Ilargia esames

Negu ta udaberri, herenegun hilabeterokoen peskizan ibili ostean, niri neuri gustatzen zaidan kontabilitatea nahi dizuet mostran ekarri. Udazkena aparte utziko dut, zenbakiekin larregi ez konplikatzeko.
Iaz, abenduan, Santa Luzia egunez izan genuen ilberrittoa. Euriz etorri zen, baina ilargialdi osoan, urtarrileko 11an hurrengo ilberria iritsi zen artio, 52 litro besterik ez zuen utzi. Aldiz, eguzki egunak aporrillo eman zituen, batean gutxiago, bestean gehixeago: 24 egunetan agertu nahi izan zuen eguzkiak, neguko egunik laburrenak zituen arren, 179 ordu bixtan eman zituelarik.

Baina, etorri zen etorri, hurrengo ilberritxoa, urtarrilaren 11koa. Biharamunean hasi eta, segido, 15 egunez bota zizkigun 365 litro euritan. Ilbetea errespetatuz, 5 egun eguzkitsu eman zizkigun urtarril azkenekoak, baina, otsailaren lehen 10 egunetan, hor bota zizkigun beste 219 litro. Ilargi urtsua, aspaldian bat izan bada: 584 utzi zizkigun 25 egun negukoetan.

Otsailaren 10ean iritsi zen beste ilberria. Lau egun lehenbizikoetan, 95 litro. Hau ere lehengo bidetik ote dator ba? Baina, 5 egun eguzkitsu eman ostean, ekin zion elur xehe maluta ximur ttikiarekin, eta halaxe 6 egunez, zaparrada tamainako erauntsirik bat bera ere gabe, 56 zentimetrotarainoko elur manta utzi zigun, hotz eta hotz. Hain justu, udaberriko koarta-tenporen emana izan genuen hori: Eguzkia lehen egunean, gero segidako 6 egun elurtsu, eta koroa beste eguzki egun batez erantsi zion. Eta hurrengo beste 12 egunetan, eguzkia oparo eta lauzpabost euri xirimiri. Ilargi xelebre samarra, benetan: Lau egunetan ia 100 litro; gero 6 elur-egunetan beste 60 litro, baina ia beste guztia, eguzki gozotan. Neguko garai xelebreenak izan genituen horiek.

Martxoaren 11an zetorren hirugarren ilberria. Zer ekarriko ote du? Martxoko 11an, trumoi eta elur abiatu zen. 91 litro bota zituen 8 egunetan; 4 egun eguzkitsu eman goxagarri eta, martxoaren azken beste 10 egunetan, 106 litro. Apirilaren lehen 8 egunek beste 77 erantsiko zizkioten. Denera: 274 litrotxo, 3.ilberriak ere.

Txinkoka nola datozen ilargiok, ea zer dakarren apirilekoak. Iritsi da apirilaren 10ean, eta eguzki beteko dozenerdi bat egun oparitzen dizkigu lehenbizi. Hurrena, 3 egun euritsu. Berriro, 5 egun eguzkidun. Azkeneko seiak euritsuak. Eta, berriro, beste 7 eguzkitsu. Eguzki orduak gehiago, euri litroak baino. 176 litro euri.

Hara, ilargien txinko-saltoen estanpa:

Abenduan Santa Luzitan abiatuak: 52 litro euri; aldiz, 179 ordu eguzkitako.
Urtarrilean abiaturikoak: 584 litro, 25 egunetan.
Otsailaren 11an abiatuak: 160 litro 10 egunetan

Bi ikuspegi

Bi ikuspegi edo kontamodu, kontumodu eta zenbatzemodu ipiniko dizkitzuet. Nik hilabetekakoari baino gehiago begiratzen diot ilargiz ilargikoari… Hori geroxeago dator.

Baina kontuak eta datuak hilabeteka nola apuntatuta biltzen diren, ba horiei begiratu beharko lehenik, elkar ulertu nahi badugu kontu-konta ta zenbatzemodutan.

Hilabeteka goazenez, klimatologia luze bateko datuak behar ditugu, nahasmenetan trabatu nahi ez badugu. Alegia, hamar urteko datu zerrenda, laburtxoa gerta daiteke, ta agudo galdetzen da kaletik:

Ekainaren 19an

Orduantxe, gaur 50 egun, izan zen azken euri soinu eta tantan hotsa. Ordutik hona, uztailaren 20 gaueko ekaitz tanto bakan ta gutxi batzuk aparte, ez dugu ez erauntsirik, ez eurijasarik, ez zaparradarik izan. Bart gauekoa ere ez da zaparradara iritsi: eurittiki, eurixka bettea deituko nioke, ez baitzen ez motel eta ez bakan; xirimiriaren oso gertukoa, tanto formaletara iritsi ezineko ttanttan gaxte zirimiriagoa. Baina, nik amesten nuena, nire kutizia bere xuxmurrean baitzegoen, hala bart zuhaitz hostajearekin xuxurlamin ibili da, eta bart urttikien sinfonia gozatu ahal izan dit; gauean birritan, alaiki, esnai, iratzar pozetan, leihotik entzumena txintxilixka

Urak dakarrena

Badu estimaziorik, nola ez bada, bizia bada?

Gaur heldu zaizkit Espania aldeko eurien kontuak. Irailean hasi eta abuztu azkenerakoa hartzen da urte meteorologiko ofizialtzat: hori horrela, kontent eta pozik dira penintsulako gure lagunak lehen sei hilabeteekin. Udazken-negualdiak hartuta, penintsula eta Kanariar irletan, irail-urri-azaro, oso lehor, euri gutxiz, iharrak penatuta joan zitzaizkien. Gureotan, 605 litro oparitu zitzaizkigun: batezbesteko 444ak 161ean gaindituta.

Abendu-urtarril-otsail-martxoak, ordea, iazko pena siku ihartu guztiak gainditu eta, bai Andaluzi aldea, baita hego-mendebaldea, Extremadura nahiz bi Gaztelaldeak, urez gainezka, zopatuta utzi dizkiete.

Gurean, urtarrila izan genuen salbuespen, bi elurte eta guzti: batezbesteko 192en aldean, 286 baikenituen. 114 litro gehiagoko horien emana estimatua izango zuen lurrak, eta eskerrak neguko bihotzeko hilabete horri, aldameneko beste 4 hilabeteak, apirila ere sartuta, neguak emankorrean portatzen dakiela jakinik, zekentxo pasa baitziren lauak ere. Abendaren eta otsail-martxo-apirilen ekarria hauxe genuen: 378 litro, eskastxo aukeran 120 egunetarako; urritxo, lau hilabete horien emana, batez ere, lauen batezbestekoa 660 litrokoa izan ohi dela kontuan hartzen badugu.

Espainia aldeko emana, zehazkiago nolatsu joan zaien? Begira:
Abenduak, normaleko batezbestekoa, orohar, bikoizturik eman zien.
Urtarrilak, %43 gehiago.
Otsailak, batezbestekoaren bikoitza; penintsularen erdialdean, Gaztelaldean eta, hirukoiztu ere bai.
Martxoak ere, urterokoa gainezka %50ean.
Horrela, aurten, udazken ta negu, irailetik martxoaren azkenera, zazpi hilabeteok hartuta, lehen 3 hilabete lehorrak barne, hala ere, azken 40 urteotako euritsuenen zerrendan, 3.mailan kokatu zaie Espainiako penintsulan (Portugali ixkin eginda, noski).

Badute, bai, pozik egoteko arrazoirik: euri bustiari dagokionez, ez dute krisialdirik. Zalantza, betikoa: zer ote datorkie udaldian?

Bitxiantzekoa

Herenegun artioko 56 egunetako euriak, ia bi hilabetekoak, eman dizkigu Arantzazun astelehen goizetik asteazken goizera, bi egunotako 48 ordutan. Atzoko erreka-marruen oihartzunetan, bihoa gaurkoan datu berexiantzekoa dirudidana. Alegia, 48 ordu nahikoak izan dituela, martxoaren 8tik maiatzaren 3ra arteko euri guztien kopurua berdintzeko. Euritsua ta umela izango omen zena, hara…

Martxoaren 7. ta 8.a, gehi 10. ta 11.a izan genituen aurtengo neguko azken elur-hautsen bisita ekarri zigutenak. Ordukoxetik hona, elur xelebre haien bi egun ere tartean ditugularik, denak iladan eta korroan hartu eta, 56 egun pilatuz, ia bi hilabete horietan, herenegun arte, 113 litro nituen batuak, 25 egunetan egin duelarik, dela lanbrotan, xirimiritan, edo ta euritantantsutan. Askoz gehiago espero zen baina, udaberriak pott egin omen du.

Bada, errepika nadin, astelehen goizeko lehen ordutik, gaur goizeko lehen orduotara, 48 ordutan, alegia, 114 litro utzi dizkigu maiatz maratzak. Bitxikeria besterik ez da. Horregatixe ekarri dizut.

Arroko erreka orroka

Arantzazuko trokarte sakon arroan, harro-harroan doa erreka harriarte barruan orroka. Azkenekotz, urtarrilaren 13-14etako 70 litrodun erauntsi gordinak medio jaitsi baitzen trumilka aurrena, kontukontari gero, solasttikian azkenik, harik eta SanAntonez, 17an, ahitu eta idor isildu ta izkutatu zen arte. Ordutikako eurijasak, jasa bainoago euri-zirinaldiak izan bide dira, ez behintzat erreka azaleratzeko pulamentutakoak.

Baina, atzo goizetik gaur eguerdira, bai. 24 orduren harilean 56 litro erauntsitu ditu, euri mardul eta elurbustitan, haize zakar baldar baldresenak zerizkionetara lagunduta. Goizean goiz, umil-trumilka “hemen nauk”ka hasita genuen erreka hor, hondo behean. Pentsa genezake, haize bidean doan erauntsi eta jasa, mendi bizkarretarago doazela plubiometro neurgailuen eztarrietara baino. Halere, 56 litro 24 ordutan, 63 litro pasatxo 30 ordutan, 75 ja, 36 ordutara edo egun eta erdira iritsi garenean

Euri epela

Euri epela deitu zioten inguruotan, aspaldi, euri ongarri hegoaldetikoari: landa hegolehortez egarritua zenekoari, batipat. Gaur arratseko euri epelari mihittoa luxatuz zegozkion orrihosto egarriz kixkurtuak. Haien poza eta tiratu beharra! Euri epeltxoaren xirrara, bai pozik jaso dutela soineko berdexka nola jantziko dabiltzan zuhaitz egarbera hauek.

Trumoi andana luze baten tartetik, euri gozoa iritsi da lurrera, gehiegikeriarik gabekoa, epelean freskagarri. Bihar bertan antzemango zaio landarediari, azken litro osotik 13 egun paseak baikenituen euri zaparradarik gabe. Apirilari

Ilargi aziotxoak udan

Uda lehor portatu da gure eskualde batzutan: zenbat eta barrualderago, idorraldi luzeagoak, gainera. Kostatik harik eta gerturago, orduan eta zarrastada eskas baina ugariagoak. Horrela, sanJoanetatik abiatu lehen berrogeialdia 18 jardunalditxotan 55 litro utziz joan zitzaigun. Uda sasoian lurra egarri somatzen da gaugiroko hezeduraz ezkotzen ez badu, eta landarediak ihartzera jotzen du. Hala, San Inazio inguruan zuhaitz batzuk baziren, hostoz erantzita lotsati ageri zirenak.

Bestelako alderditxoa, ordea, abuztuaren 6ko ilbetearekin abiatu zena: iraileko 4ko ilbetera arte, 100,5 litro utziko zituen, fronte eurizko bakartxo bat ere gabe, sirimiri hutsean, bixibixi, 17 egunetako jardun oparoan. Dozena bat zuhaitz badira, zumar, ezki ta elorri, aurten soineko berriz politto jantzi dituenak, baita berriro loratzera ausartu den elorririk ere, maiatzeko loraldiaren fruitutxoak gorriturik bertan dituela. Gandiaga Topagune ondoko Misterio eraikintxoaren aurrean dago elorri xarpa bat, batere lotsarik gabe. Ama naturak nola zaintzen dituen bere izaki kuttunak!

Halere, esan behar da, lainoberaren langar negar hau, 600 metrotik 900eko bitartean emana izan dela gehienbat. Euri fronte bat bera ere ez da arrimatu udako lehen hamabostaldiaren ondotik. Hain gertu dugun itsasotik errekagainetan gora mendi bizkarretara igo izan diren lainobera xirimiri ekarleak izan ditugu gurekin abuztuan. Horietxei esker mantendu da mendialde hau dena hain berdean, orlegi argi bezain beltzean. Bazekiten zuhaitzek aurten, hobeko zutela hostomantoi ahalik eta aberatsena jantzi, lainoari hezedura bixigarririk jaitziko bazioten. 100 litro ttanttanez ttantto emanak, eta auskalo hostotxo bakoitzak zenbat beste ttanttantxo kendu zizkion laino buxtiari.

Zein misterio du lainoberaren negar altura jakin bateko honek? 700dik mila inguruko altueran kokatzen da gure inguruotan. Tantan euritakoa osatzeko beste lodierarik eta hodei gorputzik ez duenez, langar ttantto ttiki ixuri maizko bixibixikoak, juntto-juntto uzten ditu airean behera zintzilikatuta, batzutan xirimiriaren tamainara ere iristen ez diren neurribakoak. 600 metrotatik behera ez dira bakan batzuk besterik iristen, azpiko aireak xurgatuz desagertzen direlarik. 1000 metrotik gora, berriz, lainobera gaineko matazatxoa besterik ez dabil, mendigaineko haize pulunpan, eta han ezin busti pulamentuz. Urbian, pentsa, Arantzazun baino askoz gutxiago egin du.

Irailaren 4an genuen aipatu ilbetea, abuztuko hilabete langarduna 100 litrotako opariz osatu zuena. Hurrengo 11 egunetan, 4tik 15era, euritantatxorik ez du ekarri. 15ean, azkenean, euri mardulxeagoaren pregoia. Eta 19ko ilberri ttikiak ekarri ditu gainerakoak, barrualdean benetako bendizio gisara, lur elkorraren egarria asetzeko tamainakoa.