Zorion, zorion!

Zorion Berriari, bai, eta Zorion bikoitza Alex eta Landerri! Zorion argi ta betea opa dizuet, Argiaren zoria, Rikardo Arregi, aurten 25.a gainera, kazetarien sarien aurre-aurrean, puntaren puntan aurkitu zaituegulako. Sari estimaturik badut, bat izatekotan, hauxe, Argiakoa, argiena suerta zitzaidalako, ta halakoxea delako. Aupa zuek, eta taldeko guztiok!

Kulturaz pobreak

Hala entzun nion orain gutxi lagun bati Afrikar nazio eta bertako biztanleriari buruz ari ginela, datorren larunbatean baitugu Arantzazun han bertako kulturaren alor pare batez jarduteko aukera. Ni txoratzen nago ja, arratsaldeko haien dantza saioarekin gozatu oparo bat hartzeko.

Kultur pobrekoak, kulturaz pobreak, noski! Bada liburuxka bat, Cuentos para pensar deritzana, Jorge Bucay jaunak apailatua, benetan pentsarazteko tamainakoak dakartzana. Hangoxe bat etorri zitzaidan burura, honelatsu dioena: Turista bat baomen zebilen beltxaranen nazio batean, zesuman hango herritxoetan. Eta, halako batean, kanposantuetako hilarri mordoska batzuen artean dabilela ohartu da. Izenak hantxe, eta zenbat bizi izan den dio oroitarri bakoitzak: Abdul, 5 urte, 8 hilabete eta 4 egun bizitu zen. Yamir, 8 urte, 3 hilabete eta bi egun. Ihanir, 2 urte, 10 hilabete eta 15 egun

Den-denean denaz

Gustura irakurri nituen, beste sasoi batean, ikasleei gomendatzeko liburuen bila, Erich Fromm maisuaren batzuk. El arte de amar apartatu nien. Banituen han, gustuz azpimarraturikoak. Atzo, hemen bertan, errabino juduarena ekarri orduko, haraxe jo nuen, bertan azpimarraturiko tartetxoren batekin akordatuta. Presaka honelatxu itzulita, jasoko duzulakoan, hauxe bat:

Gure barruan biltzea, atentzio indarrak metatzea, badakigu derrigorrezkoa dela zeozer zaila saiatzeko, soinua jotzen ikasteko edo; zenbat eta finagoa soinua, orduan eta denaz bilduago pranta behar baitu batek: biolina ongi jo nahi bada, adibidez. Gure kulturak, ordea, adarretatik zehar garamatza, ia denean halaxe, gainera: atentzio falta, konzentrazio eza, norbere barruan biltze hori, gero eta zailagoa dela dirudi. Beti zeozertan, eta ahalik eta gauza gehien aldiberean egiten, halaxe gabiltz: irakurtzen goazen bitartean, irratia piztuta, hizketan hartara behar dugunean, zigarroari zupaka, mokau ederrik jan ere bai, parera badator, edan ere, noski baino noskiago