Ukiezinak

Ukiezinak (The Untouchables) filmean sekuentzia kuttun bi ditut. Bata, Eliot Nessek eskopeta ematen dionean diru-kontulari betaurrekodun harrituari; bestea, filmaren amaieran, gobernuak alkoholaren salmenta legeztatu berri duelarik, kazetariak Nessi galdetzen dionean: “Eta orain zer egin behar duk?”. Eta FBIko agenteak: “Kopa bat hartu, jakina”.

Bart akordatu naiz eszenarekin. Performancea bukatu orduko, kopak altxatu eta topa egin dugu. Ez dugu egin espainola berreskuratu dudalako, aurriritzi eta zalantzen kontra merezi izan duelako baizik. Oraindik ez dut ondorio garbirik atera, baina badakit esperimentatze hutsak beste leku batera eraman nauela. Eta hagitz baliagarria izanen zaidala gaurgero.

Fernando Pessoak Do livro do desassossego-ra ekarritako gogoeta batez ere oroitu naiz. Eneko Herran lagunak erakutsi zidan aspaldi eta ordudanik usu erabiltzen dut: Uma rua deserta não é uma rua onde não passa ninguém, mas uma rua onde os que passam, passam nela como se fosse desert. Hots, kale mortua ez da hutsik dagoen kalea. Jendez beteriko kalea da, baina mortua balitz bezala dabil han jendea.

Hilabete honetako esperientzia irudi batera ekarri beharko banu, Pessoaren kale mortua aukeratuko nuke. Zoragarria izan da, zeharka besterik ez bada, kale horretako oinezkoei ohartaraztea eurek bilakatzen dutela mortu. Ez dakit, baina, asmoaz ohartu diren edo interesatu zaien. Hori beste kontu bat da, oso besterik.

Angel Errori kasu eginda, ez diot behin ere hegemonia hitzari heldu hogeita hamaika egunotako transito ttipietan, on egin die artikuluei. Baina amaiara iritsi naizen honetan berreskuratu nahi dut, Gramsciren zentzuan. Alegia, euskaldunok zentzuko (common sense) ikusten dugu erdaldunek errealitateari buruz egin definizioa. Eta ikusten jarraitu beharrean gaude geure burua zokoratuko ez badugu.

Zakurraren ipurdira, ordea, zentzutasunak oro. Lantzean-lantzean, bederenik. Zentzugabekeriaren alde, viva el mal, viva el capital! Ukiezinak gara dagoeneko, Ness eta O.K. Corraletik atereak ziruditen beste hiru agente haiek bezala.

Easy bizi.

Gutuna

Herrera de la Manchatik heldu zait gutuna, Xabier Balerdi preso politikoak idatzia. Ohiko postal polita da. Ekainaren 20ko data ageri du. Testuak, hil horren 11n berripaper honetan egindako elkarrizketa du hizpide. Kontuan harturik prentsa egun batzuk geroago iristen zaiola, irakurri berri. Animoak bidaltzen dizkit: “Osasuna eta egonarria, bietatik beharko baituk performance hori aurrera eramateko”.

Performancearen azkenaurreko egunean lehena balitz bezalako hitzak irakurtzeak hasierara eraman nau. Lau lagun Bartzelonatik gatoz autoz. Asmoaren berri eman diet brastakoan. Edo eman baino zehatzago bota, harria botatzen den bezala. Erantzuna automatikoa izan da. Haien begiek ikara, mesfidantza eta gupida adierazi didate. Baina nire azalpen teorikoei esker afera baretu delarik, haietako batek komentatu du: “Beraz, gaizki ulertzen ez badut, zuk ‘Euskaraz bizi nahi dut’ leloa eraman nahi duzu praktikara”.

Ordudanik sarri akordatu naiz harekin. Askok ez die batere zentzurik ikusten ‘Euskaraz bizi nahi dut’ aldarrikapenari. Barregarria ere iruditzen zaie. “Bizi, bada! Nahi duzuelako bizi zarete euskaldunok erdaraz” esaten dizute zinismo barik, beharbada hausnartu gabe zenbat faktorek eragiten duten hizkuntz-hautuetan.

Azken asteotan hamaika erdaldunekin izan naiz Bilbon. Batzuk ezagunak, ezezagunak bestetzuk. Leloari begira sekuentzia hauxe izan liteke: (“Euskaraz bizi nahi dut”). (“¡Pues, vive! ¿Quién te lo impide?). “(Arrazoia duzu). Lehengo astean tomate zoragarriak eman zenizkidan”. “Et, et, et, que ya sabes que yo no hablo euskera”. “Lasai, astiro hitz egingo dizut”. “Oye que no te entiendo, háblame en castellano”. Eta buklea osatzeko parentesi artean dauden lehen esaldi biak gehitu beharko genituzke.

Gaur bertan idatzia balitz bezala irakurri dut bigarrenez orain dela hilabeteko gutuna. Osasuna eta egonarria!

Tonika

Arrats partean Jabier Lauzirika Apoloren agurrean. Bilboko Kafe Antzokia lepo, hamaika euskaltzale eta lagun etorri dira. Maite zutenen hitzek, bertsoek eta kantek osatu dute haren erretratu alai eta bihurri xamarra. Andoni Egañak ezin egokiago ekarri du bertso batera. Gutxi asko: Apolo tonika bezalakoa zen. Lehen tragoa mikatza, bigarrena atsegin eta azkena maitemin.

Azken tragoak ahosabaian uzten duen zaporeaz abiatu naiz Hika-Ateneora. Adiskide min batek afari batera gonbidatu nau. Arabiako herrien kulturan oinarritutako afaria eta ikuskizuna da: 5 plater, 5 dantza. Jakiak dastatu ahala, Raks al Haia taldeak ekialdeko dantzekin gozatzeko parada eskainiko digu. Estreinaldia da. Gauean jarriko dute martxan aspaldiko ideia eta proiektua. Baina hori bai, adiskideak aldez aurretik ohartarazi dit musikaz eta bideoaz arduratu beharko dela. Litekeena da nirekin ezin afaltzea. Eta lasai egoteko, beste hogeita bost afaltiar izango dira.

Kale Nagusian behera noa langintza ezegokian. Hasia naiz irudikatzen eszena. Performancea amaitzear dagoenez, Leonardo da Vinciren Azken afaria kustomizatu dut: erdian ageri naiz kapela eta guzti, ezker-eskuin hogeita bost apostolu erdaldun ditudalarik. Burutapena, noski, bidegabea da. Zokoratzen ahalegindu arren, harako bidean behin eta berriro azaldu zaizkit antzeko tuneadoak. Izu-laborria eman beharko lidake, baina gustura noa.

Hikara iristean, lehen zaplaztezkoa. Dagoeneko jendea jesarrita dago hizketan eta ardoa edaten, baina ez mahai luze baten bueltan. Mahai txiki mordoa daude han-hemen sakabanaturik. Agurtu orduko, adiskideak jakinarazi dit bere lagun on batekin afalduko dudala. Ez daki euskaraz baina zer edo zer ulertzen du.

Eta afaria, hilabeteko performancea lez, tonika hura bezala joan zaigu afalkideari eta bioi: hasieran mikatza, geroago atsegin eta azkenik maitemin.

Aukeran, nahiago ez

Moby-Dick argitaratu eta bi urtera, Bartleby izkiriatzaile idatzi zuen Herman Melvillek. Errelatu bikaina, Juan Garziak egindako itzulpena beste. XIX. mendeko New Yorken, Bartleby abokatu baten bulegoan hasi da izkiriatzaile. Enplegatu eredugarria da. Halako batean, ordea, nagusiak agiri bat aztertzeko eskatu eta Bartlebyk “aukeran, nahiago ez” (I would prefer not to) erantzun dio hotz eta motz. Hurrengo egunean berdin, arrapostu lasai eta temati bera. Luze gabe, baina, Bartlebyk lanari berari aplikatu dio: aukeran, nahiago ez egin dagozkion zereginak.

Egoerari jasanezin iritzita, Bartleby kaleratzea erabaki du abokatuak. Baina, ustekabean, izkiriatzaileak bulegotik alde egiteari ere errefusatu dio. Horiek horrela, abokatuak bulegoa beste kale batera mugitzea beste aukerarik ez du ikusi. Eta hara ere bilduko da Bartleby, bere jarrera zipitzik ere aldatu gabe.

Arratsaldean Goizalde Landabasorekin topatu naiz. Ez dut akorduan zerk hartaratua, aitatu dugu performancea seguruenik performanceagoa izango zela nik enpresa pribatu batean edo administrazioan lan eginez gero. Bartleby hura ez bezala, ni ez bainabil bulego batean goizez eta arratsaldez zuzendari baten esanetara. Taberna bateko behargina edo funtzionarioa izanez gero, ezingo omen nintzatekeen espainiera barik bizi.

Eguneko lehen eguzki-zirrintak leihotik sartzeaz bat, Melvilleren pertsonaia misteriotsua gogora etorri eta, oraindik guztiz itzarri gabe, burutik ezin kendurik ibili naiz. Zergatik ez enpresa batean edo administrazioan? Aukeran, nahiago ez, hark bezala, setatsu. Intsumisioaren keinu gisa. Baina geroago, gosaritan, garbiago ikusi dut: nire Bartleby ez da intsumisioaren marka, normalitatearena baizik. Erdaldunei zerbait eskatu aldiro “aukeran, nahiago ez” erantzuten didate.

Ahalkea

Orain egun batzuk Kanboko Xalbador Kolegioko gaztetxo batzuekin konpartitu nuen esperientzia hau. Taldeka eta Bilboko hiritarrekin euskaraz soilik komunikatuz, Mixel Labeguerie kaleraino iristea lortu behar zuten. Denetarik gertatu zitzaien. Ahoskerari eta hizkerari erreparaturik, espainoldun zenbaitek uste izan zuten frantsesez ari zirela. Ikasle haietako batek umorez laburbildu zuen: “Badirudi beste mundu batekoak girela”.

Gaur Hegoaldeko hainbat gazterekin elkartu naiz, nagusiagoak. Ikastolen Elkarteko ingelesa-udaleku batean ari dira Sopelan. Kanbokoekin bezalaxe, nire bizipenen albiste eman diet ingelesez. Eta haiekin ere egin moduan, geroago Mixel Labeguerie kalea bilatu dute taldeka. Oraingoan ez zaie ezer xelebrerik gertatu. Espainoldun elebakar askorekin topatu dira baina, salbuespenak salbuespen, ez dute erantzun txarrik jaso. Ingelesa erabiltzeko aukera ere eman diet eta talde batek hizkuntza horri esker aurkitu du kalea.

Baina afera arras aldatu da ezustean proposatu diedanean ginkanaren bigarren partea: beste kale bat topatu baina taldeka barik, banaka, nor bere kasa. Eta hor komeriak. Hiruk esku ez hartzea nahiago izan dute, eremu nagusiki espainoldun batean euskara hutsez bakarka jardutea tumatxa zelakoan. Gehienak, berriz, animatu egin dira. Eta emaitza espero nuena izan da: ia guztiek onartu dute bigarren saioan askoz gehiago kostatu zaiela ezezagunekin euskaraz egiten saiatzea.

Lehenengoan babesa eskaini die taldeak. Bigarrenean, ordea, eremu arrotz batean bakarrik aritzearen zama sentitu dute. Eta bat etorri dira denak: lotsa. “Hasieran erantzuna ez bada positiboa, zein aldartez ekin hurrengoari?”. Bakarka, ahalke izan dira zenbaitzuk.

Neroni ere halaxe nabil egun hauetan. Taldearen babesa izan ezean, gehiago kostatzen zait. Ez naiz lotsa edo beldur izaten, baina aldea dago, aldea dagoenez, bakarrik ibiltzetik taldeka ibiltzera.

En euskera, por favor

Ez nabil eremu publikoan ziurtasun bila. Ez nabil bulegoz bulego funtzionario erdaldun triperrea non topatuko. Errazkeria litzateke.

Bilboko Udalaren baimenari esker, ni neu sartu naiz hiriko udaltegi bateko harrera-lekura. Bedelen niki zuria jantzi eta lehen hiritarraren esperoan gelditu naiz. Ez nago urduri, balirudike bizitza osoa eman dudala zeregin honetan. “Buenos días. Vengo a hacer un certificado del padrón”. “Egun on. En euskera por favor, eskerrik asko”. “¿Perdón?”. “Bulego honetan euskaraz hobeto” “No te entiendo, majo. No se euskera”. “Neuk ere ez espainolez. Mesedez eskumara jo edo, bestela, nire kideak lagunduko dizu”. Eta herritarra konforme geratu da. Ez diot bestelako azalpenik eman behar izan.

Goizean zehar jende askorik ez. Dena den, harrera-lekutik iragan diren guztiak harri eta zur gelditu dira ez lehenengoan, ez bigarrenean ez eta enegarrenean ere espainolezko hitzik ez entzutean. Eta gehienek uste baino hobeto hartu dute harrera zeharo ezohikoa. Bedel bi ikusi dituzte. Baliteke sumatu izana nire kideak noizbait espainolez erantzutea. Baina, nahiz eta barne-boz batek hori adierazi, ezin zezaketen jakin noiz arte eta noraino tenkatuko nuen euskararen soka. Eta zenbait kasutan euskarazko azalpenak eta ezin ulertuak luze xamar joan dira.

Hiritar bakarra asaldatu da. Bere burua euskarak estuturik ikusi eta gora-goraka hasi zait: “¿Pero es que aquí no se habla castellano?”. Lanjerra. Bedelak atoan azaldu dio performance bat egiten ari naizela. Ulertutakoan, barre eta guzti egin du. Gaitzerdi! Administrazioko lehen eta azken egunean, ez dute erregistro bidez nire kontrako kexarik helarazi.

Zain nauka hurrengo lan eskaintza publikoak.

Ongi etorri, Mister Marshall

Ez dira egun asko Jabi Lauzirika ‘Apolo’rekin egon nintzela. Beste askoren artean, Zenbat Gara eta Kafe Antzokiaren sortzaileetakoa, Bilbo Hiria Irratiko eta Gabriel Aresti euskaltegiko lankidea, bertsozalea eta Euskara Jendea dokumentalen bultzatzailea. Bilboko Done Bikendi aldean dagoen diamante horren alde distiratsuenetako bat.

Pako Aristik egunkari honetan idatzitako artikulu bat genuen hizpide. Euskal kulturaren egiazko neurriaz ari zelarik, Korrikak sorrarazitako soufle-efektua nabari zuen Pakok. Nik, berriz, “euskararekiko maitasun infinituaren souflearen” irudia baliatu nuen neurea ekartzeko: Mister Marshall sindromea.

Luis Garcia Berlangak Bienvenido, Mister Marshall filmatu zuen. 1950eko hamarkada da. Villar del Ríon (Soria) pozarren daude. Marshall Planaren aurkezpenaren aitzakiaz, amerikanoek bisitatu behar dituzte. Herritarrak berebiziko ongi etorria emateko prestatzen hasi dira. Egokiena delakoan, Andaluziako herri bilakatu dute beren herria (simulakroa). Baina amerikanoak herrian gelditu gabe igaro dira.

Korrikan Mr Marshall sindromea ikusi diet zenbait korrikalariri. Hiztun-komunitatea pasatu ahala Villar del Ríoko lasterkariek “americanos, os recibimos con alegría” abesten dute. Itxura batean uhin zentripetoek xurgatu eta, geroago, zentrifugoek kanporatzen dituzten arren, herritar ameslariak espaloian geratzen dira zirkinik egin gabe.

Hiru aste hauetan erdaradun mordorekin egon naiz. Batzuek badakite euskaraz, espainolez bakarrik bestetzuek. Baina den-denak espainoldunak dira hautuz eta egitez. Haietako zenbaitek amerikanotzat hartu omen naute, txaloka eta kantuka, konprenitu gabe auto-segizioa ez dela inoiz gelditzen.

Inoiz ere ez. Berlangak ederki zekien, Apolok bezain. Malko bat eta beti arte.

Jokaerak

 

“Hizkuntza-praktika aldatzea ez da soilik kode bat aldatzea, jokaera aldatzea eta horrekin batera kasu askotan ‘pertsonaren disposizioak’ aldatzea ere bada” irakurri nion aspaldi Eduardo Apodakari. Hizkuntz-tipologia batetik besterako jauziak jokaera aldaketa batzuk ekarri dizkit niri ere. Inoren tema, kasketaldi edo, are, berealdiko haserretzearen aurrean asaldatu barik erantzuten dut. Adiskidetuago nabil munduarekin, ezin gusturago.

Espainolaren eta euskararen artean etengabe aukeratu beharrak sortzen duen estresa arindu dut. Bukatu egin da estres linguistikoa. Espainola ahaztu zaidanez, ez dut zirt edo zart zertan egin. Egia da han-hemen komunikazioan galtzeak nire helburuen eta beharrizanen kaltetan jokatzen duela, eta horrek bizi-kalitate kaxkarragoa ematen didala. Baina lehengo estresa desagertu da hein handi batean. Are gehiago, hasia naiz beste batzuei sumatzen estres hori. Solaskide erdaldun gehienek ez dakite nola jokatu euskara bakarrik ematen zaienean. Ezustean harrapatzea nire alde. Kasu gehienetan estres-adierazle ttikiak izaten dira: barre urduriak, sorpresa-begiradak… Baina tratamendu latzagoko erantzunak ere badaude. Gizonen bati sumatu diot ulzera sortuko zitzaiola euskaraz egiteagatik (ustez espainola ukatzeagatik). Eta laketzen naiz, gozatu, zamaren banatzeak dakarren asetzea da.

Azken astean sartu naiz. Gero eta duda handiagoak ditut, gero eta zailago zait pertsona eta pertsonaia bereiztea. Irudipena dut honezkero ekintza artistikotik irten naizela, performancetik kanpo nabilela, ni neu naizela, bestelako jokaera batzuekin armaturik. Ez, ez naiz irten, irudipen hutsa da. Baina beldurra sortu zait, beldur herabe bat, antzemanezina kasik, hilaren hamaikaz geroztik ez ote diren lehenagoko jarrera eta portaera negatibo batzuk bueltatuko.

Texaseko hilketa

Mundakara joan aurretik, Unamuno plazako kafetegi batera sartu naiz. Tabernaria eta biok euskaraz entzutean, ordura arte isilik egondako bezero bat kalakan hasi zaio hizkuntzaren gainean: Lekeitioko euskaraz dakiela, tardofrankismoan txapelokerrak gora eta txapelokerrak behera, eskolan ez dakit zer… Historia klaseak luze hartu du. Denbora osoan espainolez ari zaionez, lipar batez pentsatu dut gezurretan ari dela. Eta tabernariak aukera eman bezain laster, hitz egin diot.

Bezeroa ez da gezurtia. Bezeroak badaki euskaraz, polito gainera. Berehala damutu zait lehenagoko burutapena. Laranja-zuku naturalean ito dut, hurrupa ttikietan. Kitto agindu diot neure buruari, utikan pentsamendu ilunak. Baina bat-batean ez kittorik ez utikanik. Saihesteko aukerarik gabe, beste juzku bat bururatu zait: hi ez haiz euskalduna. Kasik engainatzen nauk, baina hi ez haiz euskalduna. Harrapatu haut!

Baliteke bart zine beltzeko Mikrofilm jaialdira joan izanak zerikusia izatea bigarren pentsamendu ilunagoan. Baliteke espainola ahaztu izanak eroarazi eta ni jainkotzea. Kontuak kontu, erabaki dut euskaraz dakien bezeroa ez dela euskalduna. “Hiztun” hitzaren esanahia moldatu dut: “euskalduna” ez da euskaraz dakiena, euskaraz egiten duena baizik. Euskara izate-hizkuntza barik, egite-hizkuntza, hizkuntza normalizatuak lez. Egiteak zizelkatu tipologia. Ondorioz, ikaragarri murriztu dut hiriko euskaldunen kopuru ofiziala neure Texaseko hilketan. Zilegia? Goiz zinematografiko odoltsu honetan dena da zilegia.

Azken aldion ugaritu egin zaizkit euskaldunak. Berdintsu gertatzen zaio hiriko aktore eta idazle ezagun bati, susmoa du bera izateagatik egiten diotela askok euskaraz. Eta Andoni Egañak ere kontu bera aletu zuen egunkari honetan bertan orain dela hilabete batzuk.

Ez gara ezer, (des)egin arte.

Arestiren Gorbea

Hiri-paisaia etengabean da aldatzen. Bilboko Alde Zaharrean, kasu, mundantza izugarria gertatzen ari da azken bizpahiru urteetan. Dagoeneko ingelesa euskarari aitzinatu zaio ostalaritzan, kanpoko kartelerian bederenik. La Kuina, Amarena, Gorbea, Kiosko, El Txoko Berria, Bikiak, Mercante, Arriaga… hamaika dira kanpoaldean karta espainolez zein ingelesez eskaintzen duten jatetxeak.

Dona-dona katona egin ostean, Gorbeara sartu gara lagun batzuk. Ate ondoan, ustez Europako iparraldeko azentuaz, espainolez egin digu harrera zerbitzari gazte batek. “Hiru bazkaltzeko” edo halako zerbait. Ez digu ulertu baina, ez bat eta ez bi, zenbat garen eta hamar minutuz itxaroteko prest gauden galdetu digu ingeles bikainean.

Egunero turista ugari sartzen diren jatetxean geu ere turista. Erabaki dugu ez duela zentzurik euskaraz saiatzeak. Garaia da ingelesak har dezan performancean aurretiaz erretserbatutako protagonismo ttikia. Gainera, atoan zerbitzari bera mahairatu zaigu. Ingelesez soilik dakarkigu menua eta, good speakers garelakoan, arin aletzen hasi da. Gure artean argitu ditugu oxtail (zezen buztana) eta sea bass (lupia) bezalako hitzak. Ederto moldatu gara. Eta Bilboko bihotzean Shakespearen hizkuntzan bada ere, bapo jan dugu.

Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean, bertan organizatzeko euskararen salbazioa” idatzi zuen Gabriel Arestik Bilbaoko kaleak poeman. Gutizia hutsa, zorionez. Bilbon geratuko zela argitu zuen poemaren azken bertsoetan. Egun Bilbaoko frankiziak-ek osatuko luke kartografia poetiko berria. 50 urte luze geroago, Gorbeia Bilbora etorri da ingelesaren salbazioa antolatzeko.