Joxe Mari Zelaia

Gaur goizean, zortzirak aurretixe, gu mezerdira iritsiak ginenean, orduantxe utzi gaitu, errezo batean antsika bi egun pasa eta gero, gure anaia maitagarri Joxe Mari Zelaiak.

A zer bi JoxeMari joan zaizkigun 90 egunen barruan! Hernaniko Pagoagakoa aurrena, onaren onenetik denentzako zuena, hura lehenbizi. Legorretakoa orain, onutsaren onentsuena irrifarrean denentzat zeramana, gaur goizean. JoxeMari Zelaia Zunzunegi zuen bere grazia: 85 urte gaindituak, 60 urte apaiztu zenetik eta 67 Zarautzen fraile gaxterik egin zenetikoak.
Arantzazuko basilika hasiberritan eman zuen meza eta ordukoxe bidali zuten Erromara, bere buru argi eta bihotz lasaia profitatuz, Erromako Antonianum ikastetxean Teologiako Lizentziatura lor zezan. Baita agudo eta probetxuz atera ere. Handik Boliviara 1954an, Arantzazuko bi dorre ttikienak amaitu eta dorreluzea amaiera bidean genuenean. 20 urtetik gora bete zituen Bolivian mixiolari, Kopakabanako Ama Mariaren Santutegian batzuk, Titikaka lakuaren 4000 metroz goiko mailako aire xaretuegian, birikak ezin behar bezala asetzen zitueneko egoera nekagarrian. Hala zioen berak: hango urte batek 20 hilabeteko nekea eransten zion gorputzari.

Tolosako San Frantzisko gure komentuan egondu zen hurrena, 3 urte pasatxo lan-da-lan, zerbitzu etengabekoan, irrifar atergabean, denen lagun, denek maitatu eta estimatua. 1978az gero, Arantzazuko anaidian izan dugu bere presentziaren ditxa eta bere zerbitzu kontinuo ta segidakoaren zorion bedeinkatua. Inoiz gelditu ote zen ohean jaiki gabe?

One thought on “Joxe Mari Zelaia

  1. Gizaki baten neurria bere adixkideek dioten aintzateste-mailak erakusten dik hobekien. Eman diguan azalpenak ederki aski erakutsi ziguk nolakoa zen goierriarra.

    Haren hutsunea ez dik nehork beteko, baina idazki honi esker dolukideago gauzkazue. Osasunarekin gomendatzeko.

    Egon bizkor, sekula baino bizkorrago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude