Beldurra dominio (I)

Betikoa izan da beldurrez dominatzeko joera. Gaurkoari zuzenean begiratu gabe, honakoak irakurtzen nituen gaur, Jesusen garaiko Galileari buruzko kontuetan. Laborantzatik bizi zen jende xehearen zergak eta arazo trixteak biharko utzita, ikusagun nolako politika zaintzen zuen Erromak eta nola. Augustok bazuen bere moldea, beldur fruitu egokiak zemazkiona. Hala ikus daiteke JESUS. Hurbilketa historikoan, 29.or.

Pazkotako eskandalua

Errumaniar talde bat, 150 pasatxo, ijitoak tartean, Erromatik botatzen saiatu dira: baita mila euro eskaini ere, 500 erromako auzapezak eta beste 500 Vaticanoak, beren sorterrira ospa, martxa daitezen. Eskandalu eskandalagarria izan da pazko poza seko goibeldu diena. Elizako mezetara sartzen ere ez diete utzi: izan dira gaua eta eguneko ordu dezente, beren aurrak eta guzti, derrior euritan pasa beharrean aurkitu direnak. Esanetatik ekintzetara dagoen osin latzaz, sarri akordatu izan gara. Nik nahiago izan dut, harako 4 urteko Aitortxu mutilkoxkorrarekin oroitu, zeinari gupidatsuaren eta txeratsu laztanaren saria eman zioten. Zein jokabidegatik? Hara, 4 urte gaxteren lezioa, Erromarako ere ikasgai!

Edadeko aitton-amama bikotea zuen auzo. Batean, amamatxo hil zelarik, aitton xaharra han zegoen ezkaratzean negar batean. Mutikotxoa, hilehori kixkurren bixi planta guztia berekin duela, han doakio xahar doludunari aldamenera eta belaunetara igoz, apatx jarri zaio, amultsuki. Halaxe, bere kalpar kixkurrez okotza goxatuz, han dago aitton gajoa kontsolatzen

Huts hitsean hats hotsa (*)

Sekulan ez dezakegu Jesusen hilketak bere jarraitzaileei eman zien astindua zenbaterainokoa izan zen jakin. Ikasleek Galileara ihes egin zutela besterik ez dakigu. Zergatik? Jesusi zioten atxikimenduak lur jo al zuen? Jesus gurutzean hil zenean, hil egin al zen haien fedea? Edo, besterik gabe, beren buruak salbatzeko ihes egin zuten? Ez dezakegu ziur ezer esan. Hauxe besterik ez dezakegu baieztatu: Jesusen hilketa azkarrak, erabateko etsipenean hondoratzen ez baditu ere, krisi sakonean murgildu dituela. Federik gabeko gizonak baino gehiago, gertatuaz nahasita, arriskutik ihesi doazen ikasle deseginak dira orain, seguru asko. (Ikasleen ihesa gertaera historikotzat dute ikerle gehienek) Hauxe bai hutsaren hitsa!.

Hala ere, ulergaitza den zerbait gertatzen da, handik gutxira. Jerusalemera itzultzen dira berriro eta Jesusen izenean biltzen, tenpluko agintariek eta inperioko ordezkariek hil zuten profeta hura bizi dela denei aldarrikatzeko. Zer gertatu da, Galileako babeslekua utzi eta berriro Jerusalemen, tenpluko agintariek berehalaxe atxilotu eta eraso egingo dien toki zinez arriskutsuan, azaltzeko? Nork atera ditu beren koldarkeria eta noraezatik? Zergatik hitzegiten dute orain hain ausart eta sinesmen handiz? Heriotzara zeramatela ikusirik, alde egin zuten haiek zergatik elkartu dira berriro, bakarrik utzi zuten haren izenean? Erantzun bakarra ematen dute:

Jesus da hau!

Jainkoaren Erregetzaren Martiria da Jesusen Nekaldia eta heriotzekoak biltzen dituen txatala, Joxe Antonio Pagolaren JESUS. Hurbilketa historikoa liburuan. Luze aztertzen du ebanjelioetako pasadizo bakoitza noraino izan daitekeen benetan hala gertatua eta norainoxe, geroago hala, Itun Zaharreko txatalekin argi bila, esplikazioetan landua. 391.orrialdetik 426.eraino doa, pausoz pauso, hartan. Nekaldiko judizio ta epaiketan bezala, ezarri zizkioten iseka eta jipoetan aurrena eta gurutzepean kalbario bidean gero, jasanak jasan, bi unetxo apartatzen dizkizut, adierazgarriak benetan, eta historiaren arrasto arrastokoak. Hau Jesus da, historiko historikoa. Kristo-tik, anartean, ‘dena zekien’ gizasemetik gutxi dago hemen:

1. Honez gero itxarotea besterik ez da gelditzen. Goizeko bederatziak eta eguerdiko hamabiak bitartean josi dute gurutzean Jesus. Hilzoria ez da asko luzatuko. Jesusentzat unerik larrienak dira. Bere gorputza desitxuratzen ari den artean, itomenaren estuasuna ari da larriagotzen etengabe. Pixkana-pixkana, odolik eta indarrik gabe ari da geratzen. Haren begiek ia ez dute ezer ikusten. Ondotik, isekak eta hiltzear daudenen etsipenezko eta amorruzko garrasiak bakarrik iristen zaizkio. Laster hasiko zaizkio dardarak. Gero, azken arnasaren kurruka. (418.or.)

2. Hala ere, erreparo guztiak gorabehera, Markok jasotako oihua: