Euri asko?

Euri askorik ez, baina marigorringotxoa ittotzeko lain bai. Eta horrela, ezin jakin biharko arorik…!

Euri askorik ez, diot, hurrungo intxaurren pareko sonak bagenituen ere, udaberriko axeri girotan gelditzen baitoa.
Euri eta iguzkia, karakolen besta, diote hor goi aldetik. Halere, oraindik barraskilorik ez da abiatu gure inguruotan; are gutxiago, zizarerik. Ez da sasoi euritsuen seinale.
Euri eta iruzki, azeriaren deia, diote iparraldetik.
Euri eta iguzki, azeriaren ezteiak. Uria ta iguzkia, axerien bataioa. Aurreko erranairuen tenpleko giroa dabil inguruotan.

Gau-egunak berdin

Atzo, martxoak 16, goizeko 6:24an atera zen eguzkia; 18:23an sartu.12 ordu izateko minutuxka bat falta zitzaion egunari: 11 ordu ta 59 minutu. Gaur, aldiz, martxoak 17an, 6:23an atera da eguzki jauna, eta 18:24an sartu. 12 ordu ta minutu bat izan ditu egunak. Hara, martxoaren erdian, argiaren orduak eta gauarenak pare-parera etorriak. Egunak gaua, harrapatu eta pasa, gainera.

Bihar, 12 ordu eta 4 minutu. Etzi, San Jose egunez, 12 ordu ta 7 minutu: hori da martxa, hori! Egun pare bat gorabehera, penintsulako ordokietan bazekiten inguru honetan ohi dela egun ta gauen berdinketa: El esposo de Mar

Loreak eguzkitan

Aste ederra bota digu: aro estimatzekoa. Natura irrika punttuz. Ta ni non aseko! Loratxo hori-horiek erosi dute nire arreta, haietantxe fijo itsatsiaraziz. Hantxe belazean nituela bezperatik nenkien arren, goizean ez nuen arrastorik topatzen. Bezperan hori zabala zen buruko galdorreria, dena berdean batu eta disimulatua gordetzen baitzidaten. Txikori-belar edo sorgin-belar deitu diogun lora hori-hori zabal-zabalari, txima guztiak eguzkitara ahalik eta hedatuen, hantxe gozatuz egotea gustatzen zaio: eguzki argiaren mu

Pitxi ta pentsamentu

Irakurt-pitxietan kokatu dut hau. Berdin koka nezakeen Pentsumentalen atalean ere. Irakurri orduko pitxi baten argipoza sortzen dizu. Barruko sokaren tirazoa ta ezpalen lotura extua ikustean, berriz, arrazoiak hain egoki kateatuak aurkitzean eta, azken galderaren osin sakona neurtaraztean

Mezanagusikoa

Eskatu didaten lagunei amore emanez, hara garizumako 3.igande honetako mezanagusiko homilia

Zer ikusi ote du Jesusek horrela haserretzeko? Lehendik zekarren ozpinez minduta bere gogoa: ezin zuen eraman Aitaren presentziaren tenplua tamaina horretako merkatu eta salerosketa negozio egina ikusi beharra. Dabidek haundimaundikeriaz jauretxe dotore erraldoia jasotzean, han ageri zen gizakion harrokeria Jainko otxantasunez estaltzeko tentazioa: debozioa gure ekintzen amantal piadosoa. Eta merkatu guztietan ohi denez, behartsuak galtzen, beti bezala: emakumeena eta pobre behartsuena zen orduan ere, egoera latzena.

Hangoa eta ordukoa ulertzeko, Jesusen hau bere betean baloratzeko, jauretxeak orduan zuen zentzu sozialaz nahiz esanahi teologikoaz puskatxo bat jabetzea komeni zaigu. Gaur badugu haruntza hurbiltzeko parada: Joxe Antonio Pagolaren liburutik jaso dizkizuet orduko hainbat zehaztasun. Pazkoz, israeldar orok opari on bat eskaini behar zuen: idia edo ardia sendi ahaldun eta duin-ustetsuek; uxo bana, behartsu ta juxtuantzean zebiltzanak. Baita, israeldar bakoitzak jauretxean zergatan utziko zuen zilarrezko txanpon nagusiaren erdibanakoa ere. Gero, hor zetozen egindako gaitz eta kutsatze guztien ordainak: jauretxean opari egin behar zen pazkotakoaren antzera. Eta makurrenak, emakume gajoenak: hilekoa izan orduko, uxakume pare bana; seme-alabak izatean, mantxa hori garbitzeko, ume bakoitzaren sari, arkuma gazte urtekoa eta usapala sendi normaletakoek; bina usakume, berriz, behartsuenek. Horiek denak odolustu, eta koipedun gantzak Jainkoari eskaini ta erretzeko, eta gainerakoa otorduan jateko.

Jakina, tenpluan ez zen ametitzen azienda zikinik edo pagano atzerritarrei erositakorik, orbaina ta mantxa berekin zeramatelako; ezta ere, ez zieten amatitzen txanpon normalik, auskalo nork kutsatua izan zatekeen eta… Horrela, jauretxeak bere bankua eta bere diru propioa zeukan: trukean beti irabazten edo galtzen da, ezta? Eta beti bezala, beharrean zetorrenak zuen galera nahiz galeratxoa. Aziendak eta artaldeak ere jauretxe inguruetan zaintzen ziren, garbi ta kutsadurarik gabeak, puru mantxagabeak; noski, garestiagoak ere bai, pazkoz-eta jendeari saltzeko. Han bertan zeuzkaten hiltegi eta garbitokiak, harategi ta erretokiak, narrua lantzeko tailerrak ta saltokiak eta dena… negozio ikaragarri eta itxuragabea. Milaka morroi langile jauretxeko jai handietarako behar zirenak, enpresa erraldoi potente hura mantenduko bazen. Den-dena ordena zuzenean joateko, guardiak eta soldadu mordoska ere bazuen jauretxeak. Eta, badaezpadan ere, Erromatarren soldaduak guardian Antonia deitu dorre altuaren goiko terrazan, ezer gerta orduko, hantxe euntaria bere mendekoekin airoso presente agertzeko. Hau dena Jainkoaren bendizioa lagun, Jaunaren ustezko legez eratua. Eta inguruan, noski, judutar erradikal zintzoenak, zelotak; farisearrak, moderatuxeagoak; hantxe baita, idazle edo idazteunetan jakintsuak; oligarkia ttikiko saduzearrak ere bai; eta bertan, apaizen kasta hedatu numerosoa… denak bizi ziren hango merkatu handitik.

Barka hau dena zehaztu badizut, nahikoa prosaikoa baita. Baina, Jesusen ezina eta tenploarekiko bere tripakominak ulertzeko, uste dut beharrezkoa dela. Biblian erreparatzen baduzu, ez duzu profeta askorik ikusiko tenplu inguruan azaltzen: eta zein ederki ematen diguten Jainko borondatearen berri: Errukia nahi dut, ez opari ta sakrifizioak, gogoratzen zaigu garizuman bertan. Joan bataiatzailea bera, Zakarias apaizaren semea, Jordan ibaitik haruntz biziko da: israeldar zintzoak, bizitza osoan barna, garbitu ezinik egin behar dituen sakrifizioekin ez du ezer jakin nahi: Joanek, bihotz berrituz, bataio bakar batekin lotzen du Jaunarenganako bidea. Eta hantxe eta harekin ibili zen Jesus bera ere: Jainko Aitaren maitasuna eta gupida zituen bihotzean; maitasun eta gupidaz biziz nahi zuen eraiki Aitaren erreinua seme-alaba zauritu eta behartsuen artean; ezin zuen ametittu 660 prezeptuen armiarmasaretan kateatuta bizi beharra, eta gutxiago sare itxi horretan harrapatuekin, oparien aitzakian, Jahve Jaunaren etxekoek halako negozioak egitea, eta hainbeste jende zintzousteko, behartsu tristeen bizkar bizitzen ikustea.

Zeinu handi latz eta ondo prestatua egin nahi izan du Jesusek haruntza azaldu deneko: jakinik, honek guztiak ondorio latzak ekarriko dizkiola: Sanedrinean hau aurpegiratu zioten lehenik. Tenplu handi bikaina, 46 urte luzetako lana eta izerdia merezi duena, berak bestelako gorputz batez, bere berpiztuaz, eta Aitaren seme-alaben gorputz banakoenez ordezkatuko baitu. Jesus ez doa jauretxea garbitzera, ez; garbituarekin lehengoan jarraituko luke: ilekoa izan duen emakume gajoak, opariz garbitu arren, hurrengo ilekoan hartantxe jarrai beharko du. Jesus tenplu eder hura, merkatalgune egina, errotik ordezkatzera doa: badaki zertan dagoen Aitarekiko harremana. Zergak, diruak, txanponak, aziendak, ardiak, uso, usakume ta usapal, denak, ez dira Aitarentzako aitzakiz negoziatzekoak, baizik Aitaren seme-alaba kuttunentzat partituz enpleatzekoak.

Jesusen ekintzari begira, hara detaile politta: ardi eta idiekikoen diru-mahaiak, ahaltsuenen eta dirudunen oparitarakoak, denak irauli eta diruak lurrean piririka sakabanatuz bota ditu. Behartsuen mahaian, aldiz, bestela portatu da: Uso-saltzaileei, kentzeko eskatu die samurki, ez die mahairik irauli: