Udaberri lezioa

Atzoko kolore margo ta forma hain bistosoen mozkorraldiak jarraipena eman dit eta asea gaurko ordu luzeetan. Hainbat xehetasun ta bitxikeria erreparatzeaz gainera, paisaiaren osotasunak asebete nau, geldiro, astiro ta mantxo jarraituz ikuspegi bakoitzari, goraxegotik bezala beheko apaltasunetik.

Astiro ta mantxo esan dudanerako, ordea, sei asto koxkorrenmantxotasun apalaz akordatu naiz. Izan ere, dozenaz goitiko gereziondo eta okaran zuri beteen azpi ta inguruan, han zeuden, mantxo guztiz, bost asto beltxaran eta bat txuriarrexka, seirak emeak. Begirada guztiz apal ta xaloa. Bekain gaineko bi antena luzeak, alde banatara bezala, alboka ere jirabide xumean artez zuzentzen dakitenak. Mantxotu naiz neroni ere, haiei luze, belarberde bixia jaten begiratuz, presarik gabe.

Gauza bat falta zitzaiela ohartu naiz: niri erreparatu didate, bai; baina ez alboan eta gainean zeukaten edertasun zuri beteari. Ez diote zentzurik ematen udaberriko edertasun oparoari. Alta, batek bere bizkarra gereziondo gazteari zirri ta zarraka arraskatuz, hainbat lore xuri goiko adarretatik botarazi dizkionean.

Ez diote ikasi udaberriari leziorik ederrena, gu gizakiontzako dena: zentzuak esnatzeko izaki urtearen pauso udaberriko xarmanta. Bixtak aise ikusten du, erreparatzea du zailago gure zentzu onak. Usaimenak, fin aittu ta sentitu behar horretarako, gozatu lurrintsurik har dezake, iratzar orduko. Eta entzumenaz, zer esan? Birigarroen txorrotxio ozen nekaezina gutxi balitz, zozo ugarien emana daukazu nonahi, albo orotatik deika, aterrezin eta lotsabako.

Eskerronezko koplak asmatzen ekarri nau gaurko arratsak etxe aldera, zentzuen mozkor bete eta mantxoan.

One thought on “Udaberri lezioa

  1. Neguko gogortasunetik sasoi honetako goxotasunerat iragaiten duk hagitz tarte llaburrean. Antzutasunetik joritasunerat. Gosetik asebetetasunerat. Gure eskualdean udaberri-bedatsea duk urtarorik ederrena.

    Ez zekiat gure barridearen astoak edertasun zuri beteari erreparatu dion, nolanahi ere den aldarte hobean zegok egunotan astotxoa, tripa bete izanak alaituko zioan gorputza aldameneko karrikakideari.

    Egon bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude