Matematikarik baleki

Nori eta haizeari erakutsi matematika? Akabo! Ez zen ez aire eta ez haize izango. Ez dago kristaurik (hala esan ohi zen nire etxeko sukaldean) airea matematikaren lezio ta hesi karratuetan lotuko duenik! Ni gehixeago ausartuko naiz: Ez dago Aita Jainkorik, Bere eta bere Semaren Aire librea inoiz lotuko duenik!

Hauxe baita, hauxe baitugu, gure txoko bakoitzeko eguraldiaren erantzulea: aire xume mantxo kalmoxoa batzutan, aire haizetua, bestetzutan; haize haserre desegokituz malapartatua, inoiz.

Klimatologiako datuak profitatuz, matematikak ematen digu batezbesteko ohiko eguraldi joera. Baina, hori ez da joera besterik, eta batezbestekoa. Haizeak eta bere arima den aireak, eguaro ta giro propialak, aro bakoitzari dagozkionak prestatzen dizkigu.

Gu bizi garen tokian, Iberiar penintsularen iparreko golkoaren txoko berexituan, zortzi haize, ta bakoitza ongi seinalatua, baitauzkagu. Eta zortzietatik bakoitzak, mantxoago nahiz haserrexeago, ekarri guztiz ezberdinak eta anitzak oparitzen baitizkigu. Jakina, datorren tokitiko etorrian, hangoxe generoa eta bertako fruitu naturalenak ekartzen dizkigu: itsasotik datorrenak, esana dago, itsasoko uraren emariak. Penintsulako ordoki altu lehor idorrak zeharkatuz datorren haizexkak, terraje hartako iharra, besteak beste.

Aurten 8 haizeen bisita izan al dugu, akaso? Ez.

Iparrak (N) ez du apenas mutturrik sartu. Frantzipar (NE) edo haizegorriak ere, ez du tarte garbirik hartu oraingoan. Ekialdeko (E) nafar haize ongarriak ere oporrak hartu ditu aurtengoan: berau izan ohi da egonkortasun luzetxuena ekarri ohi diguna; lastima! Hego ekialde (SE) mediterranear airosidadeekikoak ere, ez du gurekin ezertxo ere jakin nahi izan. Giro epel buru aringarri horretakorik ere, ez zaigu egokitu. Andaluziako hego (S) erreak ere ez du bisita asmorik azaldu: uda partean, hobe! (Halere, badirudi asteburu ta astelehen hurengoetan Afrika aldeko lamada beroaren berri eman nahi digula, laburtxo batean bederen).

Ezagunago ibili ohi da, normalean, hegomendebal (SW) harroxka. Gaur zortzi egunok apuntatzen hasi ginenetik, keinualditxo pare bat egina du, erdi diximuluan bederen.

Aipatu dizkizudan 5ok, N, NE, E, SE, S, ez gaituzte bixitatu. Beraz, W mendebal aipatuaren uda, eta SW eta NWren esku joan daiteke gure hurrengo aroaldia.

Horien zehaztasunak, eta besteen keinuttikiak, nondik nora ibili diren, bihar saiatuko gara ikusi eta zertzelatzen.

3 thoughts on “Matematikarik baleki

  1. Bai! Horiexek dira hain zuzen ere nire apunteetan nabarmendutakoak: mendebala nagusi, batzuetan garbia, bestetan SW nahiz NW.

    Oso deigarria egin zaidan beste

  2. aize mota bi bat hegoa hegotik datorrena epela eta eromena sartzen duena herritarren artean, bestea ifarra hotza eta ifarmendealdetik etorri ohi dena,gero tarteka aize eruntsi handia urtean bi aldiz izaten dira, normalean abendu inguruan, baina martxoan ere ezagutu izan ditut

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude