Blackout

Hilabetez hizkuntza bat ahaztea erabaki dut. Ez da bat-bateko erabakia izan. Aspaldi nahi nuen, muturreko afasia artistiko batek eraginda, nire hizkuntzetako bat galdu. Eta, gauzak zer diren, bizi naizeneko tokiaren hizkuntza hegemonikoa aukeratu dut.

Murgildu baino lehen, El último tamborilero de Erraondo hartu dut apalategi batetik. Arturo Campionen liburuan, Pedro Fermin Izko, Ameriketan kasik bizitza osoa eman ostean, jaioterrira itzuli da. Erraondon guztia bestelakotu da: jendearen izaera, jantziak, kultura, hizkuntza bera ere bai… Gaztaroan utzitako herri euskalduna zeharo erdaldundu da. Jendeak, jende gazteak bereziki, barre egiten dio gaiztoz: ¡Nosotros no semos montañeses! ¡Guárdate tu vascuenz pa los d’arriba!

Menderatze- eta, are, ordezkatze-prozesuek oroimen-galtze kolektiboak ekartzen dituzte. Campionek ederki zekien hori. Orduan, neuk neure buruari, zer hoberik desmemoriatze bat baino hizkuntzen arteko harremanen muinera beste ertz batetik ailegatzeko?

Festa batez abiarazi dugu ahaztea. Giro alaian. Koadrilako lagun gehienak erdaldunak izaki, eraldatzea berehala zabaldu da ohiko harremanetara. Baina benetako lehen zaplaztekoa, berriz, Irune, Eider alaba eta hirurok etxe-atarira iristean gertatu da. Pentsio itxurako pisu batera oraindik orain bizitzera etorritako gizon bat berriketan hasi zaigu gazteleraz. Geuk, berriz, euskarazko hitza eman diogu. Gizonak, mozkorrik, atzerritartzat hartu gaitu. Eta, guk ezertxo ere esan aurretik, ingelesez ulergaitzean mintzatu zaigu.

Itzali egin naiz dagoeneko. Itzaltzeari blackout deitzen diote ingelesek, blakauta. Ikusiko dugu zer dakarren datozen egunotan. Hizkuntza bat ahazteko oroimen ona izan beharra dago, menturaz esango luke Groucho Marxek.

4 thoughts on “Blackout

  1. Apaaa!!! benetan zorionak ekimenagatik, Lutxo. Eta asko gustatu zait Grouchoren oroitzapenak iradokitako esaldia!! Hizkuntza ahaztea ez da erraza, ez da naturala! Baina norbaitek egin behar du ahalegina besteoi adierazteko zer dakarkigun hizkuntza bat derrigorrezkoa izateak! Irrikaz irakurriko dugu kaiera hau! Bye bye gizontxo!!

  2. Aupa Lutxo!

    Benetan interesgarria da egiten ari zarena! Baita erronka handia. Ni neu, Bilbon bizi naiz eta ez dut uste horretarako gai izango nintzenik. Gustora irakurri dut zuk idatzitakoa.
    Ah! Bide batez, ez zara idei hori izan duzun bakarra. Interneten kuxkuxeatzen behean dagoen horri hau topatu dut. Badirudi Irlandako egoera askoz tamalgarriagoa dela. Irlandan, irlandar bati turistentzako lekuetan (eta beste leku batzuetan) ez zioten irlanderaz hitz egin. Baina ez hori bakarrik, urduritasunez eta mespretzuz ere tratatu zuten. Beno, ziuraski ez da Irlandan bakarrik pasatuko.

    Animo ta besarkada bat!

    Etor
    http://www.theguardian.com/travel/2007/jan/05/ireland.features

  3. GALDERAK:
    Galderak datozkit burura, Lutxo! zer gauza normalagoa euskararn herrian euskaraz aritzea baino, ezta? zuk egiten duzun hori bizitza osoa daramate egiten euskaraz ez dakitenek, baina alderantziz. Seguru nago zuk gauza asko deskubrituko dituzula joko, ariketa… nahi duzun honetan. Niri galderak sortu zaizkit:
    Zenbat dauka sufrimendutik egunerokoak?
    Ulertuko ez dizun norbaitengana euskaraz jotzeko ohitura horretara ohitu zara?
    Zenbat erantzun txar eta zenbat on jaso dituzu?
    Zenbat gauza geratu zaizkizu egin ezinda hizkuntza hegemonikoa ez jakiteagatik?
    Giro euskaldunean etxean sentitzen zara? bertara jotzeo beharra sentitzen duzu?
    BUrbuja batean zaudela sentitzen duzu?
    Zu zara Bilbotar bakarra egoera horretan, badakizu, ezta?
    Inoiz horrelako ariketarik ez dela egin esango nuke. Ez al zaitu harritzen jarraipen handiagorik ez izateak??
    Izan duzu unibertsitateko irakasleren baten deia, zure performancea azterketaren bat egiteko baliatzeko proposatuz?
    Bukatzeko gogoa duzu?
    Azken egunean jende piloa hurbilduko bagina azken ekitaldira “beste bat, beste bat” oihuka… Publikoari kasu?

    Beste batzuk ere egingo nizkizuke, baina… zuzenean egingo dizkizut!!
    Aupa Lutxo!! Miretsita nago, benetan. Eta koldar sentitzen naiz, ez bainintzateke ausartuko, naizen euskaltzale sutsu, elikatu eta kontzientziatu honek, egun betekoa ere egiten!!!
    Eutsi goiari ta laster arte

    ark

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude