GureAita ekomaitasunez

Gure Aita,
basoan eta itsasoan zaudena,
basamortutan eta hirietan bizi zarena.

Santua bedi zure izadia,
indartsu, biziaz gainezka,
hala bedi zure kreazio ederra, garapen aparretan ipini diguzuna.

Betor gugana zure jakinduria,
gure eskuerara utzi duzun edertasun handia zaindu dezagun,
uraren bizia, loreen txukuna eta ortzadar dotorearekin batera,
eguzkiaren printz epelak eta amalurraren errai emankorra,
lurpeko atseden fresko iluna, den-dena mantentzen asma dezagun.

Egin bedi zure borondatea,
Zure irudi eta antzeko gizaki jator portatuz,
kreazio biziduna kutsagabe mantentzeko ardura onar dezagun.

Emaguzu gaur eguneroko berdetasun berriberria,
belaze ta mendiotan, baratzetan eta baita hilzorira doakigun lur gajoan ere.

Barkatu gure ardugabekeria,
Zugandik jasoa ez zaintzeagatikoa, guk, maitasuna medio,
kutsatzaile tematsu guztiei barkatzen diegunez gero.
Hertsatuki eskatzen diegu eten dezatela behingoz
ludiaren suntsipen eta xautze lan oro.

Eta ez gaitzatzu utzi desertifikazioan erortzen,
ez baitu sortzen heriotza besterik,
zure esku ona ukatu eta bizia hustu besterik,

eta libra gaitzatzu konformismo guztitik,
gu guztion bizitzak dinamismoz lora daitezen
eta lur azala bizi berdez berregin dezagun.

Amen. Bedi halaxe.

2 thoughts on “GureAita ekomaitasunez

  1. Agerikoa ongi azaltzen jakitea, diotenez, artea duk. Asmo onez beteriko hire otoitz hau buruan sosa baizik ez daukatenei helarazi beharko hieke.
    Gure inguruan errekak, basoak eta, orokorrean, Natura kutsatzen eta suntsitzen dituzten bitarte ia apokaliptikoan, gaurko idazki hau aldarri izan daitekek. Oinarrizko puntu batzuei errepararazteko balioko duena.
    Begira gaitezen bihotza eta burmuina hilik dutenengandik.
    Egon bizkor.

  2. Dotore idatzi duzu Pello, aitagurea. Oso egokia gaur egungo garai hauetarako, fededunentzat eta federik ez dutenentzat ere balio du.

    Segi bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude