Xabier artista!

Komunikabideetan gaztigatu bezala, atzo arratsean egin genuen gure Xabier Alvarez de Eulate artista eta anai frantziskotar handiaren hileta Erriberriko gure elizan. Bidenabar, esan dezadan, gure BERRIA egunkari honek argi asko eman zuela bere bizitzaren pasadizo nagusien ilada luzea, atzo, orrialde osoan. Han ageri zenez, arte bide berrietara irekia azaldu zen beti Xabier: Oteitza bere lagunak emaniko giharre eta kemen-bultzada guztiekin eskerroneko.

Estimatzeko anaia genuen fraileon artean. Bere umore zabal aberatsak miresten ninduen ni bereziki. Filosofia ikasten Erriberrin egindako 3 urteetan bezala, gero ere han igarotako nire astebeteko egonaldi banakakoetan bere bizitzeko ikuspegi hain ireki zabalak erakartzen ninduen bereziki.

Umore apartari buruz kontakizun eta pasadizo asko ditugu gure artean, bere bizitza luzean zehar gertatu edo eman direnetakoak. Nik biziki estimatzen ditudanen artean, bere ikasle garaian, festegun berezietan abestu behar zituzten euskal kantei, gerraosteko debekuak gainditu beharrez, hala asmatu zizkien erdal-hitz berexi ta barregarriak daude. Aurkitzen ditudanean gustura ekarriko ditut txoko honetara.

Bere ikuspegi zabal eta beti irekiaz, berriz, asko estimatu izan diot sermoia eratzeko bide argia; baita, ebanjelioko pasarteak emateko exegesia ere; nola ez, liturgia ulertzeko ta jasotzeko zuen irekitasuna; eta, bere margo-tailerrean ziharduen bitartean eta bere gelatxoan ere, Euskadi Irratia entzuteari ematen zion tarte oparoa. Sentitzen zuen gaztetan euskera ezin ikasi izana; baita, bere fraide ibilbideak ere hartan lagundu ez izana; eta Erriberriko urteetan, gramatikaz gainera, Eiko hainbat programa izan zituen gogoko eta lezio ederrenak, berak eskerronez sarritan aitortu zidanez. Xabier margolari hain ezagunaren baitan, apal asko baitziren ongi ornituak, bere frantziskotar bizitza ondrosoa betetzen ta edertzen lagundu ziotenak.

Gaur, bere errautsak Arantzazuko kanposantuan dagokion txokoan utzi ditugunean, hegoekialdetiko euria genuen, jario hain berezi segidoko berdindu horretan. Baina, arratseko 3etan hasi eta ordu ta erdiz, aspaldi ikusi ditugun elur maluta handi ta garbienak, tximeleta xuri zabalen pare, hor jausi dira bete-betean. Aire oso garbia zen orduan, euritakoa baino gardenagoa askozaz; aurtengo elur emanaldi oparoena, eta halere, ez du itsatsi, ordu ta erdiz mara-mara jardun duen arren

One thought on “Xabier artista!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude