Hizkuntzaren loteria

Arratsaldean dendarik denda ibili naiz Indautxun. Lehendabiziko bietan dendari euskaldunekin egin dut topo. Asturu oneko seinaletzat harturik, administrazio-loteria txiki batera sartu naiz. “Arratsalde on, Primitiba egiten nator. Zein da orria?”. Enplegatuak ez dit tutik ulertu. Astiroago berrantolatu dut esaldia. “Ea ba, ez dizut aditzen” hark espainolez. Hirugarrenez ahalegindu naiz proposamenari abarrak kimatuta: “Primitiba egin nahi dut”. Baina ez dut erantzun positiborik lortu. “Kanpotarra banintz aisago ulertuko zidakeen”, aurrejuzkuan nik. Haren ateraldiak, aldiz, harri eta zur utzi nau: “Ez zara ezkutuko kamera horietako batekin grabatzen ari, ezta?”. Errepikapen eta, batez ere, keinu bidez ukatu arren, gizona ez omen da lasai gelditu. Aldegin baino lehen, adinak ematen dion eskarmentuaz oroitarazi dit: “Bilbon ez da inoiz euskaraz hitz egin”.

Ez dit zakar bota, luzaro izandako nagusitasuna bat-batean gal dezakeenaren beldurrez baizik (jakin badakien arren nagusitasuna arrakalezina dela). Garai bateko klixea da, seguraski laurogeiko edo laurogeita hamarreko hamarkadetan martxan jarria, hiriko euskaldun kopurua nabarmenki gora egiten hasi zenean. Eta oraindik ere zentzu handia har dezake: Soziolinguistika Klusterrak %3,2 inguruan neurtu zuen kale-erabilpena 2011n. Halako neurketetako emaitzek ez dute, noski, zehatzak izateko asmorik. Joerak bilatzen dituzte. Eta joerak dio azken 20 urteetan erabilera %4-%3 bueltan ibili dela.

Ostegunean Primitibak Bilbo sarituz gero, akordatu nirekin. Menturaz askoz gertagarriagoa litzateke hura tokatzea Indautxuko administrazio-loteria txikian ni bezalako beste bezero adarjotzaile bat sartzea baino.

Garitano Indizea

Iluntzean auzoko dendari batek jakinarazi dit hizkuntzek espazioak dituztela. Nik murtik esan gabe eta aldegin aurretik, konforme ez dagoenaren tonuaz argitu dit: bere dendara sartuz gero espainolez egin behar diot. Espainoldun elebakarra denez, haren denda espainolezko eremua da. Performancetik kanpo ibili banintz, euskaraz eta espainolez mintzatuko nintzaion. Hala ere, ondo konprenitu dut zer esan nahi duen.

Orain dela hiru urte gertatu zen Erandion. Udalak hitzaldi bi antolatu zituen herritarrei bosgarren edukiontziari buruzko informazioa helarazteko. Bata euskaraz eta bestea espainolez. Entzuleei opari bana. Jende mordoa bildu zen espainolezkora. Aurkezpena arazo barik burutu zen. Euskarazkora ere bildu ziren herritar asko, baina ez zen hain ondo joan. Hizlariak euskarazko azalpenak ematen hasi orduko, “ez dugu ulertzen!” altxatu zen ahots bat. Hark lasai adierazi zuen euskarazko berbaldia zela eta berearekin jarraitu zuen. Baina jende artetik atzera ere kexak, irmoago: “Ez dugu ulertzen!”.

Hizkuntza jakin batean ez badakigu, zerbait galtzen ari garelako sentsazioa handia ala txikia da? Galtze-sentsazio hori neurtuko lukeen indizeari Garitano Indizea esatea erabaki dut, Eibarreko entrenatzaile ohiaren omenez. Bilbon espainolez jakin ezean, zerbait galtzen dugulako sentsazioa izugarri handia da. Euskarari dagokionez, berriz, Garitano Indizeak oso balio txikiak erregistatzen ditu erdaldunen artean, hutsaren hurrengoak kasu askotan.

Baina halako batean, Erandioko aurkezpenean, Almeriako prentsaurrean eta auzoko dendan gertatu moduan, balio horiek azpikoz gora jartzen dira, Burtsako egunik beltzena bailitzan: erdian dagoenak bazter ikusten du bere burua. Eta egoera horrek aurretiaz sumatu ezin den erreakzioa dakar.

 

Bertatik bertara

Getarian eman dugu eguna. Aurten ere ez diogu hutsik egin urteroko hitzorduari. Badira sei urte hara biltzen direla opor-pasa aspaldi Dublinen ezagututako lagun batzuk. Haietako bat, Micheál, aski ezaguna da Harralde inguruan, hondartzan… Ingelesez eta gaelikoz soilik dakien arren, edonorentzat izaten du hitz goxo bat euskaraz.

 

Gidoiak zehaztu lez, eguna euskaraz, ingelesez eta gaelikoz joan da. Ez da ustekaberik gertatu. Edo bai, halako batean Micheálek serio samar esan baitu beharbada bera ere biziko dela gaelikoz hilabetez. “Aztertu behar dut ondo zein den helburua eta ze onura ekar diezakiokeen hizkuntzari”. Geu ere harritu gara, Micheál gaeltacht batean bizi baita gaurregun, alegia, eremu gaelikodun batean. Baina berehala argitu digu han ingelesdun elebakar ugari daudela eta, oro har, gaeltachten egoera okerrera doala egunetik egunera. “Zenbait gune urbano ingelesdunetan oso suspertze herabeak gertatzen ari dira, baina gaeltachtetan egoera gero eta okerragoa da”.

 

Micheál Annagry-n bizi da, Donegal konderriko herri batean. Donegal Irlandako finisterrea da, west end ederra, haize atlantikoak orraztua. Konderriak hogeita hamazazpi ordezkari politiko ditu eta haietako bat da Michéal. Seik ordezkarik dakite gaelikoz. Bik bakarrik erabiltzen dute batzarretan: batek oso noizean behin eta Micheálek agerraldi guztietan. Ondorioz, hamaika eledunek etengabean leporatzen diote aldibereko itzulpenaren beharrak dakartzan ezerosotasuna eta kostua. Ingelesez errazago, sinpleago eta, bide batez, merkeago.

 

Micheálek itzulpena behar du. Euskaldunok itzulpena behar dugu. Bilbo eta Donegal hain urrun eta hain hurbil. Denok dakiguna bizi eta beste talaia batetik ikusten ari naiz egunotan: erdaldun askok ez dute inoiz ezer ulertuko, Kortaturen kanta hartan bezalaxe.

Ama

Jakin aldizkariak eta UEUk antolatutako ‘Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian’ jardunaldietan BERRIAk egin streaming-i esker, adi ari nintzaion entzuten Idurre Eskisabeli feminismoaz eta euskalgintzaz: “…Oso umetan konturatu nintzen nire inguruan bazegoela zerbait ez zidana uzten beste batzuk bezalakoa izaten neska nintzelako. Adibidez, ezin nintzen klaseko graziosoena izan, txiste barregarrienak kontatzen zituena”. Argiagorik eta argigarriagorik ezin.

 

Une horretantxe jaso dut lagun baten WhatsApp mezua: “Txarto ari haiz kontu batean: ez duk jakin eszepzionala izaten, alegia ez diok hire buruari eszepzio bat (bakarra) egiten utzi, eta horrek heroi infalible moduko bat bilakatu hau. Uste diat rektifikazio bat egin behar duala, bakarra, bidearen erdira iritsitakoan. Eta salbuespen bakar hori duk: deitu egiok amari, joan hadi amarengana musu handi bat ematera, eta kontatu egiok zer moduz habilen eta galdetu egiok amari zer moduz dagoen… baina amaren hizkuntzan, kopon!”.

 

Hiru anai-arrebak kanpoan bizi dira. Urteak dira ama eta biok bakarrik gelditu garela Bilbon. Ez dit kargurik hartu egunotako ulertu ezinagatik. Are gehiago, ezin ulertuzkoaren azpian ulertze bat ere badago. Bion arteko komunikazioa, zertarako ukatu, oso hurbil dago hutsaren hurrengoa izatetik, baina orain arte behin ere ez dit espainolez egiteko eskatu.

 

Idurreren gogoetak inoren tokian jartzen lagundu dit. Horixe da azken beltzean ekintza honen helburuetako bat: inoren tokian kokatzea eta ikasten ahalegintzea. Lagunaren mezuak ere lagundu dit helburu berean, izugarri. Lehenik amaren azalera sartu naiz. Geroago, neurera. Datorren astean hura Lisboara joango da. Bide erdia eginda, performanceak darrai. Gauez ari naiz idazten sukaldean.

Trans

Naoufal eta biok zubia zeharkatzen ari gara elkarrenganantz, idatzi nuen atzokoan. Neure ukatzeak ari naiz hobeto konprenitzen eta menturaz gainditzen. Ohartzeak akordura ekarri dit Julio Cortazarrek El libro de Manuel-en sortutako irudia: “Jendea zubia zeharkatzen da zubia”, alegia, zubia ez da zubia jendeak zeharkatzen ez badu.

Beraz, subjektua eta ekintza ezinbestekoak dira zubia izan dadin. Subjektua indibiduala edo kolektiboa izan daiteke. Kasu honetan norbanakoa da. Neu naiz Cortazarren jendea. Nire ekintza indibiduala da, hori bai, kolektibora proiektaturik, Kixote ororen atzean Cervantes bat baitago. Bestalde, zeharkatzean datza ekintza, beste aldera joatean. Trans ekintza.

Zubiak ez dit ardura. Zeharkatzea zait axola, Koldo Izagirrek sortutako Agirre’tar Nikola Metxa hari bezala, ihesak antolatu ordez zuloak egiten zituena kartzeletara sartzeko. Performancea zirriborratzen ari nintzela ‘trans’ aurrizkia ezarri nion; Transitoak, izena. Izan ere, transek bi adiera ditu latinez: “zehar” eta “beste aldean”. Baina zeharkatu nora eta zertarako?

Feminismoari begira jarri naiz; urrutira gabe orain dela bost urte PutaBolloNegraTransFeminista Sareak deitutako matxinada transfeministari, non besteak beste hauxe zioen: “Emakume hutsa izateak jada ez digu balio. ‘Emakume’ subjektu politikoa motz geratu zaigu, baztertzailea da izatez, kanpoan uzten baititu bollerak, putak, belodunak, maritxuak, transak…”.

Orduz geroztik hamaika bider entzun dut transfeminismo hitza, azkena Itzi Zigaren Malditas liburuan. Eta egunotan hirian jitoan nabilenez, transeuskaltzaletasuna dabilkit buruan. Oraindik ez dakit zer den, baina zeharkatzearen eta beste aldean kanpatzearen beharraz ari zait kolpeka, dinbi eta danba.

Naoufalekin

Naoufal-ek Iturribide kaleko pizzeria txiki batean lan egiten du. Egunero ikusten dugu elkar, eta ohikoa izaten da gure artean “kaixo”, “salaam” eta “gero arte” esatea batak besteari. Hala ere, orain arteko solasaldietan espainolez mintzatu izan gara. Beti.

Rabat ondoan dagoen Kenitra hirikoa da Naoufal. Inoiz kontatu dit Kenitrak eta Bilbaok badituztela hainbat antzekotasun: bizilagun kopurua, hondartza hamar kilometrora dago eta futbol taldea Athletic Club deitzen da, gurea bezala. Kenitrako marokiarrek sortu zuten 1938an kiroletan nagusi ziren frantsesei aurre egiteko (baita la francophonie-ri ere, diot nik!).

Performanceari ekin nion arratsaldean bertan kebab bat jan nuen pizzerian. Hizkuntz-galtzeak hainbat kontu argitu zizkidan, ezezagunak guztiak ordura arte: baga, nik uste baino gehiago ulertzen zidan Naoufalek euskaraz; biga, bolada batez ikasi zuen euskara Iturribideko EPAn baina lanagatik utzi behar izan zuen; higa, izugarri maite du jendeari euskaraz entzutea eta nahiko luke ikasi; eta laga, ederto batean daki ingelesez.

Ramadamak baraualdia ekarri berri dio hilabetez Naoufali. Barre egin dugu, nirea hizkuntz-ramadama ez ote den, baraualdi orok dakarren garbitzea. Edozein delarik ere, hamabost egunean gure hizkuntz-ohiturak erabat aldatu dira. Orain euskaraz eta ingelesez eraikitzen ditugu solasaldiak. Eta horrek adierazi nahi du lehen, agurrak gorabehera, ukatzen niola euskara. Eta hari ramadamak baraualdia nola, hala gorpuzten eta sendotzen ari zait ohartzea performancean, Bilbon noraino, zer dela-eta, noiz, nola eta nori ukatzen diodan euskara.

Kenitrak “zubi ttikia” esan nahi du arabieraz. Zubi ttiki bezain hauskor hori zeharkatzen ari gara lehendabizikoz egunotan Naoufal eta biok.

Nekea

Martxan jarri baino lehen, amaiezin egingo zitzaidala ohartarazi zidaten performancearen berri zuten gehienek, zama handia nozituko nuela, pena bihurtuko zela, holandar alderrai eta Cantervilleko mamu bilakatuko nintzela. Martxan jarritakoan ere aletu didate kontu bera askok. Eutsi ere ez diodala egingo, batek baino gehiagok. Eta apostu egin duenik ere bada. Orduan, neure buruari onartu diot beharbada ikusten ez dudan zerbait ikusten dutela haiek.

Hamahirugarren eguna. Dagoeneko hasia naiz nekea sumatzen, baina ez neurea, hurbileko zenbaitena baizik. Kasu bakan batzuetan aitortutakoa da. Kanpoan bizi diren arreba eta anaia nagusia, adibidez, gustura ari dira nirekin ezohiko hizkuntza batean, baina ama irrikan dago lehengo komunikazio maila berreskuratzeko. Joan den astean, kanpoan zebilela, niri barik auzokide bati eskatu zion afera domestiko bat konpontzeko. Ez da nire hizkuntz gaitasun berriekin fido.

Baina ezin aitortuzko nekea ere bada. Eta berdin da jakitea ala ez zertan nabilen. Bost egunetan hiru bider joan naiz anbulategiko harrera-lekura. Lehendabizikoan harridura sumatu nion harreragileari; bigarrenean, egoeraren konprenitze egokia; eta hirugarrenean akidura. Noski, gertuagoko pertsona batzuen artean ere nabaritu dut, hizkuntz-talka nola edo hala saihesteko gogo eutsiezina. Ez da sekula hitzetan hezurmamitzen, era askotako ihes ttikietan baizik. Nintzen espainieraduna itzultzeko desio aitorrezina.

Ni neu, ostera, gero eta gusturago nabil oraingo hizkuntz-tipologian. Konforme nago, kasik modu beldurgarri batean jarrai nezake honelaxe luzaro, asfaltoan azala mudatu berri duen narrasti baten antzo edo, askoz hobe, Enrique Vila-Matas idazlearen pertsonaia baten lez, atzera begiratu gabe, hirian ustekabeko bihurguneetan barrena.

Kanboko ikasleak

Kanboko Xalbador kolegioko DBHko berrogei ikasle ingeles-udalekua egiten etorri dira Bilbora. Ikastolen Elkarteak proposaturik, arratsalde pasa egin dugu elkarrekin Alde Zaharrean.

Lehendabizi Plaza Barriaren erdian eseri eta ingelesez solastatu gara. Guztiak bat etorri dira: Miarritzen edo Baionan ezinezkoa da hilabetez euskaraz bizitzea. Josu angeluarrak bere herria ere gehitu du BAB osatu nahian. Angelun ere ezinezkoa. Eta Bilbon? Hizkuntzaren egoera zehatz zertan den ez dakitenez, ez dira erantzun bat ematen ausartu. Laguntzeko asmotan, ginkana bat proposatu diet. Izan ere, Lorea Agirreri aspaldi irakurri nionez, “…eten, zulo eta errebueltaz jositako ginkana baten antza du euskaraz bizitzeak”.

Santiago katedralera joan eta taldeak osatu ditugu. Euskaraz eta, bakarrik nahiko balute, ingelesez ere, jendeari galdetu behar diote non dagoen Michel Labeguerie kalea. Ez da erronka erraza: gurean oso jende gutxik daki euskal kantagintza modernoaren sortzaileak kale bat duela Alde Zaharrean. Kale ttikia da, hirian haren deitura bezain.

Euskaldun zenbaiten adierazpenei esker, hiru taldek aurkitu dute kalea. Kasu batean, gainera, bertaraino lagundu die hiritar batek. Baina gehienak, ostera, zuloetan eta errebueltetan korapilatu dira. Adinak eman xalotasunez mintzo zaizkit ebaluazioan: “Batzuek ez digute deus konprenitu eta pentsatu dute frantsesez mintzo ginela”; “gizon batek ez du ongi hartu, futitu aire batez erantzun du”; “badirudi beste mundu batekoak girela”.

Kanboko ikasleei ez zaie argi gelditu Bilbon euskara hutsez bizi daitekeen. Dena den, hogei minutuz Alde Zaharreko oinezko askori hitza oso besterik heldu zaie, nire bizitze hau biderkatu balitz bezala. Datorren astean batxillergokoak etorriko dira. Zain nago.

Ukoak

Espainola ukatu ala euskara eman. Iaz Athletic Fundazioak antolatutako “Letrak & Futbola” jardunaldietan, jokoaren eta sormenaren arteko harremanaz eztabaidatu zuten David Trueba, Amets Arzallus, Zuhaitz Gurrutxaga eta Coque Mallak, Naxari Altuna gidaria zutelarik. Hiriko usadioari jarraiki pentsa zitekeen, nahiz eta Altunak euskaldunei lehen galdera euskaraz egin, espainieraz egingo zutela, kontuan hartuta zinegilea eta abeslaria madrildarrak direla. Ametsek, berriz, euskara hutsez egin zuen. Hainbat lagun, itxura batean harrituta, aldibereko itzulpenerako entzungailuen bila joan ziren. Baina nik dakidala, ez mintzakideek ez entzuleek ez zuten haren jarreran espainolarekiko ukorik ikusi. Are gehiago, Truebaren eta Arzallusen artean sintonia bikaina sortu zen.

Aurreko blog-sarreran zehaztu bezala, erdaldun ezezagun batzuk ukoa ikusten ari dira nire portaeran. Ez omen diet espainolez hitz egin nahi. Ni, aldiz, ukatu barik, eman eta eman ari naiz. Euskara ematen ari naiz. Alde ederra dago. Erdaldun horiek keinu argiak bidaltzen ari dira: euskaraz egitea espainolez egin nahi ez izatea da. Bilbon, noski, normaltzat har liteke, normaren baitan. Gure Esku Dagoren aterkipean, ostera, ukoa emate bihurtu zait ingurukoen keinuetan, oasi batean banintz bezala (tira, oasiaren irudia ez da zilegia, Bilbo ez baita basamortua. Basa bai, baina ez mortua), babesleku batean. Baina ustekabean WhatsApp-mezu batek babes-eremua pitzatu du azken orduan: nirekin haserretu da adiskide bat, nire jokabideari ustez sektario iritzita. Aspaldi min batek kiskaltzen dio barrena, urteak dira hiritik joan zela sinetsita euskarak kanporatzen zuela. Bizimodu berriaren albo-kalteak dira. Pasatu egingo zaio.

Gidabaimena (II)

Blogeko iruzkin batean Etor Salazarrek jakinarazi digu 2006an Manchán Magan irlandarrak antzeko esperientzia jarri zuela martxan. The Guardian egunkariaren artikulu baten web-lotura ere atxiki du. Eta ezinbestean neure burua ikusi dut hartan, areago kontuan hartuta 1998an urtebete inguru eman nuela Dublinen.

Dublingo turismo-bulego batera sartu da Magan. Bertako langile batek ez dio ulertzen. Maganek, aurreko egunetan beste dublindar batzuen aurpegietan ikusitako izua eta frustazioa ere ikusi ditu haren bisajean (fear and frustration spread across their faces). Baina zera onartzen du: They were just trying to get through the day, after all. They did not need to be confronted by an unbending foot soldier of the Irish Taliban (Azken beltzean, lan-eguna bururatzen baino ez ziren saiatzen ari. Ez zuten zertan borrokatu gaelikodun talibanen armadako soldadu makurrezin baten kontra).

Ironia gorabehera, Maganek ez du inondik inora ahazten uneoro non dagoen. Dublinek eta Bilbok ez dute antzik elkarrekin, baina, hala ere, gogoeta ekartzeko modukoa da. Badu zerikusia atzo idatzitakoarekin (ikus “Gidabaimena I”): ezin dezaket ondorioztatu zentroko medikuak euskararen kontrako jarrera duenik. Are gehiago, aldeko jarrera ere izan lezake. Ez dagokit niri irakurketa hori egitea. Baliteke zakar jokatu izana izaera zakar xamarra baitu edo, ostiral arratsaldea izanik, nekatuta baitzegoen. Ezohiko egoerak gaindi egin zion.

Mediku baten kasuan bederen, egun deus ere ez ulertzeak jarrera aktibo baten albiste ematen digu. Aldean ukatze bat daroan hautu (inkontziente) fermua. Dena den, erdaldunen begiratu ugari garbi uzten ari zait neurea dela ukoan eraikitako jarrera.