non maisutza eman zioten hainbat ikasgairen karguko. Komentuko anaidian izan zituen, hain zerbitzala izanik, hainbat kargu ta betebehar; seminarioan, halaxe baitere; eta Santutegian, are eta gehiago, hainbat lan informal eta orduz kanpo desegokitzen diren horietakoak. 1970an etorri zen Tolosako komentura. Urte askoz segido, halako altura haietan bizibeharra, osasun trinkoena bera pipiak jotzeko lainekoa izaki, Tolosan urtepare bateko atsedenaren mejoria aprobetxatuz, berriro han da Kopakabanan, beste bi urtetarako. 1974an, abuztuaren 21ean, gure Arantzazuko Probintziak aginduriko eta laguntzeko eman hitza bete zuela pentsatuta, Bolibiakoen bertakoen esku gelditu zen hango prozesua ta martxa. Beste 4 urte egingo zituen Joxe Marik Tolosako komentuan, eta 1978an iritsiko zen geure txoko honetara. 32 urte ta erdi hauetan zenbat lan egin duen esatea, liburu lodikote samarra idaztea suertatuko litzaiguke.

Hor ikusiko duzue Arantzazuko basilikan, 84 urteko fraile begi bixidun irribarreduna, pauso oso mantxotuan, Titikaka inguruko 20 urte gazte haietako egonaldia luzeegia suertatu baitzitzaien bere bihotzari eta birikeei ere: pasara handixkoa eman nonbait. Laster beteko ditu 25 urte, bere bihotz nekatuari taupada markagailua lagun eman ziotenekoz.

Maite dugu, nola ez maitatu, solas hain atseginekoa dugun anaia eta denon laguna: oraindik kexa koxkorren bat entzuteko gauzka. Irrifarra guztiz naturala du: barrea ere bai, algaretara oso gutxitan iritsiko bada ere. Beti pronto, beti prest, beti mantxo, beti xume, beti berba garbiko, beti ahots apaleko, beti maitati

Otsail ilbete

Otsail ilbeteko laurdenkak ekarri nau blogera: astebeteko desengantxea nozitu eta gero.

Goizeko bederatziak 23 minutu gutxiago zen juxtu (9,37 erlojuetan) ilargi taloa bete-betean ikusi ahal izan dugunean, distizari eta lustre zurizko brillantinaz blai. Otsaileko ilargi betea, zeru argia parean badu, distiz berezikoz agertu ohi da. Zergatik hori? Itsas haizeekiko sasoia izanik normalean, zerua guztiz garbi agertzeak, hego tenplea lukeelako gogoko, eta hegoiak aireari umeldura jaten/edaten dionez, aire lehorragoa airositate argitan garden azaltzen baita: hortatik ilargi negukoen aparteko distizaren fama.

Baina, gaurkoan, otsailak 18 alkantzatu dituenean, nahi nuke seinala beste alkantzu kontuan hartzeko hau ere: eguna luzatzearen poderioz ia 11 ordutara arrimatu dela dagoeneko. Gaur goizean 12 minutu falta zitzaizkion, arratsean 11 minutu; bihar goizean, 9 minutu ta erdi; arratsean, 8. Etzidamu baita, datorren astelehenean alegia, 11 ordutara iritsiko egunargia: abinda onean doa, bina minutu, bi ta erdi eguneko irabaziz. Martxoaren 17an, ostegun eguerdiz, iritsiko dira gau-egunak parrean, elkarri bostekoa ematera.

Ilbeteak zer? Badira neguak koska jakin baten arrastoan ibiltzen dakiten horietakoak. Baina, aurtengoan, ez ilberri eta ez ilgora, ez dirudi giro kosketan pulamentu askorik dabilkitenik. Eman zizkioten sona seriotakoak, gutxitan bezain hotza eta normala baino euritsugotzat saldu ziguten neguaren pronostiko zientifiko haiek, Atlantikoaren bi ertzetatik anuntzioz bota zizkigutenean. Eskerrak anuntzio hutsal frakasatuetan gelditu direnik! Ilargia, bai ilberri ta bai iltzahar, bere bide disimulutakoan dabil. 48 ordutako itsas haizeekiko enbatak eta zaparradak ekarriko dizkigu aste hasierarako, baina, agudo adiskidetuko zaigu berriro.

Darwin eguna omen

Han behar dute jardunean, Bidebarrieta Kulturgunean, Darwin egunari omen, arratsaldeko seiretatik aurrera, Eduardo Angulo EHUko Biologiako irakaslea, Xavier Barcons fisiko eta Observatorio Europeo Austral Kontseiluen presidenteordea, eta Manuel Toharia Valentziako Arteen eta Zientzien Hiriko zuzendari zientifikoa

Biharamunik baote?

Gosearen aurkako 52 Ekinaldian datu zehatz ziztaleegiak ikusi ditut. Galdera batzuk sortzen dira datu negargarri horien aurrean. Sortatxo bat bildu dut hemen, mostra gazigeza suerta daitekeena: Joxe Antonio Pagolarenak dira ia denak. Zer pentsa uzten gaituzten horietakoak