Ilargia esames

Negu ta udaberri, herenegun hilabeterokoen peskizan ibili ostean, niri neuri gustatzen zaidan kontabilitatea nahi dizuet mostran ekarri. Udazkena aparte utziko dut, zenbakiekin larregi ez konplikatzeko.
Iaz, abenduan, Santa Luzia egunez izan genuen ilberrittoa. Euriz etorri zen, baina ilargialdi osoan, urtarrileko 11an hurrengo ilberria iritsi zen artio, 52 litro besterik ez zuen utzi. Aldiz, eguzki egunak aporrillo eman zituen, batean gutxiago, bestean gehixeago: 24 egunetan agertu nahi izan zuen eguzkiak, neguko egunik laburrenak zituen arren, 179 ordu bixtan eman zituelarik.

Baina, etorri zen etorri, hurrengo ilberritxoa, urtarrilaren 11koa. Biharamunean hasi eta, segido, 15 egunez bota zizkigun 365 litro euritan. Ilbetea errespetatuz, 5 egun eguzkitsu eman zizkigun urtarril azkenekoak, baina, otsailaren lehen 10 egunetan, hor bota zizkigun beste 219 litro. Ilargi urtsua, aspaldian bat izan bada: 584 utzi zizkigun 25 egun negukoetan.

Otsailaren 10ean iritsi zen beste ilberria. Lau egun lehenbizikoetan, 95 litro. Hau ere lehengo bidetik ote dator ba? Baina, 5 egun eguzkitsu eman ostean, ekin zion elur xehe maluta ximur ttikiarekin, eta halaxe 6 egunez, zaparrada tamainako erauntsirik bat bera ere gabe, 56 zentimetrotarainoko elur manta utzi zigun, hotz eta hotz. Hain justu, udaberriko koarta-tenporen emana izan genuen hori: Eguzkia lehen egunean, gero segidako 6 egun elurtsu, eta koroa beste eguzki egun batez erantsi zion. Eta hurrengo beste 12 egunetan, eguzkia oparo eta lauzpabost euri xirimiri. Ilargi xelebre samarra, benetan: Lau egunetan ia 100 litro; gero 6 elur-egunetan beste 60 litro, baina ia beste guztia, eguzki gozotan. Neguko garai xelebreenak izan genituen horiek.

Martxoaren 11an zetorren hirugarren ilberria. Zer ekarriko ote du? Martxoko 11an, trumoi eta elur abiatu zen. 91 litro bota zituen 8 egunetan; 4 egun eguzkitsu eman goxagarri eta, martxoaren azken beste 10 egunetan, 106 litro. Apirilaren lehen 8 egunek beste 77 erantsiko zizkioten. Denera: 274 litrotxo, 3.ilberriak ere.

Txinkoka nola datozen ilargiok, ea zer dakarren apirilekoak. Iritsi da apirilaren 10ean, eta eguzki beteko dozenerdi bat egun oparitzen dizkigu lehenbizi. Hurrena, 3 egun euritsu. Berriro, 5 egun eguzkidun. Azkeneko seiak euritsuak. Eta, berriro, beste 7 eguzkitsu. Eguzki orduak gehiago, euri litroak baino. 176 litro euri.

Hara, ilargien txinko-saltoen estanpa:

Abenduan Santa Luzitan abiatuak: 52 litro euri; aldiz, 179 ordu eguzkitako.
Urtarrilean abiaturikoak: 584 litro, 25 egunetan.
Otsailaren 11an abiatuak: 160 litro 10 egunetan

4 thoughts on “Ilargia esames

  1. Zizurkilen Atez Atekoaren alde hire argazkia eta arreta ikusi ditudanean, asko poztu nauk. Ba huen zentzuzko posturak eta interes polikorik gabekoak azaltzeko garaia. Animo eta jarrai bide horretan!

  2. Hi, Txantre, larunbat goizetan hasita neok daoneko. Etzi goizean, aurtengo gartak eman beharko ditiat. Xiberu aldetik ‘gartak’ deitzen ziotek: haaxek benetako karta edo mapak. Hala ikasi nioan Junes Casenave maisu handiari.

    Pello J.Aranburu: eskerrik asko zuri. Garaia da, bai, naturari lagun diezaiogun. Hainbeste murriztu dizkiogunean bere baliabideak, nora iritsiko gara, bestela!…

  3. Hutsa: “Baheki zeinen hits suertatzen diten…” jarri beharrean “Baheki zeinen hits suertatzen diren” jarri nahi nian.

    Arras berri ona, egia erran hondar larunbat goizetan aisa berantago piztu diat irratia. Honetan adituko diat, esnaoilarra paratuko diat, badaezpada ere.

    Egon bizkor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude